Erasoen aurrean, autodefentsa!
Geure gorputzak eta geure erabakiak beti ere errespetatuko diren jaiak nahi ditugu. Giroa eta espazioa aske gozatu nahi ditugu. Inongo erasorik jasateko arriskurik gabe egin nahi dugu dantza, kantu, barre eta poteatu.
Ez dugu inolako babosoren piroporik nahi, ez dugu nahi jazarriko gaituen matxirulorik ezta gutxietsiko gaituen kiderik. Ez dugu etxera lagunduta itzuli nahi, etxera onik heldu garenentz kuadrillakoak kezkatuta egotea, ezta, are gutxiago, paternalismo instituzionalik edota “sasibabestuko” gaituen sekretarik. Ez eraso, ez babesik: gu geu beldur barik.
Bilboko Konpartsakideok aurreikusitako gidoia iraultzeko konpromisoa hartu dugu, eraso sexistei irmoki aurre egitekoa. Horretarako, gaiari heltzeko beren beregi sortutako lantaldea dugu, urte osoan zehar lan horretan sakon diharduena eta eraso sexistak gertatutakoan erantzun-protokoloa ezartzeaz harago jarduten dena, horiek gertatzea ekiditeko lan ere egiten baitu. Horrela, emakumeok seguruago sentitu eta askeago biziko dugun jaigunea eraikitzeko lan egiten dugu konpartsa guztion artean.
Errealitate hori gizarteratu eta konpartsakide guztiak inplikatu ditugu lan horretan; hala, sentsibilizazio-, deseraikitze- eta ahalduntze-tailer eta jardunaldiak antolatu ditugu azken urteetan zehar. Datorren lekutik datorrela, matxismoaren edozein adierazpen identifikatzeko eta haren aurrean erantzun aktiboa emateko tresnak eskuratzen ari gara. Eta erantzuten segiko dugu, erabat erasorik gabeko jaigunea izan arte.
Horrela, gure jaietan ez dute lekurik eduki matxista eta misoginoak zabaltzen dituzten kultur-adierazpenek, emakumeok objektu sexualak baikina irudikatzen gaituztenak eta tratu txarrak eta inpunitatea zilegitzen dituztenak, berdin dio zein den horiek babesteko baliatzen diren argudioak. Kasu honetan Bilboko herritarrek iragan astean izandako jarrera eta erantzuna txalotu nahi dugu eta begi onez hartzen dugu herritarren aldarria entzun, kargu hartu eta Udalak aipatu kontzertua bertan behera utzi izana. Baloreak transmititzeko bestelako bidea ere bada musika, eta ez dugu nahi bere bitartez emakumeon kontrakoak diren baloreak zabaldu eta maskulinitate eredu falozentriko, lehiakor eta zapaltzailea indartzea, esku artean dugun kasuan agerikoa den bezala.
Iaz bezala, aurten ere, erasorik gabeko jaigunea seinalatuko duten pankarta eta banderin moreez beteko dugu Bilboko Konpartsok jai-eremua. Jakin dezatela erasotzaileek ez direla ongi etorriak, ez ditugula gure festetan nahi, espazio honetan edozein jarrera sexistarekiko zero tolerantzia dugula, eta zalantza-izpirik gabe erantzungo dugula. Konpartsakideon artean eraikitzen dugun espazio honetan antolatuta eta prest gaude erantzuna emateko eta gugana jo dezakezue edozein jazarpen-egoeratan.
Horrez gain, dei egiten diogu Bilbo osoari, erantzun-protokoloa aktibatuz gero, 19:30etan izango diren mobilizazioekin bat egiteko. Beharrezkoa bada, gelditu egingo da jaia, eta hala jakinaraziko dugu.
Erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde ahaldunduko gara, planto egingo dugu eta autodefentsa baliatuko dugu!
Gora Aste Nagusia, Gora emakumeon borroka, Gora autodefentsa feminista! eta Gora Marijaia!