Izendatzen ez dena, ez al da existitzen?
Azken egunotan azaldu diren zenbait erasoren susmoen inguruan, eta horiei dagokienean bai herritarren bidez edo konpartsakide jakinen bidez ezagutu ditugunen inguruan, epaitegietan nahiz komisaldegietan salatuak ez izanagatik ere, Bilboko Konpartsok hau adierazten dugu:
Gaur, Aste Nagusiko bigarren larunbata denean, erasoen aurkako gure errefusa adierazten dugu, salatzen ez diren eraso sexistak ere, izan badirelako. Bilboko Konpartsetatik erasoen aurkako protokoloa aktibatzen dugu, baldin eta eraso larri bat jaso duenak salaketa bat egin badu halako baten inguruan; edo, horren ezean, protokola aktibatu daiteke erasotuaren zuzeneko testigantza baldin badugu, eta, betiere, pertsonaren oniritzi eta adostasunarekin. Kontu konplexua da. Aurtengo Aste Nagusian ez dira protokoloa aktibatzeko baldintza guztiak bete, baina horrek ez du esan nahi erasorik ez denik gertatu, eta atsekabez diogu hori. Horregatik, ezin gara ixildu eta gertatu diren zenbait eraso estali. Gertatu dira, baina modu batean edo bestean, ikusezinak dira.
Erasoekin lotutako mito handi bat da halakoak kalean gertatzen direla, eta ezezagunengandik datozela, baina Bilboko Konpartsetatik beste zenbaitetan adierazi dugun bezala, oraingoan ere azpimarratu nahi dugu usteak erdiak ustelak direla, eta uste hori ere okerra dela, oso zabaldua gainera. Jakin behar dugu badirela erasoak aipatzen ez direnak, edo ustez arinak izanagatik, ikusezinak direnak. Baina izan, badira. Badira, eta baldintzatzen gaituzte.
Eraso sexualen inguruko datuak kezkatzekoak dira. Gertatzen diren seitik bat baino ez da salatzen.
Aurrean dugun beste arazoetako bat sistema soziosanitario, juridiko eta kulturala bera da; izan ere, eraso bat antzemateko bideak jarri nahi badira ere, sarri askotan, gehiegitan, erasoa ezkutatzera bideratzen baikaitu, ukapenera, eta, finean, babesgabetasun-egoerara. Zainduko, babestuko eta errespetatuko gaituen sistema behar dugu.
Gure jaietan pertsona guztientzako tokia nahi dugu, bere jatorria, generoa nahiz sexu-identitatea edozein dela ere. Baina zehaztu behar dugu; ez dago guztiontzako tokirik, ez ditugu nahi ikaratzen eta behartzen gaituztenak, ezta gure konfiantzaz abusatzen dutenak ere. Ez ditugu erasotzaileak gure artean nahi, eta ez dugu nahi halakoak jaietan inpunitatez ibiltzerik.
Ez ditugu nahi erasoak onartzen dituztenak, erreakzionatzen ez dutenak. Nazkatuta gaude. Jakin badakigu, permisibitate handia dagoela jendartean zenbait jokabide erasotzaileren aurrean, eta, oraindik ere, ezarritako gidoiaren parte gisa onartzen direla. Onarpen horrek emakumeenganako indarkeria iraunarazten du.
Agian zuk zeuk ez duzu zuzenean ezer egin, baina zure laguna neska bat gogaitzen, baboseatzen edo jazartzen zegoela ez baduzu moztu, konplize zara.
Agian zuk, hasieran, joko gisa bizi izan duzu, baina gure nazka aurpegia, gure lehenengo, bigarren eta hirugarren ezezkoa jaso dituzunean, gure errefusa jaso duzunean, eta, hala ere, zure ligatzeko super estrategian ekinean jarraitu duzunean, gu erasotu gaituzu.
Emakumezkoon borondatea makurrarazteko zure ekintza guztiak, emakumezkoon baiezkoa behartzeko zure ekinza guztiak indarkeria dira, eraso dira, eta krimena.
Emakumeon Aurkako Indarkeriaren inguruko Europako Inkestaren arabera, emakumeon aurkako jazarpen sexualaren mota ohikoena begirada lizunen bidezkoa da, deseroso sentiarazen gaituztenak, eta horren segidan, ongietorriak ez diren ukitzeak, eskukatzeak, besarkadak edo muxuak.
Bortxaketaren kultura, emakumezkoon baliogabetze etengabekoa eta estereotipo sexisten transmisioa, edo errudun sentiarazteak, modu zuzenean nahiz zeharkakoan, emakumeon bizitzarako eta askatasunerako oztopo dira.
Erasoak ekiditeko estrategia egokiak diseinatzeko, eta halakoak pairatzen dituztenei behar bezalako zaintza egiteko, indarkeria sexistaren agerpen zehatzak zerrendatu behar dira. Garrantzitsua da horiek antzemateko egon daitezkeen zailtasunak ulertzea, gertakarien testuingurak neurtzea, eta horiek ulertzeko moduak eraldatzea.
Erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde!
Inongo erasorik ez erantzunik gabe!