Larunbatean ospatuko dugun Konpartsakide Eguna aurkeztu dugu gaur goizean
Aste Nagusiaren aurrekari, tokiko produktuak dastatu ahal izango dira larunbatean Bilboko Areatzan, Aste Nagusira begira motorrak berotzen hasteko konpartson arteko festa ospatuko baitugu . Aurten haurrei protagonismo berezia emango diegu, historikoa izatea espero den 40. Aste Nagusiaren atarian, eta horren erakusgarri izango dira gaur aurkeztu ditugun Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak.
Aste Nagusia hurbiltzen ari dela seinalatzen du, urtero, Bilboko Konpartsok uztail erdialdean ospatzen dugun Konpartsakide Egunak. Hilabeteak daramatzagu 28 konpartsok eta Bilboko Konpartsen Federazioak gure 40. urteurrena seinalatuko duen abuztuko jai handiaren prestaketa-lanetan, baina begirada belaunaldi-erreleboan jarrita, haurrei arreta berezia eskainiko diegu aurtengo Aste Nagusian, horregatik aurtengo berritasun bat aurreratzeko baliatu dugu gaurko agerraldia: haurren programazio berezia gidatuko duten Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak.
Larunbatean, konpartson arteko herri-bazkaria, pintxo-lehiaketa, erromeria eta haurrentzako ekitaldiak bilduko dituen egitaraua osatu dugu, eta tokiko produktuek garrantzi handia izango dute Areatza aldean, izan ere, konpartsakideon festa handiarekin bat egin nahi duen ororentzat, Eusko Labelen eskutik ekarritako tomate eta piper berde dastaketa eskainiko da eta Bizkaiko Txakolinaren botilakada batzuk izango ditugu topa egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiegu Eusko Labeli eta Bizkaiko Txakolinari, Bilboko Konpartsoi eta Aste Nagusiari ematen dioten babesagatik eta egiten duten produktuen ekarpenagatik.
Baina larunbateko ekitaldiak aurkezteaz gain, gaurko agerraldia Aste Nagusiko bi pertsonaia berri aurkezteko baliatu dugu, izan ere, aurten, 40 urte bete arren, inoiz baino gazteago etorriko da Aste Nagusia, umeentzako izugarrizko programazioarekin. Urtero sortzen eta birsortzen den jai herrikoi eta parte-hartzailea izanik, egungo haurrei dagokie haur moduan gozatzea eta bihar-etzi, konpartsakide moduan, beraien erara egitea egokituko zaie. Horregatik, gaurkoan, haiekin batera protagonismoa izango duten haurren bi lagun aurkeztu ditugu: Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak. Konpartsakide egunean bertan estreinatuko dira, eta Aste Nagusian egunero haurren ekintzak girotzen izango ditugu.
Bi pertsonaia hauek patinete gainean gidatuko dituzte, ziztu bizian, gure txikiak Aste Nagusirako jada abian ditugun egundoko hainbat ekintzatan parte hartzera: goitibehera tailerra, Gastro Txikia, piroteknia tailerra, “sortu zure txosna”, umeen kalejira… eta beste hainbat ekintzatan.
Bukatzeko, konpartsakide-egunean ez ezik, urte osoan zehar eta jai-esparru guztietan oro har emakumeok jaiak libre bizi behar ditugula gogorarazi nahi dugu, bada garaia behingoz emakumeok jaiak libre bizi izateko, bestela ez baitira jai herrikoiak izango, bestela ez baitira jaiak izango!