Bilboko Konpartsak dena emateko prest, 40. Aste Nagusiaren bezperetan

Gaur, Bilboko Aste Nagusirako zortzi egunetara, Bilboko Konpartsen federakundea osatzen dugun konpartsek txosnen muntaiari ekin diogu. Eta 2018ko edizio honetan, aurten ospatuko den Marijaiaren 40. urtebetetzeari erreparatu diogu konpartsakideok. Aste Nagusiaren jai-eremua eraikitzeko lanak hasi berri ditugunean, Bilboko Konpartsetako kideok aurkezpena egin dugu gaur Bilboko Areatzan.

 

1978ra atzera eginez eta gaur egun sinestezina dirudien arren, sasoi batean ez zegoen Aste Nagusirik; garai haietan, Bilbo, abuztuan, denok uxatzen gintuen hiri are goibelago eta itzaltsuagoa bihurtzen zen. Francoren diktadura luzea oso eraginkorra izan zen berun kolorea bizitzaren esparru guztietara zabaltzen, baita jai esparruetan ere.

Baina urte hartan zerbait gertatu zen. Bizitzaren koloreak berreskuratuz, norbanako batzuek berun kolore hori estaltzeari ekin zioten. Inori baimenik eskatu gabe ekin zioten, erditzeek ezin baitute itxaron.

Aste Nagusia ez zen bakarrik jaio. Bizitzako beste askotan bezala, laguntza behar izan zen sortze neketsu horretan.

Eta kapotarik gabeko Dyane 6 batean Begoñara eraman zutenetik hona, aurten 40 ospatzen ditu Marijaiak, eta pozteko arrazoiak zerrendatu ditugu Bilboko Konpartsak gaurko prentsaurrekoan.

Aurkezpena keinu-hizkuntzan ere egin da; izan ere, aurtengoan ahalegin berezia egin dugu Konpartsok eta ikastaroak egin dituzte jai-eremura hurbiltzen direnei gutxieneko informazioa keinu-hizkuntzan ere eman ahal izateko. Edozein modutan, besoak gora zabalik jartzeak alaitasuna, festa eta ospakizuna adierazten duela argi dugu Bilboko Konpartsetako kideok eta, Aste Nagusiaren ikur, besarkadaren ikur, ongietorriaren ikur irudikatu dute Marijaiaren jarrera.

Azken 40 urteotako kartelak ere erakutsi dituzte gaur adin guztietako, belaunaldi guztietako konpartsakideek, beste berrogei urtetarako prest. “Jai-eredu paregabea dugu Bilbon” azaldu dugu, harro.

Aurkezpenean, hala ere, adierazi dugu ez dela beti samurra izan, igaro ditugu zailtasun eta jai-ereduaren aurkako erasoak, debeku eta pribatizazio-saiakerak, eta urtero-urtero aitzakia burokratiko zein politikoak, gure lana zailtzeko helburua besterik ez dutenak. Eta, horren guztiaren gainetik, festa egiteko gogoa gailendu egin dela nabarmendu dugu, hainbat eta hainbat konpartsakideren lanordu boluntarioak ekarri ditugu gogora, eta milaka pertsonen ezinbesteko parte-hartzea eskertu dugu. Hori baita gure helburua, asmo ilunen gainetik Bilbo kolorez janzten jarraituko baitugu urte askoan, munduko onenak diren festak egiten.

2018ko Aste Nagusia benetan Nagusi egin nahi dugula aitortu dugu gaur Areatzan. Beste behin ere milaka lanordu boluntario, 28 konpartsetako 400 pertsonatik gora ibiliko baitira Aste Nagusirako aurrelanetan ia hamar egunez, urte osoko lana ere ahaztu gabe. Jai herrikoien, parte-hartzaileen, euskaldunen eta feministen alde aritzen gara lanean urte osoan zehar eta egun gutxi barru hasiko den Aste Nagusia horren guzti horren adierazlea izan dadila nahi dugu.

Horregatik, abuztaren 18an Marijaia ez da Dyan 6 batean helduko Arriagara, baina berdin izango ditu bilbotar eta konpartsakide danak plazan zain, bere 40. urtebetetzea ospatzeko, irrikitan, lehenengoa izango bailitzan. Balkoira irtengo denean, txupinaren soinuarekin batera, txiki zein nagusi, denok bat egingo dugulako, ahots batez:

Gora Aste Nagusia!

Gora Mari Jaia!

 

Aste nagusiko ikurrak eta festa-gogoa

1977an, 5.000 musikari eta parrandazalek Bilboko kaleak hartu zituzten, jai herrikoiak eskatzeko. Hainbat eragilek aurreko urteotan egindako saiakeren azkena izan zen. Laster oraindino ametsa soilik zena egia bilakatuko zen.

1978an, auzotarrak batu eta nork bere konpartsa sortu zuen, jantziak josi, txosnak eraiki, kalean, beti kalean… eta estreinakoz ospatu zen lehen Aste Nagusia, herrikoia, Jai Batzorde Herritarraren bidez; jaiak eztanda egin zuen, eta herritarrek Bilbo kolorez bete zuten. Orduan ere jaio ziren hiru ikurrak: Marijaia, Txupinera eta Pregoilaria.

1980an, erreakzioa bueltatu zen, baina herritarrek ez zioten utzi berriro ere berunezko kolore tristera bueltatzea.

1981ean, jaio zen Jai Batzorde Mistoa, Bilboko Konpartsen eta Bilboko Udal ordezkarien artean. Geroago, beste eragile batzuk batuko ziren. Batzuetan elkarlan handiagoz eta besteetan muturtuta, aurrera egiten utzi dio jai-ereduari, askotan udal-oztopoak gainditu behar izan baditugu ere.

Urte berean, konpartsok eskatuta, jaio zen su artifizialen lehiaketa.

1983an, uriolek eraman zuten Marijaia, txosnak eta bilbotarren ondasun pilo, baina indartu zuten gehiago konpartsen konpromisoa herriarekiko, eta bultzatu zuten auzolana eta elkarlana bilbotar denen artean. Lohi koloreko urtea izan zen, baina baita esperantzakoa ere.

1997an, entzun zen, estreinakoz, Edorta Jimenezek eta Kepa Junkerak sortutako abesti mundiala.

Bilboko Konpartsak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude