Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dugu Bilboko Konpartsok
Aste Nagusiaren 40. edizio honetarako guztira 545 ekitaldi programatu ditugu konpartsok. Haurrentzako programazioa eta ekitaldi kulturalak dira Bilboko Konpartson Federazioaren aurtengo apustuak.
Bilboko Konpartsak federazioaren ordezkariek 40. Aste Nagusia izango denaren programazioa aurkeztu dute gaur Arriaga plazan, 28 konpartsotako kideek lagunduta. Haizea Goitizek eta Galder Antonek aurkeztu dituzte, federazioak abuztuaren 18 eta 26 bitarterako prestatu dituen 545 ekitaldiak. “40 urte ez dira ezer, eta oraindik ere etortzekoak direnak!”, adierazi dute.
Izan ere, gure jaietako txikiek jasoko dute eredu horren lekukoa, baina orain ere badira horren protagonista. Karpatxo eta Mekanitxin pertsonai berriek lagunduta, haientzako hainbat ekintzatan gozatu ahal izango dute: umeen kalejira, “sortu zure txosna”, Irrien Lagunak, Lekittoko Deabruen piroteknia-tailer harrigarria, eta txikien saio gastronomikoak, besteren artean.
Lehiaketa Gastronomikoak txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak ekarriko dizkigu aurten ere. Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilaz betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta iaz estreinatutako patatak saltsa berdean, denak ere lehiaketa gastronomikoaren parte. Baina aurten listoia apur bat gorago jarri dugu konpartsok eta bestelako berrikuntzak ditugu denontzako prest; Pedro Prieto Lehiaketa Gastronomikoko presidenteak zehaztu dizkigu gatz tailerra, Showkaldaritza, kontserbak… Aurten bakailaoari omenaldi berezia egingo dio gastronomikoak, baita gure ortuetako “zero kilometro” produktuei ere.
Horrelako otordu oparo eta mahainguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera gurean kirolari ekiteko: “Badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola urtetik urtera parte-hartzaile gehiago dituzten aerobithoia, kukaña, igel-toka edo herri kirolak”, azaldu dute konpartsetako ordezkariek.
Bilboko Konpartsok eskertu nahi izan dugu, halaber, Aste Nagusian kirol ekitaldiak antolatzen ekarpen handia egiten duten federazio eta taldeen lana. Aurten azpimarratzekoak dira: itsasadarreko waterpoloa; Ripa kaiko ur-ekimenak; Goitibehera Open-a txikientzako jaitsiera berriarekin; eta Xuri Beltz klubeko xakea, aurten Salbatzaile dantza-taldearekin batera xake bizidun batekin harrituko gaituena. Eta nola ez, 11 kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa.
Aurrekoez gain, eta Aste nagusiko 40. urteurrena ospatzen jarraitzeko, kaleko zinema berreskuratuko dugu konpartsok, eta ostegun gauean Herrialde Katalanetatik etorritako correfoc-ek berotuko dute jai-eremua, Euskal Herriarekin senidetuta.
Guztira konpartson 545 ekitaldi izango dira, tartean, kontzertu, antzerki-emanaldi eta kultur-proposamen anitz, doakoak dan-danak. Horren beste adibide bat izango da txalapartaren munduak Joxean Artze artista zenari egingo dion omenaldia, lehenengo igandean.
Efemeride biribila baliatuta, Aste Nagusiaren sorkuntza eta 40 urteotako ibilbidea jasotzen duen erakusketa paratuko du Euskal Museoan federazioak esku hartzen duen Jai Batzorde Mistoak.
Eta inork ezer gal ez dezan, laster Bilboko Konpartsak app-aren bertsio berria aterako du federazioak, sakelako telefonoan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko. Laster izango da eskuragarri musutruk Google Play-n eta Apple Store-n. Bertan, aurkitu ahal izango dira konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak.
Momentuz, bilbokokonpartsak.eus webgunean eskuragarri dago egitaraua, lotura honetan:
2018ko Aste Nagusiko egitarau osoa hemen.
Bukatzeko, Bilboko Konpartsak federazioak deitu du Aste Nagusia erasorik gabe bizitzera: “Denok gaude gonbidatuta disfrutatzera, inor izorratu gabe; gure jai herrikoi eta feminista hauetan lekurik ez duten bakarrak baboso eta erasotzaileak baitira, soberan daude”, gogorarazi dute Goitizek eta Antonek.