Bilboko inauteriak
Datozen inauteriak direla eta, udal gobernuak Jai Batzorde Mistoan adierazitako jarreraren aurrean Bilboko Konpartsok gure harridura adierazi beharrean gaude. Bertan udal gobernuak jakinarazi zigun azken urteotan udalak Kale Nagusian antolatu izan duen alde bakarreko desfilea bertan behera utzi beste erremediorik ez zuela jasaten ari garen ekonomia-krisiaren ondorioz.
Bilboko Konpartsok adierazi genuen antolakuntza ahalegina eta diru ahalegina egiteko prest geundela Bilboko inauteriak desfile bakarra egin ahal izan zezan, Jai Batzorde Mistoak antolatua eta, ohiturari jarraituz, Kale Nagusian behera ibil zedin.
Proposamen hau Batzorde Mistoko gehiengoak babestu zuen, baina zinegotziak azaldu zuenez, desfilerik antolatu ez arren, udalak ez zuela baimenduko konpartsak Kale Nagusitik igarotzeko, desfilea udalak antolatuko dituen zehaztu gabeko bestelako ekitaldiekin bateragarria izango ez delako.
Egoera absurdo hau behingoz bukatzeko ordua dela uste dugu, bilbotar guztiei desfile bakar bat Kale Nagusian eskaintzeko, udalarena edo konpartsena baino, bilbotar guztiena izango den desfilea antolatzeko, hasieratik behar zuen legez.
Inork ezin du ulertu Bilbon inauterietako hainbat ekitaldi elkarlanean antolatzeko gai izatea Farolin eta Zarambolasen epaiketa, Umeen desfilea, Sardinaren ehorzketa… eta, hala ere, desfilearen kontuan oraindik elkar ulertzeko gai ez izatea.
Garaia da egun zentzurik ez duten ika-mika zaharrak baztertzeko. Udal gobernuari hausnartzeko, herritarren eta Jai Batzorde Mistoaren eskaerari kasu egiteko eskatzen diogu. Hau da, Bilbok izan dezan inauteri batua, herritarra, librea, parte-hartzailea, alaia, lotsagabea, anitza, integratzailea, dibertigarria, bihurria eta irudimentsua. Hain zuzen ere, Bilbok eta bere jendeek merezi duten inauteria.
Gora inauteria!