Ziztu bizian dator aurtengo Aste Nagusia

Marijaia eta Aste Nagusia badatoz, arin eta modu partehartzailean, gainera. Aurten, jaietako lehenengo asteburuan ekingo diote bilbotarrek goitibeheren jaitsierari, eta edonork izango du maldan behera botatzeko aukera. Txikienek eta gaztetxoek tailer berezia landuko dute, nork bere goitibehera eraikitzeko. Hala, aurten ez bada, datorren urtean aldatsa jaisten anima daitezen.

Goitibeherena Bilboko Konpartsek eskaintzen duten 125 ume-ekimen partehartzaileetako bat da, gastronomiko txikia, hamaika tailer, lasterketak eta abar luze bat bezala. Umeak legez, edozein herritar izan daiteke protagonista aurtengo Aste Nagusian, 9 egunez, 24 orduz parte hartzeko jarduerak izango baitute gozagai.

Berritasunak goitibeheretan

Goitibehera-jaitsieren Open Aste Nagusiaren 4. edizioa abuztuaren 20an egingo da, igandean. Hala, nobedadea da aste batez aurreratuko dela, Aste Nagusiko bigarren asteburutik lehenengora, parte-hartzaileek sasoian eta indarrez beteta egon daitezen.

Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak (EHIKF) antolatuta, eta Eroski Zurekin-ek lagunduta, lehiaketa Euskal Ligaren 9. proba puntuagarria da. Halere, edozein goitibeherazalek har dezake parte; horretarako, izen-ematea egin daiteke EHIKFen webgunean (Ehikf.eus) abuztuaren 15era arte; egun horretan, inskripzioak itxiko dituzte, 22:00etan. Izen-ematea betetzeaz gainera, 16 urtez azpiko neska-mutilek gurasoren edo tutoreren baten baimena bidali beharko dute info@ehikf.eus posta elektronikora edo irteera eraman beharko dute, proba hasi aurretik.

Proba goizeko 11:00etan abiatuko da Zabalbide kaletik, baina parte-hartzaileak goizeko 09:30ean egon beharko dute bertan, egiaztapen tekniko eta administratiboak egiteko. 10:50ean, baieztapena eta kontrolaren itxiera burutu ostean aurkeztuko dute onartuen zerrenda.

Txapelketan, bost kategoria jokatuko dira: Errodamenduen goitibeherak, pneumatikoen goitibeherak, arinak, drif trike eta sari herrikoia. Inertzia-kirolen Euskal Liga joan den otsailaren 4an hasi zen Idiazabalen eta irailaren 30ean bukatuko da, Eskoriatzan. Denera, 13 probek osatzen dute, tartean Bilboko Aste Nagusikoak.

Bestalde, bigarren berritasuna da umeentzako eta gaztetxoentzako goitibehera-tailer bat egingo dela, estreinako aldiz. Santos Juanes plazan izango da, goizeko 11:00etan. Bilboko Konpartsek antolatutako tailer horretan materiala eta behar diren ezagutzak emango dituzte, ume bakoitzak bere goitibehera egiten ikas dezan eta Aste Nagusian berak eskuz egindako goitibehera etxera eraman dezan. Ekimen berri horrek proba partehartzaileagoa eta herrikoiagoa bilakatzea du helburu, Bilboko hiritarrei goitibeheren kultura gerturatzeko. Asmo horrekin ere, bideo bat egingo da goitibehera bat muntatzeko behar diren pausoak azaltzen, konpartsakide zein bilbotar guztiek beraien goitibehera etxean egin dezaten.

INFO GEHIAGO

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude