Bakailaoa pil-pilean egiten hasteko erraztasunak izango dituzte gazteek Aste Nagusian
Aurtengo Aste Nagusiko “Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival”a aurkeztu da gaur Erriberako merkatuan, Makilaren Kofradiak eta hainbat sukaldarik lagunduta. Bakailaoa izango da bosgarren edizioaren protagonista.
Aste Nagusiko Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festivalean (BKAFF) gure kulturan oinarrizko diren itsasoko produktuak prestatu beharko dituzte Areatzako jai-esparruan, asteazkenetik larunbatera bitartean, eguerdi aldera. Aurton Aste Nagusi biribila izango da: 40. edizioa eta 40. urteurrena. Horrekin batera, beste urtemuga txikiagoa eta xumeagoa izango dugu, BKAFF berarena, bosgarren edizioa beteko baitu ekimenak.
Horregatik, berritasun gisa, konpartsakide-menua sortu dugu Aste Nagusiko ostiralerako: pil-pil erako bakailao-lehiaketaren egunean, urtebetetze-menua izango dugu. Bertoko produktuak erabiltzeko filosofia mantenduta, aspaldiko Aste Nagusi haien esentzia berreskuratu gura dugu. Horregatik ekonomikoki erraztu eta oraindino herrikoiago bilakatu nahi dugu pil-pil erako bakailao-txapelketa. Hala, helduen zein gazteen edozein sukaldaritzazale-taldek beldurra kendu eta lehiaketan aurkeztu ahal izango du, inoiz baino erosoen.
Beraz, bost lagunentzako menua prestatzeko “prezio ekonomikoan” erraztuko ditugu honako osagaiak: 1. platererako, barazkiak eta bertako beste produktu batzuk; eta 2. platererako, bakailao-xerrak, Iñaki Aurtenetxeren Bacalaos Sayomar dendarekin elkarlanean.
Dena den, hori ez da izango aurtengo BKAFFek izango duen berritasun bakarra. Bakailaori omenaldi oso baten barruan, ostegunean 500 bakailao-pintxo banatuko ditugu, pil-pil, bizkaitar eta Ranero klubeko eratara prestatuta. Modu berean, ostiralean, Euskal Txiki Masterrak ere omenaldia egingo dio “gure arrain preziatuari” eta bakailaoaren kokotxak pil-pilean prestatuko dituzte neska-mutilek. Ostiraleko programazioa biribiltzeko, Zigor Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldari ezagunek lagunduta, “showkaldaritza-saioa” egingo dute; hainbat bakailao-mota kozinatuko dituzte: pil-pilean, Bizkaiko eran, Ranero klubaren modura… Eta dena, pantaila-erraldoian segitu ahal izango da.
Arrain-festibalak hasieratik daukan filosofia gogora ekarri dugu. Izan ere, munduan slow food filosofiaren pean eta kalean egiten den lehiaketa bakarra da BKAFFa. Lau egunean honako arrain hauek prestatu beharko dituzte Areatzara hurbiltzen direnek: txipiak euren saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta bakailaoa pil-pil saltsan. Bilbotarrek, ingurukoek zein kanpoko bidaiariek parte har dezakete. Hori sustatze aldera, Bilboko Konpartsok hiriko hainbat hostel-en laguntza izaten dugu, eta kanpoko bidaiariei ere helarazten diegu parte hartzeko gonbitea.
Lagun asko dabil lanean, festibala aurrera atera eta urtez urte hobetzeko. Hala, gurekin bat eginda, agerraldia egin dute Makilaren Kofradiako kideek eta Bizkaiko sukaldari ospetsuenetako batzuek, besteak beste. “Osagai onenak izanda eta elkarlan-saltsaz ondo lodituta, ekimen horrek, Lehiaketa Gastronomikoak bezala, gure jai-ereduaren isla argia ematen du: jai herrikoiak eta parte hartzaileak lapikoetan ere bizi izaten ditugu. 1978tik gure sustraiekin batera hazi da Txapelketa Gastronomikoa, lan eskergaren ondorioz”, nabarmendu dugu.
Ekimenari ospakizun-puntua eman dio V. Koilara Handia Sariaren banaketak. Bosgarren aldia da garaikur hori banatzen dutena, eta aurtengo koilara Herri Irratia – Radio Popular irratiarentzat izan da, bilbotar denen egunerokotasunari eta sukaldaritza ezagutarazteko egiten duen ekarpenagatik. Saria Jesús Mari Orella Herri Irratia – Radio Popularreko kudeatzaileak jaso du, kazetari eta langile denen izenean.
Ezinbestean, Bilboko Konpartsen Arrain Fish Festivalen aurkezpena amaitu da lapikoen artean, Aste Nagusian kozinatuko diren plateren dastaketarekin.