Bilboko Aratuste handiaren programazioa aurkeztu dugu gaur
Negu euritsu eta hotz honen erdian, kaktus, basamortu, indio eta bakeroak burura ekarrita, Aratusteen egitarau zabala aurkeztu dugu gaur Bilboko Jai-batzorde mistoko kideok, Bilboko Euskal Museoan.
Zapatu honetatik, otsailak 3, martxoaren 13ra bitartean, Bilboko Aratusteak ospatuko dira. Jai-batzorde mistoak gaur egin duen agerraldian azaldu dugunez, “denbora luzez urre bila aritu ostean, duela lau urte abiatu genuen asmo handiko Aratuste eredua, eta sendotze-bidean dagoen altxorra dugu jada”. Beterik ekarri dugu zakua, “jende askotarikoaren gozamenerako proposamenez lepo” gehitu dutenez. Gainera, programako ekintzetako batzuk nabarmendu ditugu.
Otsailaren 3an, zapatuan, antzinatik berreskuratu eta sendotutako kopla txikien lehiaketa izango da. Aurten Kafe Antzokian ospatuko da kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia. Guztiontzako ireki eta doakoa, eta, amaiera gisa, The Bon Scott Band taldearen doako kontzertua izango da gozagai. Ekimen horrekin abiatuko dira aurtengo Aratusteak.
Eguen Gizenean, otsailak 8, berrikuntza izango dugu aurten; iluntzean, Fritanga elektrotxarangarekin girotuko baitira Zazpi Kaleak eta, ondoren, bi talderen kontzerturekin jarraituko du jaiak Plaza Barrian: Mississippi Queen taldea lehenengo, eta Ou Mama, ondoren.
Aurkezpenean,deia egin diegu bilbotarrei aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan prestatu ditzaten:Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere, eta Bariku Mehean, otsailaren 9an, mozorro horiek jantzita joan daitezen Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo diegun epaiketara.
Eta Aratuste Zapatuan, otsailaren 10ean, kalera ateratzera deitu dugu. Izan ere, Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dugu bete-betean, egun osoz, zapatuan: festa, besterik ez da izango.
Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da, eta eguna jai gunean ematen dutenen abenturazale nekaezinentzako herri bazkaria prestatuko dugu Albiako karpan. Gainera, hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu dugu inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa…
Arratsaldeko 19:30etan, Plaza Biribilean emango zaio itxiera jai guneari: 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla kantatuko dugu, atzera kontua egin eta… “baietz aurten botila erraldoiari kortxoa kendu!” desafioa bota dugu Jai Batzorde mistoko kideok.
Bestalde, agerraldian argi utzi dugu ez dugula onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik: “Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, halakoek ez dute lekurik gure territorioan! Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira!”.
Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean gabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu dugu. Adierazi dugunez, “Aratuste-eredu hau urruneko mendebaletik eta Bilboraino ekartzeko esfortzuan ez gaude bakarrik, gurekin ditugu zaldi gainean hainbat eta hainbat lagun. Oso argi dugu; Bilbotar guztion artean eraiki behar dugu, eta pozik esan dezakegu gure karabanara gehitu direla jada Bilbo erdialdeko eta Alde Zaharreko eragile asko eta asko: tabernari, dendari, auzo-elkarte,… Eta nahaste zoro eta koloretsu horretan, abenturazale garrantzitsuenak zaratenok gonbidatu nahi zaituztegu gaur: kaleko jende, gazte edo zahar, bilbotar peto edo bisitari, izan bidaiari edo errefuxiatu, danak zarete ongietorriak, guztion artean Bilboko Aratuste Handiak eraikitzeko”.
Nabarmendu ditugun ekintzez gain,aski ezagunak eta ospetsuak diren igandeetako txapelketa gastronomikoak aurkeztu ditugu: pontxe eta torrada txapelketa, otsailaren 4an, eta neguko giroan sabelak epeltzeko, sasoi betean dauden bertoko indaben txapelketa, otsailaren 11n.
Bariku mehean eskola umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik. Eta martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra”, aipatu dugunez.
Egitarau-liburuxkak doan eskuratu ahal izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.