Nekazaritza defendatuko dugu Bilboko Konpartsok, San Tomas egunean jaia eginez
Bilboko Konpartsok Bizkaiko baserritarren egun nagusian izango gara bihar, ostegunean, San Tomas azokan. Jai-egitarau zabala eskainiko dugu; gainera, ohiko txerrikien eta ortukarien zozketan bildutako dirua Tosu Betirako ekimenari emango diogu, lehen sektorea defendatzeagatik.
Konpartsok berretsi egingo dugu bihar “gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu berri baten aldeko apustua”. Ohi bezala, San Nikolas elizaren ingurua dinamizatuko dugu, musika, bertsoak eta bertoko jana eta edana ez dela faltako, Areatzako eta Plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza-eskaintza osatuz. Azkenik, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango da, Bilboko Konpartsen egutegiarekin batera.
Programazio-arloan, txosna goizeko 11:00etan zabalduko da. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diogu, txalapartaren doinupean. 13:00n izango da bertsolarien txanda; Garazi Navarrok, Oihana Bartrak eta Maialen Akizuk abestuko dute, Iker Uribarren gai-jartzailearen proposamenen gainean. 14:00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik. Bazkal ostean eta eguna itxi arte, Gora Herria erromeriak dantzan jarriko ditu hurreratuko diren bilbotar eta bisitari denak. Tartean, 18:30ean, zozketa burutuko dugu, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoak; txosnaren eszenatokitik egingo dugu. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.
Zozketan parte hartzeaz gainera, hormako egutegia Aste Nagusiaren irrika lasaitzeko baliagarri egingo dute konpartsek; ez da ahaztu behar 40. urteurrena beteko duela hurrengo edizioak. Zozketako dirua emango diote Tosu Betirako ekimenari, Getxo udalerriko Tosu estratan ortu kolektiboa eta Lehen Sektorea defendatzen dituen erresistentzia-kanpaldiari.