Euskaraldiaren eta Bilboko Jai Batzorde Mistoaren adierazpena

Egun on denoi! Aurten Aste Nagusi erabat berezia ospatzen gabiltza: 40 urte bete dira jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzaileen ametsa egi bihurtu zenetik: 1978ko abuztuan, herritarrek kalea hartu eta bere egin zituzten jaiak. Aste Nagusiaren sorrera ez zen izan garai hartako euskal kulturaren aldeko ekimen arrakastatsu bakarra; hilabete bi lehenago, Bai Euskarari antolatu zen, historian egin den euskararen aldeko kanpainarik nagusienetakoa.

Ordutik 40 urte pasa dira eta euskaldunon egoera eta beharrak bestelakoak dira. Hori dela eta, datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia egingo da Bilbon eta Euskal Herriko beste ehunka herri eta auzotan. Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala da; bere helburua da igarotzea euskararen alde egotetik, euskaraz urratsak ematera.

Euskaraldia ekimen boluntario eta pertsonala da. Halere, hemen batu garenok ekarpena egin gura diogu, festatik; Aste Nagusi euskaldunagoa egiten.

Horregatik, 11 egun euskaraz bizitzen hasi baino hiru hilabete lehenago, gaur, abuztuaren 23an, Biziprest Eguna antolatu dugu jai-eremuan. Gaur, Aste Nagusia euskaraz bizitzeko aukera zabalagoa da: Bilboko Jai Batzorde Mistoak euskarazko ekitaldiak indartu ditu; eta Bilboko Konpartsen ekitaldi denak euskaraz dira, eta txandalari denak euskaraz arreta egiteko gogoz dabiltza. Hala, euskaraz bizitzeko eskubidea betetzeko bidean beste urrats bat eman dugu.

Hala, deitzen ditugu euskara ulertu edo euskaraz dakiten Bilboaldeko herritar denak honakoetara:

– Datorren urriaren 7an Euskaraldiak antolatuko duen ekitaldian parte hartzera.
– Euskaraldian izena ematera, irailaren 20tik aurrera.
– Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, ariketa sozial horretan jardutera.

Bestalde, informazio gehiago gura dutenek honako webgunean topa ahal izango dute: Bilbo.euskaraldia.eus.

Gora Euskaraldia!

Gora Aste Nagusia!

Gora Marijaia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude