Uribarrik jaso du Aste Nagusiko txosnarik dotoreenaren “Kanpaia” aitormena
Publikoaren boto-gehiengoak hala erabakita, Uribarri konpartsari eman zaio 2018ko txosnarik dotoreenaren aitormena, eta txosnarik gatzgabeena, berriz, Satorrak konpartsari.
Hartara, atzotik aurrera ikur horiek ikusgai daude aitormena jaso duten bi txosnetan. Kanpaia eta eulia atzo arratsaldean jaso zituzten sarituek, iazko hurrenez hurreneko irabazleen eskuetatik. Ondoren, txosna batetik besterako kalejiran joan ginen konpartsakideok eta gurekin bat egin zuten bilbotarrek.
“Eulia” eta “Kanpaia” aitormenen hamabigarren urteurrena bete den honetan, 2018ko Aste Nagusiko “Kanpaia” aitormena Uribarri konpartsak lehenengo aldiz jaso du, txosnarik dotoreenaren aitortza, hain zuzen ere; herritarren %38,21eko babesa jaso du.
Marijaia Dyane 6 batez 1978ko Aste Nagusira ezustean heldu zeneko irudia erabili du Uribarri konpartsak,graffiti artisau-lan batez. Horrekin batera, lekua egin diete txosnan orain arteko 40 Aste Nagusien kartelei. Dekorazioa lotura handia dauka konpartsarekin, Uribarrik 40 urte bete dituelako aurten, Marijaiak eta Aste Nagusiak bezala.
Eulia eta Kanpaiari buruz
2007an abiatu genituen Bilboko Konpartsok “Eulia” eta “Kanpaia” aitormenak, modu bihurri batean konpartsak zirikatzeko bi helbururekin: txosnen dekorazioa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahalegina indartzea. Konpartsen arteko sariak dira, eta dekoraziorik dotoreena duen txosnak “Kanpaia” aitormena jasotzen du; txosnarik traketsenari, berriz, “Eulia” ematen zaio. Txosnaren egitura, dekorazioa eta konpartsa bakoitzaren kapazitatea hartzen ditu kontuan aitormenak.
Bozka konpartsok Aste Nagusian egunero egiten dugun asanbladan egin izan da urtetan, eta konpartsa bakoitzak bozka bat ematen zuen kategoria bakoitzeko. 2014tik aurrera, ordea, konpartsetatik erabaki zen bilbotarrok eta jendeak oro har bozka bidez hautatuko zuela kanpaia eta eulia zeini eman. Eta hala ebatzi da aurten ere.
Bada, Uribarri konpartsaren txosnan ikusi ahalko da “Kanpaia”, Aste Nagusia bukatu bitartean. Eta “Eulia”, aldiz, Satorrak konpartsaren txosnan.
2007tik gaur arte Hontzak eta Eguzkizaleak konpartsek jaso dituzte kanpairik gehien. Hontzak konpartsak bost alditan jaso izan du kanpaia (2009, 2010, 2011, 2016 eta 2017). Eguzkizaleak konpartsak lau aldiz lortu izan du (2007, 2008, 2012 eta 2015).