Herritarrek opari egin diote Marijaiari: Aste Nagusiko jai-eredu parte-hartzailea berretsi dute
Agurtu dugu jada geure Marijaia, barre eta negar artean, benetan zirraragarria izan den 40. Aste Nagusi honetan. Marijaiaren urtebetetzea ospatzeko sekulako festa antolatu baitugu herritarrok, bederatzi eguneko ospakizun gogoangarria. Danok geunden gonbidatuta urtebetetze-festa honetara eta inork ez du kale egin: jaigunea jendez gainezka egon baita egunero, goizez, arratsaldez eta gauez. Marijaia pozarren eta gu ere, eskerrik asko munduko jai onenak egin eta gozatzen dituzuen guztioi!
Zenbaki biribila dugu eskuartean: 40. Baina Aste Nagusiak kopuru ugari utzi dizkigu, parte-hartze izugarriaren isla. Guztira 617 lapiko, hurrenez hurren horrela banatuta: 32 lapiko-patata, saltsa berdean; 371 tortilla, 50 txipiroi kazola, 52 bakailaoa bizkaitar erara eta 65 pil-pil saltsan, 47 marmitako kazola eta 51 buztan gisatu, guzti-guztiak bertoko produktuz osatuak, slow-food eta kilometro zero filosofiapean. Gainera, hainbat gutizia eta delicatessen zerbitzatu dituzte.
Modu berean, 1.915 korrikalarik egin dute lasterka Hiri Krosean. Gainera, 5.000 lagunek konpromisoa hartu dute euskaraz urratsak emateko, Euskaraldia sustatzeko eta Aste Nagusia euskaldunagoa bihurtzeko, “Aste Nagusian ere nirekin euskaraz” goiburuko txapak jantzita.
Edozein urtebetetzetan legez, opariak egin dizkiogu Marijaiari, berak eskatu bezala bilbotar denentzako gozagai. Guztira, konpartsok 545 ekitaldi antolatu ditugu eta denak burutu ditugu arrakasta eta parte-hartze handiarekin, honako hauek izan ezik: Udalak debeku eta bazterkeria politikoz galbidera eramandako kale-zinema eta 40. urteurreneko erakusketa; eta nasapuntakoa, ardura-irizpideagatik, Ibaizabalek kolore oso arraroa baitzeukan hura egin behar zen egunean.
Opari-multzoan, izan dira batzuk besteak baino bitxiagoak eta ikusgarriagoak, 40. urteurrena poz-pozik ospatzeko. Koloretako zelofanak baino, kultur taldeen eta herrien arteko samurtasuna, elkartasuna eta elkarlana eskaini nahi genizkion Marijaiari eta hainbat talderi esker lortu egin dugu: Xuri Beltz xake-klubak Salbatzaile dantza-taldearekin batera xake biziduna eskaini digu; Ikurrinari omenaldia egin diote Castellers de Sant Feliu de Llobregat-eko kideek, giza dorrea egiten; gauerdia sutan ipini eta jai-eremua berotuta ikusi dugu correfoc-ikuskizun batez; Kataluniako Colla de Diables de Riudoms, Colla de Diables de Molins de Rei L’Agrupa eta Lekittoko Deabruak senidetuta atera ziren Areatzara, momentu liluragarri hori eskaintzeko. Eskerrik asko denei, eta bereziki, Herrialde Katalanetatik etorritako 92 lagunei.
Festa honetan, Konpartsakidetu dinamika abiarazi dugu: txikienentzako ekintza original eta ikusgarri pilo. Ikusi dugunez, badugu harrobia sobera eredu herrikoia mantendu, hobetu eta gainera belaunaldi berriekin batera aurrera eramateko. Pozik gaude, lagun berriak egin ditugulako: Karpatxo eta Mekanitxin, gurekin geratzeko etorri direnak.
Gertatu zaizue inoiz festaren bat antolatu eta gonbidatu astunak agertzea? Bada, guri bai. Tomás del Hierro herritarren segurtasunerako zinegotziaren agindupean jaigunea militarizatu dituzten ehunka polizia. Erakustaldia baino erakuskeria izan da: harroputz ibili dira, ez zapi, ez purpurina eta ez festan laguntzeko inolako asmorik. Segurtasunaren izenean jaia zapuztu nahi izan digute, baina gurekin jai dute, guk geuk ederto dakigulako gure espazioa zaintzen, elkarlanean eta aktiboki, guztion inplikazioarekin festarako gune alai eta atsegingarria sortzea baita gure asmoa. Gauzak horrela, Aste Nagusiko txarrenari aipamen egiten dion bandera marroiaren saria Tomás del Hierrori ematea erabaki dugu. Pipertuta, agian, ez zen saria jasotzera etorri, baina ez dadila inor kezkatu, bidaliko diogu bere bulegora.
Debekuak eta militarizazioa gutxi direlakoan, gustu txarreko beste “opari” bat egin digu Bilboko Udalak. “Bilbao Balioen Hiria” marketing-kanpainarako txupinera eta pregoilariaren irudiak erabili dituzte, marka pribatu baten alde. Aste Nagusia jai parte-hartzaile, herrikoi, feminista, euskaldun, inklusibo, doakoa eta denentzakoa da, besteak beste. Balio etiko gutxi adierazten du jai-ikonoak nahierara erabiltzea eta merkantilizatzea. Bilboko Konpartsok beti zaindu ditugu ikono horiek eta, lehenago izan diren merkantilizazio saiakerak moztu ditugun moduan, etorkizunean ere, horiek ekiditeko lan egingo dugu.
Eta gonbidatu ez ditugunak agertu dira, tamalez, urtebetetze festa honetara: erasotzaileak. Ez ditugu nahi jazarri, erasotu, intimidatu egiten gaituztenak; ez dugu nahi erasotzaileak gure jaietatik modu askean eta inpunitate osoz ibiltzerik. Eta bai erasotzaileei aurre egin dieten emakume ausartek, bai Konpartsok eta bai konpartsakideok adi eta aurre egiten jarraituko dugu; jai-eremutik bota ditugu eta botako ditugu, autodefentsa eta elkarren zaintza sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segiko dugu.
Bestalde, goraipatuko dugu Saioa Domínguez Txupinera eta Aixeberri konpartsako kidearen eta Zorion Egileor Pregoilariaren lan bikaina; fin ibili dira eta prestutasun handiz jai herrikoi hauen ikono izan dira; hemendik, zorionak! Eta eskerrik asko!
Azkenik, gaur konpartsakideok jo eta ke gabiltza desmuntatzen eta garbitzen urtebetetze-festa hau. Halere, desmuntaia horren errautsetatik, bihar jada hasiko gara antolatzen San Tomasak, Aratusteak eta datorren urteko Aste Nagusia, 41.a., eta urtebetetze horretan ere aurtengo maitasun bera ipiniko diogu. Bilbotarrok, ez ezazue ahaztu zuek zaretela eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 28 konpartsen ateak.
GORA JAI HERRIKOIAK!
GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!