Umoreari eta adierazpen-askatasunari eutsiko diete Bilboko Konpartsek, epaiak epai

Bilbo, 2019/01/11

Bilboko 3. Zigor Auzitegiak gaur ezagutarazi du 2017ko Aste Nagusian Hontzak konpartsak ipini zuen txosna-dekorazioaren gaineko epaia. Ezinbestean, absoluzioa eman dio epaitutako konpartsakideari, dekorazioa “adierazpen legitimoa” izan zelako, “osagarri irrigarria” izan zuena.

Ebazpenaren harira, Bilboko Konpartsetatik argi utzi dute honako hau: “zentzugabekeria hori abiatu zuten pertsonak Aste Nagusiarekiko erabat arrotzak eta urrunekoak dira; hala, hutsaren hurrengo balioa eman diogu auziari, emaitza edozein izanda ere”.

Hontzaken konpartsakide bati egindako epaiketa “aratuste-saio aurreratu bat izan zen”, Bilboko Konpartsak adierazitakoaren arabera: “hori bai, txarto programatua eta okerrago antolatutakoa. Fiskaltzak bufoikeria triste batera gonbidatu gintuen, Falange Vasco-Navarraren ezinbesteko laguntzarekin”.

Bilboko Konpartsok jai-eredu herrikoia defendatzen, babesten eta bultzatzen dugu. Eraikitzeko lanetan dihardugu, gizartean dauden hainbat aldarrikapeni ere lekua eskainita, eta beti ere umoretik eta baita satiratik ere. Aste Nagusia denontzako tokia da. Bilboko Konpartsok askotariko iritziak biltzen ditugu, jarrera irekia dugu, eta eraldaketa soziala bultzatzen dugu. Urte osoan egiten dugu lan aktiboa, askotariko sentsibilitateetatik Bilbon eta Bilbotik haratago modu pluralean eragiteko. Hontzakek 2017ko Aste Nagusian eta auzi osoan jasandako erasoa konpartsoi ez ezik, herritar denei ere egindako erasoa izan da, eta ez du kabidarik gure jai-eredu herrikoian.

Ez dugu uste satirari inongo mugarik jarri behar zaionik. Kritikak eta salaketak inongo kolektibo gutxiestuaren gaineko zapalketarik eragiten ez duen bitartean, umorea eta satira iruditzen zaizkigu duinak, zilegiak eta beharrezkoak, eta ezinbestekoak dira gizarte plural, kritiko, parekide eta arduratsu batentzat. Hobetzeko bide bakarra baita jarrera ireki hori izatea.

Gora Aste Nagusia!!! Gora jai herrikoiak! Gora umorea eta gora Bilboko Konpartsak!!!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude