Aste Nagusia oraindik ere inklusiboagoa izan dadin, keinu-hizkuntzan trebatuko gara Bilboko Konpartsak
Joan den asteburuan, urteko balorazio-bilera egin dugu Bilboko Konpartsak federazioa osatzen dugun 29 konpartsetako ordezkariok; ildo nagusiak ezarri ditugu, 2017-2018 ikasturteari eta Aste Nagusiaren 40. urtemugari begira.
Denentzako jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun, parekide eta askotarikoen eredua indartzeko bidean, balioetan sakontzeko apustua berretsi du Bilboko Konpartsak federazioak, joan den asteburuan egindako urteko hausnarketa-batzarrean. Hala, konpartsok konpromisoa hartu dugu keinu-hizkuntza ikasteko trebakuntza bideratzeko, entzumen-dibertsitate funtzionala duten pertsonek Aste Nagusia gusturago eta errazago goza ahal izan dezaten.
Bilboko Konpartsok hasi gara dagoeneko Aste Nagusiaren 40. urtemuga prestatzen, orain arte izandako festarik zabalena izan dadin, maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Horregatik, jai-eredu parte-hartzailean sakonduko dugu, aurten entzumen-dibertsitate funtzionala duen kolektiboari arreta berezia eskainita, besteak beste.
Horrekin batera, San Tomas eta Aratusteak antolatzeko lehenengo lanak abiarazi ditugu Bilboko Konpartsak federazioa osatzen dugun 29 konpartsetako hirurogei kidek baino gehiagok, urte osoan ditugun kanpo- eta barne-lankidetzen eta aliantzen hausnarketa egiteaz gainera.
Urtero biltzen gara Bilboko Konpartsak osatzen ditugun konpartsetako ordezkariak bi egunez, jai-egutegiko azken urratsa den Aste Nagusiaren ondoren, azaro aldera. Aurretik, konpartsa eta lantalde bakoitzak bere balorazioa egin eta jaiurte berrirako proposamenak lantzen ditu. Bilkura handi horretan, hainbat hobekuntza-proposamen eztabaidatzen dira, urteko lan-lerroak eta plangintzak adosteko. Aurten ere, parte hartu dugu Bilboko Konpartsak federazioa dinamizatzen duten sei lan-batzordeek, 29 konpartsek eta denen ordezkari den jai-batzordeak.
Hirurogei konpartsakide inguru elkartu gara aurten, batez beste % 50 emakumezkoak eta beste %50 gizonezkoak, eta, nagusiki, indarrean dagoen ikasturteari begira, honako hauek izan dira adostu ditugun lan-lerro nagusiak: entzumen-dibertsitate funtzionala duen kolektiboari arreta egiteko formakuntza zabaltzea konpartsakideen artean; erasorik gabeko jai-ereduaren bidean, gaia urte osoan zehar lantzen jarraitzeko planteamendua indartzea; parte-hartzea sustatzeko ahaleginean Bilboko Konpartsek urte osoan zehar egiten dugun lana gizarteratzeko plangintzak adostea; eta kontsumo arduratsuaren aldeko lan-lerroetan sakontzeko urratsak egiten jarraitzea.