Bilboko Konpartsen oharra, Aste Nagusian jasandako eraso sexista biren aurrean

Hemen batu gara salatzeko atzo, larunbatean, jasandako bi eraso sexista. Hainbat herritarrek emandako informazioari esker, eta bildutako datuak egiaztatzeko prozesua bete ostean, Bilboko Konpartsok erasoen aurkako erantzun-protokoloa aktibatzeko beharra ikusi dugu.

Eraso sexistak emakumeen giza eskubideen aurkako urraketak dira, baita jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko dugun eskubidearen hausketa ere.

Ezin dugu ez jakinarena egin: nazkatuta gaude emakumeon egunerokotasunean aske jarduteko baldintzatzen gaituen indarkeria sexistaz.

Indarkerian oinarritutako sistema patriarkalari aurre egiteko beharrean gaude. Adi egon gaitezen beraz, jarrera aktiboa izaten segi dezagun.  Ezinbestekoa da konplizitate eta pasibotasunarekin apurtzea eta edozein jarrera matxista edo erasoren susmoren aurrean tinko erantzutea. Emakumeok gure arteko elkarzaintza indartuko dugu eta autodefentsa feministaren bidea jorratzen segituko dugu.

Gure gorputzen eta askatasunaren jabeak gara. Kaleak, gaua eta jaiak gureak dira. Erasorik gabeko jaigune aske bat nahi dugu: non emakumeok nolanahi gozatuko dugun, baldintzatuta sentitu gabe; non gizonezkoek errespetatuko gaituzten.

Erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde, guk gozatu, zuek errespetatu eta hura zaindu!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude