Bilboko Konpartsek bazekiten
“The City Mayors Foundation” fundazioak iragarri du, Berorren Udal Gorentasuna, Iñaki Azkuna Jauna (hemendik aurrera BUG) Munduko Alkaterik onena dela. Hori sorpresa!
Ondorio honetara ailegatzeko luze ibili dira eztabaidan eta are lotsagarriagoa dena, BUG beste Munduko Alkateekin alderatzen ibili dira! Gauza guztiz zentzugabea dena, Begoñako Ama errekako itsas-arratoiekin alderatzea bezain zentzugabea.
Bilboko Konpartsok, bilbotar guztiek bezalaxe, bagenekien BUG Munduko Alkaterik onena dela. Mundukoa, Eguzki-Sistemakoa, Galaxiakoa eta, hortaz, Unibertsokoa. Eta ez soilik Alkaterik onena, baizik eta pertsonarik onena, dotoreena, txireneena, eskuzabalena, apalena eta ederrena ere. Eta honaino helduko gara, zeren jakin badakigu BUGek ez duela koipetua izatea batere gustuko eta ez dugu nahi “tiralevitas” batzuk garela entzutea.
Gaur guztiz bilbotarra eta adierazgarria den Arte Eder Museoan elkartu gara Bilboko Konpartsen inauterietarako programazioa ezagutarazteko. Zuek asmatutako polemika batez markatutako programazioa izango da, bai, zuek prentsa “canallesca” delakoaren parte zareten neskato eta mutilkoak.
Zuen berriketa-lekuetan BUGek Gran Viatik desfilatzea debekatu egin digula eta horregatik guztiz atsekabeturik gaudela esan egin da, baina bai zera! Bilboko Konpartsetan jakin badakigu BUGentzat bere seme-alabak bezalakoak garela. Izan ere, ziur gaude elkarrizketaren batean BUGri hauxe esaten entzun zaiola: Konpartseroak piiiiiiii kumeak dira!! (ez dugu esaldi osoa entzun baian ziur gaude “gure kumeak” esan duela).
Gauza da, hain Aita ona izanda, eta Bilboko Inauterietan beti izaten dugun eguraldi eskasa kontuan hartuta, BUGek desfilearen ibilbidea laburragoa egiteko aukera oparitu egiten digula katarroa ez harrapatzeko. Beste aldetik, jakin izan dugu, Gran Viatik desfilatzen tematzen baginen, Udaltzain multzo batzuk bidaltzeko prest zegoela, gu guztiok berotzeko eta horrela burutuk beherakoak ekiditzeko. Horrenbesteko paternalismoak txunditu egiten gaitu.
Bilboko Konpartsok inauteri hauek, BUGentzako merezitako omenaldi eder bat bihurtzea erabaki dugu. Gaur, Arte Ederretako Museoari egindako kuadro honen dohaitzarekin hasiko dugu omenaldia. Kuadro honek, BUGen pertsonalitatea ezin hobeto jasotzen du, eta pinakotekaren lehentasunezko lekuan ikusgai egotea merezi du, bilbotar eta bisitarien gozamenerako.
Hemen gurekin dugun durangotar, eta berez BUGen herrikidea den Mikel Aingeru Buonarrotti pintore ospetsuak egindako oleo bat da.
Koadroan BUG langile eta umil ikus dezakegu, txikitzen gaituen krisiagatik guztiz arduratua. Ia ezkutaturik Alkatearen Makila ikus dezakegu eskuan, lotsati gordetzen saiatzen bada ere. Berdin Legioaren Jaun Ohorezko Gurutzearekin, erreparatzen ez duenarentzat ia sumagaitza dena. Bere aurpegia inauterietako mozorro baten atzean ezkutatzen da, berak protagonista izateko ez duen gogoa eta benetan duen jai eta inauterietarako gogoaren adierazle.
Bilboko Konpartsok BUGeri eskeiniko diogun omenaldi eder eta erraldoiaren aurrerapen txiki bat baino ez da gaurkoa. Datorren otsailaren 9ko desfilean egingo duguna ezusteko berezi eta handia izango da, bertara hurbilduko diren lagun guztiak aho bete hortz uzteko ahalegin guztiak egingo ditugu. Egoki da eta zuzen eta, batez ere ahanztezina izango da.
Pontxe eta tostaden bigarren edizioarekin hasiko gara, Inauterien aurreko domekan izango da Plaza Barrian eguerdiko 12:00etan.
Eta inauterietako datetan sartuta, otsailaren 7an osteguna, Plaza Barrian Farolin eta Zarambolasen epaiketa eta gero txorizo banaketa egingo dugu eta 20:30 aldera Alde Zaharrean zehar Trapu Zaharrak kalejirari hasiera emango diogu. Kalejira honetarako trapu zaharrez betetako kutxa batzuk izango ditugu nahi duen guztia mozorratuta joateko.
Eta iragarri bezala otsailaren 9an, larunbata arratsaldeko 6etan Desfilea egingo dugu (ez ahaztu gure omenaldirako sorpresa!) Plaza Zirkularretik abiatuta Buenos Aires kalea zeharkatu Udaletxeraino, hortxe desfilearen epaileak egongo dira balorazioa egiteko eta gerora banatuko diren sariak aukeratzeko, eta hortik Arriagaraino joango da desfilea. Sari banaketa gaueko 21:00ak edo 21:30 aldera izango da Plaza Barrian.
Domekan, otsailaren 10an, berriro Plaza Barria berreskuratzen dugu Indaben Lehiaketarako. Goizeko 9:00etan hasi egingo dena eta izena ematea doakoa izango da.
Eta amaitzeko Sardinaren ehorzketan Bilbo osoa parte hartzeko deia egiten dugu, arratsaldeko 19:30ak aldera Plaza Barritik Arriagaraino joango da. Bertan sardina erretzen ikusiko dugu eta inauterien amaiera izango da.
Herriaren parte-hartzearekin eta gure omenaldi sentikorraren bitartez benetan BUGen eta berak jasotako sari ospetsuaren neurrira egotea bihotz bihotzez desiatzen ari gara.