Bilboko erdigunea fantasiaz eta glamourrez jantzi zuen mozorro-lehiaketak

Eguraldi paregabea eta giro aparta bizi izan zen atzo Bilboko erdigunean. Epaimahaiak mozorro onenei sariak eman zizkien, Aratusteetako mozorro-lehiaketan.

Kaixo konpartsa, Bilboko Aratusteetako Mozorro Lehiaketan.

Zineman girotutako Bilboko Aratuste hauetan, filmetan gertatzen den bezala, denetariko pertsonaiek bete zuten erdigunea. Bilbotarrek eguzkipera atera zituzten haien mozorroak, berriak zein zaharrak, asko landutakoak zein azken unean prestatutakoak, umorea, fantasia eta glamourra zabalduz.

Mozorro-lehiaketako parte-hartzaileek haien gidoiak prest ekarri zituzten eta bakoitzak bere eszena antzeztu zuen ibilbidean zehar eta Astarloan kokatutako epaimahaiaren aurrean.  Aurten, Jai Batzorde Mistoko kideez gain, jantzi eta mozorroetan adituak diren Sulbey Celaya (Matias) eta Mari Cruz Alvarez Enderiz (Pierrot) osatu zuten epaimahaia, Farolin (Xabi Aburruzaga) eta Zaranbolasekin batera (Miren de Miguel). Eztabaida handiaren ostean, azkenik, Aratuste-akademiak saritutakoak honakoak izan ziren:

TALDEAK
– Lehen saria: Marrazoak pil-pilean.
– Bigarren saria: Matrioska.
– Hirugarren saria: La familia Adams.
KONPARTSAK
– Lehen saria: Kaixo.
– Bigarren saria: Pinpilinpauxa.
– Hirugarren saria: Txinbotarrak.
BANAKAKOAK
– Lehen saria: Moulin Rouge.
– Bigarren saria: Iratxe y Fernando.
– Hirugarren saria: La duquesa medieval.

 


Aratuste-zapatua dagoeneko iragana bada ere, Aratusteak amaitzeko oraindik kapitulu batzuk gelditzen zaizkigu. Gaur, domekan, indaba-lehiaketa, Gargantua, buruhandi eta erraldoiak eta euskal dantzen txanda izango da, Plaza Barrian eta Arriagan. Astelehenean, umeen eta sendien eguna izango da, kontzertu eta tailerrez gozatzeko aukera izango dutena, Plaza Barriko karpan. Eta, zoritxarrez, martitzenean, sardinaren hiletan agur esango diegu 2019ko Aratusteei, negar eta su artean. Gure sardina maiteari egingo diogu agurra, Arriaga Antzokiaren aurrean. Baina datorren urtera arte bakarrik…to be continued…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude