Aratusteetako fiskaltzak zigor potoloa eskatu du Farolin eta Zaranbolasentzat biharko epaiketari begira

 

Ostiral arratsaldean atxilotu eta 19:30ean Plaza Barrian epaituko dituzte Bilboko Aratusteetako pertsonaia txireneak, Mikel Martinez aktorea eta La Basu rap kantaria. Biek ala biek, epaiketari egin beharko diote aurre, konpartsetako aktore amateurrekin batera. Plaza Barrian bildutakoek streaming bidez jarraitu ahal izango dute epaiketarainoko ibilbidea.

Gogora dezagun nortzuk diren Bilboko Aratusteetako pertsonaia hauek:
FAROLIN​ esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan–, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultra”-k (Beti haratago) labur dezake bere ustea. Dagokion kolorea zuria da.
ZARANBOLAS​, aldiz, gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona.
Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburtzen du bere bizi-lema.
FAROLIN 2018: Mikel Martinez – Aktore eta ostalaria
Ez Dok Hiru bikoteatroaren parte, Patxo Telleriarekin batera, urteak daramatzate bikote artistiko bezala lanean antzerki-obrak sortu, ekoiztu eta antzezten. Aktore-pertsonaia biren elkarrizketetan oinarritutako hitzezko umorea eskaintzen dute, edozein txokotara heldu ahal izateko moduko formatuan eta euskara hutsez.
Bilbon, Plaza Barriko Café Bilbaoren zaindaria dugu, tradizio handiko taberna eta Aratusteetan apain-apain
mozorrotu ohi dena.
ZARANBOLAS 2018: La Basu – Rap-kantaria
Egungo hip-hop eszenako erreferenteetako bat dugu Elena Caballero, La Basu izenaz ezaguna. Urteak daramatza euskarazko rap musika Euskal Herri osoan zehar zabaltzen. Aneguriarekin batera “Eskina
Femenina” proiektuaren arduradunetakoa da, emakumeek egindako rap musika ezagutarazi eta zabaltzeko sortutakoa.
Bilbotarrok epaiketarainoko kalejiran parte hartzeko gonbitea 1984an Jai Batzorde Mistoko kideek “Farolin eta Zaranbolas” pertsonaiak asmatu zituzten Bilboko Aratusteetarako. Orduan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Gure hiribilduan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore ukitua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko. Gaur egun, Farolin eta Zaranbolasen aurkako herri-auzia haien atxiloketarekin hasten da, udaletxean. Bilboko uriko mazukariek gure protagonistak lagunduko dituzte ziegetara. Behin ziegatan sartuta, Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu Plaza Berrira arte, bilbotarron irainak medio, ibilbidean zehar. Berrikuntza legez, aurten, Plaza Barrian zain egongo diren herritarrek zuzenean ikusi ahal izango dute kalejira, bertako pantaila erraldoian.

Hala, Bilbotar guztiak daude gonbidatuta aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan presta ditzaten: Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere; eta Bariku Mehean, otsailaren 9an, mozorro horiek jantzita joan daitezen Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara.

Plaza Barrian daudela, epaiketari hasiera emango zaio; konpartsakideak izango dira abokatu, fiskal eta lekukoen antzezlanetan ibiliko direnak. Haien defentsarako azalpenak emanda, auzi-aretoko ahots gorenak epaiaren berri emango du, eta Farolin eta Zaranbolas ziegetara itzuliko dira haien “Aratuste-zigorraren” zain. Plaza Barritik Santiago plazara eramango dituzte protagonistak. Bertan, urkatokian daudela, herri auziari amaiera emango dion burla, trufa eta eskarnioa egingo dira. Hor bukatuko da epaiketa, eta, ondoren, aurtengo kopla txikien lehiaketako Hontzak talde irabazleak beste behin abestuko du aurtengo bere kopla txikiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude