Polizia munizipalak konpartsakide bat bortizki jazarri eta hemeretzi orduz izan du atxilotuta

Aste Nagusiko asteazken arratsaldean, udaltzainek konpartsakide bat bortizki jazarri eta hemeretzi orduz izan zuten atxilotuta. Gertakarien aurrean, Bilboko Konpartsok udaltzainek erakutsitako biolentzia eta erreakzioa onartezinak direla salatu dugu. Jipoiak dira Udalak sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa: GEHIEGIZKO UDALTZAIN HASERREAK + MOZAL LEGEA = ERREPRESIO POLIZIALA ETA  INPUNITATEA, Aste Nagusian ere.

errepezioa

Aste Nagusiko asteazkenean, arratsaldeko seiak inguruan, konpartsakide bat bere laurogeita hamar urte inguruko amarekin eta semearekin jaigunetik paseoan zegoela, polizia munizipal batek telefonoa kendu zion eskuetatik. Konpartsakidea, harrituta, gertatutakoaren gaineko desadostasuna agertu zuen eta ez zien telefonoa eman izan nahi. Haren erantzunaren aurrean, poliziek konpartsakidea jipoitu, arrastaka eroan eta lurrean zegoela eskuburdinak jarri zizkioten. Ondoren, Miribillako komisaldegira eraman zuten, kalean utzita haren ama eta semea. Konpartsakideak hemeretzi ordu igaro zituen atxilotuta, informazioa ukatu zitzaion harengatik galdezka hurbildu ziren lagun eta hurbilekoei, inkomunikatuta egon zen bost orduz atxilotu zutenetik, Miribillako komisaldegian bera bakarrik zegoela, tratu txarrak jaso zituen, eta jasotako kolpeen ondorioz eragindako minak artatzeko mediku-arreta eskatu arren, arratsaldeko seietatik goizaldeko ordu biak arte ez zuten Deustuko anbulategira eraman, nahiz eta familiari arratsaldean esan Basurtun zegoela.  Hurrengo egunean, hurbilekoek konpartsakidea ikusteko aukera izan zutenean, kontusio ugariak dituela ikusi dute. Gaur egun etxean jarraitzen du ezin mugitu, eman zizkioten kolpeen ondorioz.

Atestatua uste oker ugaritan oinarritzen da eta gezur asko esaten ditu. Mozal Legea abiapuntu duen atxiloketa askotan gertatu ohi den bezala, orain, agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egozten diote eta ondorio legalak izugarriak izan daitezke: bat eta lau urte bitarteko espetxe-zigorrera arte.

Bilboko Konpartsok  konpartsakide honek bere gorputzean sufritu dituela udaltzainen gehiegizko presentziaren aurka egindako salaketen errepresaliak direla uste dugu. Polizia haserre ugari dago jaigunean, eta Mozal Legeak uzten duen inpunitate-marginak erabat babes gabe uzten gaitu, gizarte-mugimenduetako kideak eta herritarrok oro har kriminalizatzeko tresna den heinean. Honek, gainera, berebiziko eragina du egoera prekarioan dauden pertsonen kasuetan, kaleko-saltzaileen kasua agerikoena dela. Aste Nagusian zehar aurreikusia zegoen polizia kopuru izugarria salatu genuen hasieratik. Kopuruaren salaketari  gehitu behar zaio inondik inora ez direla onargarriak polizia berri horien jarrera bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzailea duten horiek.

Bilboko Konpartsetatik  behin baino gehiagotan adierazi bezala, polizia kopuru ugariak ez du segurtasuna bermatzen; oso efektu kontrakoa eragiten du. Jaiguneko eta hiriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da eta berau bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar direlakoan gaude.

Hori guzti hori kontuan izanik, Bilboko Konpartsek Udalaren eredu polizialaren aurkako aldarri irmoa adierazi dute eta konpartsakideari erabateko elkartasuna helarazi nahi izan diogu.  Ez dugu inolako muntaia polizialik onartuko. Juan Mari Aburto alkatearen eta Amaia Arregi Segurtasun zinegotziaren aginduak segitu dituzten udaltzainen aldetik pairatzen ari garen jarrera erasokor, biolento, gogor eta neurrigabea onartezina dela azpimarratu nahi dugu beste behin, eta ondorioen kargu har dezatela eskatzen diegu.

Udalaren segurtasun-politikarekin erabateko desadostasuna adierazten dugu, jakina denez, eta, horrez gain, ustezko segurtasun hori bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari eskuetatik ihes egin diela salatu dute. Jipoiak dira Udalak sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa.

Guztiontzako Aste Nagusiaren aldeko aldarria egin dute konpartsetatik, arrazakeriaren kontra, nagusikeriaren kontra, prekarietatearen kriminalizazioaren kontra eta jarrera harroputz eta eskubideen zapaltzaileen kontra. Gehiegizko poliziaren presentziaren salaketen aurrean errepresaliak piztu ote diren susmoa hartu diote ere, eta guztiaren gainetik giza-eskubideei errespetua, sen ona eta zaintza aldarrikatu dute.

Argi dago, GEHIEGIZKO UDALTZAIN HASERREAK + MOZAL LEGEA = ERREPRESIO POLIZIALA ETA  INPUNITATEA, Aste Nagusian ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude