Gargantua Arriagara bueltatuko da!
Aste Nagusiaren edizio honetarako, guztira 566 ekitaldi programatu ditugu konpartsok. Haurrentzako programazioa eta ekitaldi kulturalak dira gure aurtengo apustuak.
Aurtengo Aste Nagusia izango denaren programazioa aurkeztu dugu gaur Arriaga plazan, 28 konpartsotako kideok eta programazioaren atrezzoak lagunduta.
Ohi legez, kalitatea, kantitatea, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzea bilatu dugu Aste Nagusiko ekimenak prestatzean. Konpartsok 500 jai-ekimen baino gehiago programatu dugu ate joka dabilen Aste Nagusirako, zehazki 566, Jai Batzorde Mistoaren baitan elkarlanean antolatutakoez gain.
Hala, beste behin, jai-eremua kulturaz eta kirolaz beteko dugu, jendearen lanari eta parte-hartzeari esker. Izan ere, bilbotarrak dira jai erraldoi hauek posible egiten dituztenak.
Gure txikiak izango dira jaietako protagonistetako batzuk. Karpatxo eta Mekanitxin pertsonai berriak iaz ibili ziren haiekin, bihurri eta alai, gure jarduerak eta jai-eremua girotzen, Ripan, Areatzan, Arriagan eta abar. Aurten ere, jaiez gozatu gura duten ume eta gaztetxo denek disfrutatu ahal izango dute hainbat eta hainbat ekintzatan, Karpatxo eta Mekanitxinen eskutik: goitibehera- eta serigrafia-tailerrak, Irrien Lagunen antzezlana, erraldoi izateko Ondalanek eskainiko duen aukera, kartoi-banda eta umeen kalejira, “sortu zure txosna” ekimena, eta txikien saio gastronomikoak, galdu nahi izango ez dituzuen beste batzuen artean.
Programa eder horri Gargantuaren etorrera gehituko zaio; urteotan Arriagarako bisita egin gabe ibili da erraldoi ume-jatuna. Baina aurten, Mari Jaiaren gonbidapen zuzena jaso du Gargantuak, 165 urte beteko baitu. Hala, prest egongo da hurbilduko diren ume denak irensteko.
Aurten, seigarren urtez, adin denetako bilbotarrek goitibeheren jaitsierari ekin ahal izango diote. Lehenengo igandean, edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez. Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da helmugan, Kontsuletxearen plazan; bertan, txikienek nork bere goitibehera egin ahal izango dute, egunean bertan jaitsiera txikian estreinatzeko.
Urtero legez, eta Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo, aurten ere beteko dugu Ripako kaia uraren inguruko jarduerez: puzgarriak, waterpoloa, uraren kalitatea, zenbait tailer eta hainbat ezusteko.
Badakigu ere, Gastronomikoak txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak dakarzkigula. Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte. Horrekin batera, ohiko gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere.
Horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera gurean kirolari ekiteko. Badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola 11 kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa, berriro ere Ripako oztopoek baldintzatu arren.
Ez da izerdia botatzeko ekimen bakarra, baina: urtetik urtera parte-hartzaile gehiago dute aerobithoiak, kukañak, igel-tokak edo herri-kirolek.
Musika eta kiroletik aparte jaiak ere badirela frogatuko dugu aurten ere, publiko fidela daukaten hainbat ekintza patxadatsuen bidez. Xakea Aste Nagusiko jarduera beteranoetariko bat da, erabat egonkortua; jai-eremuko hainbat gunetan jokatu eta gozatu ahal izango da igandetik aurrera. Iazko xake bizidunaren arrakasta ikusita, aurten historiako xake-partida famatuenetariko bat antzeztuko dugu. Baietz zaleok asmatuko duten zein den!
Bestalde, mahai-jolasek ere izaten dute bere lekua Aste Nagusian. Igande bietan Blood Bowl, Open Magic eta Warhammer jolas ezagunetan jolastu ahal izango da. Beraz, ez izan zalantzarik: jaitsi zure kartak, taldeak edo armadak eta gozatu!
Guztira, konpartson 566 ekitaldi izango dira, tartean, kontzertu, antzerki-emanaldi eta kultur-proposamen anitz, doakoak dan-danak.
Ezer gal ez dezazuen, Bilboko Konpartsak app-a prestatzen gabiltza, telefono mugikorretan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko.
Laster izango duzue eskuragarri musutruk Google Play-n eta Apple Store-n. Bertan, aurkitu ahal izango dituzue konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak.
Eta proposamen hauen abiapuntu eta helburu: zuok. Bilbotar zein kanpoko, denak zarete ongi etorriak 9 egun zoragarriz festaz gozatzera, parte hartzera eta denon artean munduko jairik onenak diren Aste Nagusia eraikitzera.
Denok gaude gonbidatuta disfrutatzera eta inor ez izorratzera, gure jai herrikoi eta feminista hauetan lekurik ez duten bakarrak baboso eta erasotzaileak baitira. Soberan daude.
Beraz, egitaraua jaitsi Bilbokokonpartsak.eus webgunetik eta joan zaitezte zuen planning-a egiten, gutxi falta baitzaigu Txupinera eta Pregoilariarekin batera Marijaia balkoian agertzeko.
Gu, jada prest gaude. Zuek?
GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!!