Mozorroz jantzi da Bilbo

Jai gunea zabaldu dugu berriz Bilboko Jai Batzorde Mistotik Bilboko erdigunean eta, eguraldia lagun, bilbotar asko hurbildu ziren beren aratusteaz gozatzera eta parte hartzera, tradizio bihurtzen ari den eredu honen eskutik. Zapatu erregularraz  gain, hainbat egun eta ekitaldi egon dira bilbotar guztien gustua asetzeko.

Bosgarren urtez hartu du Bilbo Aratuste eredu bateratuak. Bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz, kolorez eta irriz bete dira herritarren parte-hartzea erdigunean jarri nahi duten Aratusteetan. Batzorde mistotik prestatu dugun ereduaren aldeko apustua berretsi da eta horren froga ditugu programazioan jaso diren ekimen guztiak, 50etik gora berriro ere.

Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, Bilboko tradizio hau 1515. urtean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu direnetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz murgildu ziren bilbotarrak eta, horrela, osteguneko txaranga eta kontzertura animatu ziren, Kafe Antzokian hasitako musika-giroa Zazpi Kaleetan zabaltzeko.

Eta horrela heldu zen barikua, Farolin eta Zaranbolasen egun handia. Prestu agertu ziren haien atxiloketara Xabi Aburruzaga trikitilaria, Farolin, eta Miren de Miguel sopranoa, Zaranbolas. Atxilotuak izan ostean, antzinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta fanfarrean hurbildu ziren Plaza Barriraino. Bertan, epaiketa herrikoia jazo zen eta, han ziren hiritarrek parte hartu zuten eta errudun izendatu zituzten.

 

Zapatu Erregularra
Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan da Aratusteen ildoetako bat. Guztien dastamenerako sasoiko platerak dastatu ditugu jada tradizio diren pontxe eta torrada eta indaba txapelketan. Baina ezin ahaztu gastronomiak Zapatu Erregularrean izan zuen presentzia, Kale Nagusiko gunean ohiko txistorra-pintxo, pintxo begano eta oilasko errea banatzeaz gain, Albiako gunean 400 lagun inguru elkartu ziren herri bazkari jendetsu eta animatuan parte hartzera. Baietz datorren urtean jende gehiago elkartu!

Sabelak beteta, kolorez jantzita eta kopla txikiak oraindik buruan heldu ziren Farolin eta Zaranbolas topa egitera eguerdiko 12:00etan Plaza Biribilera Zapatu Erregularrari hasiera ematera. Azken sasoiko giro eguzkitsuarekin bat egin eta distira kalera ekarri zuten herritarrek, Bilboko erdigunea kolorez jantziz. Mozorro kalejiran, konpartsez gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera, guztira 50 taldek parte-hartu zuten. Parte-hartzaile ugariez gain ikuslez lepo egin zuten Kale Nagusi eta inguruek, guztion gozamenerako.

Atzera kontua bukatzean eta guneari itxiera emateko, 1985. urteko berreskuratutako lehenengo kopla txiki irabazlea abestu zuten bertan bildu ziren hiritar guztiek, Farolinen trikitixa eta Zaranbolasen ahots afinatuak lagunduta. Botila erraldoiari konfetti artean kortxoa kendu ondoren, Lekittoko Deabruekin batera kalejira desordenatuan jaitsi ziren denak Zazpi Kaleetara, Santiago Plazan jarritako Bilboko urez beteriko iturria hustera.

Zapatu Erregularreko Mozorro Lehiaketako kalejiraren une bat.

 

Ume-jarduerak
Aratusteak sutsukien bizi duten belaunaldiek ez dute aitzakiarik behar izan kalera mozorrotuta irteteko. Halere, haientzat eta familientzat prestatutako ekimen-sortak lagundu du milaka neska-mutil algaraka izatea Bilboko kale, kantoi eta plazatan. Hala, barikuan burutu zen Aratusteetako ekintzarik maiteenetako bat: Uriko kaleak kolorez, poztasunez eta ilusio handiz bete ziren Aratusteetako umeen desfile tradizionalari esker. Mozorro dibertigarri eta originalekin jantzita, 1.500 ikasle igaro ziren Bilboko kaleetatik musika lagun eta jai-giroan. Zapatuan ere, Golokaren, Irrien Lagunen eta Hortzmugaren antzezlanez gozatuz gain, umeek Gargantuaren bisita izan zuten, puzgarriak eta tailerrak aukeran izatearekin batera. Astelehenean, berriz, Dj Xaiborrek osatu zuen Bilboko Udal Musika Bandaren ohiko mozorro-kontzertua. Biek ala biek errepertorio zabala interpretatu zuten: abesti herrikoiak, soinu-bandak eta folklorea. Ederto pasatu zuten hurbildutako familiek eta umeek. Martitzenean, neska-mutilek Aratusteetako azken tailerrak izan zuten jolasteko.

Aste zoro honi amaiera emateko, Sardinaren ehorzketan su eta negar-anpuluz bete zuten Bilbotarrek Arriaga Plaza. Aurki bilbotarrak beren zereginetara eta egunerokotasunetara itzuliko dira, ahaztu gabe datorren urtean hemen izango ditugula berriz gure aratusteak, nork nahi duena izan eta gozatzeko.

 

Euskal dantzak

Aurtengo berrikuntza izan da Euskal Herriko Aratusteetako hainbat dantza tradizional Bilbora hurbiltzeko ekimena. Bilboko bederatzi dantza-taldek hartu zuten parte, Zapatu Erregularrean. Taldeek bost herritako inauteri tradizional garrantzitsuak aukeratu eta Bilbora ekarri zituzten, beren dantza, musika eta pertsonaiekin. Beti Jai Alaik dantzatu zituen Luzaideko inauterien dantzak; Batasuna Arraizbidek eta Gure Herriak, Sorgin-dantza; Gaztedik, Zuberoako Maskarada; Salbatzailek, Lapurdiko dantzak; eta, Lantzeko dantzan jardun zuten batera Batasuna Arraizbidek, Bihotz Alaik, Goi Herrik, Irutasunek eta Mikeldik. Ekimen hori indartu egin du aurreko urteetan dagoeneko egiten zen euskal dantzak bultzatzeko saioa. Aurten ere, Gaztedi dantza-taldeak aise bete zuen Plaza Barria domekan, Zuberoako Maskaraden bigarren pasean.

 

Eraso matxista
Halere, balantze honetan puntu beltzak ere badira. Aratusteetako domekan, gizon batek eraso matxista burutu zuen emakume baten aurka, Zazpi Kaleetan. Jai Batzorde Mistotik irmoki gaitzesten dugu egiten den eraso oro, eta azpimarratu nahi dugu emakumeon askatasuna urratzen duen jarrera bortitzen larritasuna, jaietan zein jaietatik kanpo burutu. Jai-esparruak, eta hiria bere osotasunean, emakumeontzako leku seguruak izan daitezen nahi dugu. Bitartean, autodefentsa eta elkarren babesa sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segituko dugu. Kaleak, gaua eta jaiak gureak ere baitira! Baietz barik, ezetz da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude