Jai-ereduaren, gure ikonoen eta adierazpen-askatasunaren alde!
Dignidad y Justicia elkarte ultra-eskuindarrak iragarritako salaketen aurrean, Bilboko Konpartsak Federazioak honako hau adierazi du:
Atzo eta gaur, zenbait komunikabidek plazaratu dituzte Dignidad y Justiciak konpartsen aurka iragarri dituen salaketen inguruko informazioak. Elkarte ultraeskuindar horrek txupinera, federazioaren hiru konpartsa eta federazio bera mehatxatu ditu, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatearekin, antza, dispertsioaren aurkako eta zenbait euskal presoren eskubideen aldeko dekorazioren batengatik.
Bilboko Konpartsak Federazioak ez du inolako informaziorik balizko salaketa horien inguruan, komunikabideek argitaratutakoaz aparte. Hala, une honetan ezin dugu baieztatu salatuta gaudenik. Halere, zenbait kontu argituko ditugu Aste Nagusiko jai-ereduaren alde:
– Iragarritako salaketa-asmoak gezurretan eta sasi-egietan oinarrituta daudela.
– Oraindik jaso ez ditugun balizko salaketa horietan txupinera nahastea eta izen-abizenez seinalatzea amarru mediatiko-politikoa besterik ez dela, Aste Nagusiko ikonoaren irudia kaltetzeko asmoz.
– Ez dela lehen aldia Dignidad y Justiciak funtsik gabeko salaketak erabili dituena, festak izorratu eta konpartsak kaltetzeko. Inoiz ez du lortu aldeko epairik.
– Bilboko Konpartsok irmo eta tinko adierazi dugu eraso hori ez zaiela txupinerari eta hiru konpartsari bakarrik egin, baizik eta Bilboko Konpartsa guztioi eta bilbotarrek aukeratu duten jai-ereduari egindako erasoa dela.
Bilboko Konpartsok jai-eredu herrikoi hori defendatzen, babesten eta bultzatzen segituko dugula. Eraikitzeko lanetan dihardugula, jendartean dauden hainbat aldarrikapeni ere tokia eskainita. Aste Nagusia denontzako lekua da. Bilboko Konpartsok askotariko iritziak biltzen ditugu, jarrera irekia dugu, eta eraldaketa soziala bultzatzen dugu. Hori txosnen dekorazioetan ere islatzen da.
Urte osoan egiten dugu lan aktiboa, askotariko sentsibilitateetatik Bilbon eta Bilbotik harago modu pluralean eragiteko. Hala, iragarritako erasoa baieztatuz gero, eraso hori Konpartsoi ez ezik, herritar guztioi ere egindako erasoa litzateke, eta ez luke kabidarik gure jai-eredu herrikoian.
Gora txupinera!!! Gora Aste Nagusia!!! Gora jai herrikoiak! Adierazpen askatasuna!!! Eta gora Bilboko Konpartsak!!!