Kaskagorrik jaso du Aste Nagusiko txosnarik dotoreenaren “Kanpaia” aitormena
Publikoaren boto-gehiengoak hala erabakita, Kaskagorri konpartsari emango zaio 2019ko txosnarik dotoreenaren aitormena, eta txosnarik gatzgabeena, berriz, Uribarri konpartsari. Hartara, gaurtik aurrera ikur horiek egongo dira ikusgai aitormena jaso duten bi txosnetan. Kanpaia eta eulia gaur arratsaldean jasoko dituzte sarituek, iazko hurrenez hurreneko irabazleen eskuetatik, Kanpaia iaz irabazi zuen Uribarriren txosnan 19:00etan abiatuta. Ondoren, txosna batetik besterako kalejiran joango dira konpartsakideak eta haiekin bat egingo duten bilbotarrak.
Eulia eta Kanpaia aitormenen hamahirugarren edizioa den honetan, 2019ko Aste Nagusiko Kanpaia aitormena Kaskagorri konpartsak bigarren aldiz jasoko du, txosnarik dotoreenaren aitortza, hain zuzen ere; erabateko babesarekin lortuko du Kanpaia: izan ere, herritarren %70,14ko babesa jaso du.
Kaskagorrik ohikoa duen Asterix pertsonaiaren irudia aukeratu du bere 30. urteurrenean. Menderaezin txikia sutan marraztu dute gaur egungo hainbat bidegabekeriaren aurrean: Altsasuko gazteak espetxean, emakumeen hilketak eta Bilboko Udalak ipinitako isunak tartean. Gazteen dekorazioak zuzenean interpelatzen du ikuslea: “Eta zuk? Ez duzu ezer egingo?”.
Eulia eta Kanpaiari buruz
2007an abiatu zituzten Bilboko Konpartsek Eulia eta Kanpaia aitormenak, modu bihurri batean konpartsak zirikatzeko bi helbururekin: txosnen dekorazioa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahalegina indartzea. Konpartsen arteko sariak dira, eta dekoraziorik dotoreena duen txosnak Kanpaia aitormena jasotzen du; txosnarik gatzgabetuenari, berriz, Eulia ematen zaio. Txosnaren egitura, dekorazioa eta konpartsa bakoitzaren kapazitatea hartzen ditu kontuan aitormenak.
Bozka konpartsek Aste Nagusian egunero egiten duten asanbladan egin izan da urtetan, eta konpartsa bakoitzak bozka bat ematen zuen kategoria bakoitzeko. 2014tik aurrera, ordea, konpartsetatik erabaki zen bilbotarrok eta jendeak oro har bozka bidez hautatuko zuela Kanpaia eta Eulia zeini eman. Eta hala ebatzi da aurten ere.
Bada, Kaskagorri konpartsaren txosnan ikusi ahalko Kanpaia, Aste Nagusia bukatu bitartean. Eta Eulia, aldiz, Uribarri konpartsaren txosnan.
2007tik gaur arte Hontzak eta Eguzkizaleak konpartsek jaso dituzte kanpairik gehien. Hontzak konpartsak bost alditan jaso izan du kanpaia (2009, 2010, 2011, 2016 eta 2017). Eguzkizaleak konpartsak lau aldiz lortu izan du (2007, 2008, 2012 eta 2015)..