Zapia, jai herrikoien aldeko edalontzia eta konpartson egitaraua, Aste Nagusian lagun.
Bilboko Konpartsak Federazioak aurkeztu dugu gaur goizean Aste Nagusirako antolatu dugun programazioa. Adin guztientzako konpartsakideok agerraldia egin dugu Arriagako plazan, jaietako gailuekin: Bilboko zapi urdina eta «egarria asetzeko» jai herrikoien aldeko edalontzi berrerabilgarria. Konpartsek azpimarratu dute «protagonista nagusiak bilbotarrak eta inguruko herritarrak» direla, «9 egun zoro eta liluragarriak biziko dituztenak. Eurentzat eta euretako askoren parte hartze ezinbestekoarekin, konpartsok aurrera eramango ditugu 529 ekimen Aste Nagusi honetan. Den-denak doakoak eta adin denetako herritarrentzat aproposak».
«Mari Jaia, txupinera eta pregoilaria buru», konpartsek listoia apur bat gorago jarri dugu aurtengoan: «ziztu bizian, abiadura handian, jaitsiko gara lehenengo domekan goitibeheren Astenagusiko IV. Openean. Modu berean, astelehenean, erronka berri bati ekingo diogu lapiko artean, gastronomia-txapelketa egun bat gehiago zabaltzen: tradizio handiko plater begano bilbotarra prestatuko dugu, patatak saltsa berdean, hain zuzen ere. Apustu berri horren bitartez, ohi baino lagun gehiago gastronomikora hurbiltzea espero dugu», adierazi dute.
Baina, Aste Nagusiko sukaldaritza jarduerak oraindik gehiago ere hobetzea «ez da erraza izango, Gastronomia Txapelketa urtez urte bere burua hobetzen duelako. Izan ere, munduan slow food eta zero kilometro filosofien pean eta kalean egiten den itsaskien lehiaketa bakarra antolatzen du: Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival» (BKAFFa). Aste Nagusiko asteazkenetik larunbatera arrain hauek prestatu ahal izango dituzte Areatzara hurbilduko direnek: txipiak bere saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta bakailaoa pil-pil saltsan. Gainera, asteartean, Euskadiko Patata Tortilla Txapelketak segituko du izaten Bilboko sukaldaritza-ekimenik herrikoiena.
Bilboko Konpartsok emandako datuen arabera, «bilbotarrek beren beregi gozatuko dituzten» 529 ekimen horien artean, neska-mutilek aukeran edukiko dituzte 153 tailer, jolas, kirol-ekintza, puzgarriak, suzko-zezenak, eskalada-murrua eta, jakina, gastronomian aritzeko zenbait aukera, gehienak Gastro Txiki gunean.
Kirolzaleek egun berezia izango dute ostiralean, hiri-krosako 11 kategoriaren batean aurkituko dute euren lekua, beti ere izena garaiz eman bazuten. Modu berean, waterpolo- eta xake-lehiaketak eta eskalada bilbotarra izango dira, besteak beste. Horietaz aparte, konpartsek ohiko erronkei eutsiko diegu arraun, ur jolasen eta herri-kirolen demetan, ostiralean eta bigarren zapatuan.
Bilboko Aste Nagusiak bederatzi egunetan etengabea izango du soinu-banda, ereserki baten bidez hasten den bezala. «Zuzeneko 128 kontzertu, hainbat estilotakoak, eskainiko dituzte Bilboko, Euskal Herriko eta nazioarteko ehundaka musikarik, konpartson txosnetan. Gainera, Batzorde Mistoak ere 67 kontzertu antolatu ditu», gogorarazi dute.
Gainera, telefono mugikorretarako aplikazioaren berritasunak aurkeztu ditugu: «Inork ezer ez galtzeko, Bilboko Konpartsak izeneko aplikazioa sortu dugu, modu autogestionatuan, telefono mugikorretan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko. Eskuratu musutruk Google Play-n eta Apple Store-n. Bertan, aurkitu ahal izango dituzue konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak».
Modu berean, deialdia luzatu diegu hiritarrei: «bilbotarrok, zuek zarete eredu herrikoi, parte hartzaile eta parekide honen protagonistak, ez ahaztu! Denok garelako Aste Nagusia, denok eratu egiten dugulako eredu herrikoi hori. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 29 konpartsen ateak eta, nahi izanez gero, norberak berea sortzea ere badu».
Bukatzeko, konpartsakideok topa egin dugu Bilboko Urarekin, Mari Jaiaren, Aste Nagusiaren, jai herrikoien alde eta babosorik gabeko jai gune baten alde. Era berean, gogorarazi dute ez dutela erasotzailerik onartuko jai gunean… ezta Bilbon ere.