Mozorro-lehiaketak kolorez, eta umorez bete du Bilboko erdigunea
Euritan blai bada ere, giro aparta izan da gaur Bilboko erdigunean. Jai-batzorde Mistoak Mozorro onenei sariak eman dizkiegu, Aratusteetako mozorro-lehiaketan.
Mozorroz eta karetaz bete da gaur Bilboko erdigunea. Kaliforniako hegoaldean sekula euririk ez den arren, Far West-ez edo Mendebaldeko Urrutiaz girotutako Bilboko Aratusteetan barra-barra ibili dira tantak goitik behera. Kalean, baina, milaka bilbotarrek aurre egin diogu euriari; mozorro eta kareta klasikoak eta berritzaileak ikusi dira; norberaren nortasuna gordetzekoak eta ulertzeko bat ere errazak ez zirenak. Den- denek osatu dute jai-giro bizia eta koloretsua. Umorea eta glamourra ere ez dira faltan izan. Epaimahaiak azpimarratu du mozorroen kalitateari eta koreografioaren alaitasunari aitortzen dien garrantzia eta gaurkoan zail izan du ebazpena. Honako hauek izan dira aurtengo mozorro-lehiketaren irabazleak:
TALDEAK
-
Lehen saria: Marineras tragabolas.
-
Bigarren saria: Langostinos de Bilbao.
-
Hirugarren saria: Grupo de lactancia del ambulatorio de Errekalde.
KONPARTSAK
-
Lehen saria: Moskotarrak.
-
Bigarren saria: Mamiki eta Sin Kuartel.
-
Hirugarren saria: Txinbotarrak.
BANAKAKOAK
-
Lehen saria: Rocket.
-
Bigarren saria: Fondo marino.
-
Hirugarren saria: Cleopatra.
Aratuste-zapatua dagoeneko iragana bada ere, Aratusteak ez dira amaitu, inondik inora. Gaur, domekan, indaba-lehiaketa, Gargantua, buruhandi eta erraldoiak eta euskal dantzen txanda izan da, Plaza Barrian eta Arriagan. Astelehenean, umeen eta sendien eguna izango da, kontzertuaz eta tailerrez gozatzeko aukera izango dutena, Plaza Barriko karpan. Eta, zoritxarrez, martitzenean, sardinaren hiletan agur esango diegu Aratusteei, negar eta su artean. Gure sardina maiteari egingo diogu agurra, Arriaga Antzokiaren aurrean.