Gau magikoa izango da bihar Bilboko Etxebarria parkean
San Juan bezpera eta udako solstizioa dela eta, Bilboko Konpartsok gau magikoa prestatu dugu Etxebarria parkean, biharko ekainaren 23rako, ostiralerako.
19:30ean hasiko da festa, lurrari egingo diogun erritualarekin, egun horrek duen esanahi sinbolikoa agertzeko. Ondoren, umeentzako jolas kooperatiboak hasiko dira eta, bitartean Cloverwind taldearen folk musika izango da lagun.
20:30etan hasiko da ohiko txokolate-jana, erabat doan, bertoko abeltzainek ekoiztutako esnearekin eta bidezko merkataritzako txokolateagaz egindakoa. Aurten, txokolate veganoa ere eskainiko da.
22:00etan hasiko da gaueko ekintzarik ikusgarriena: Correfocs Lekittoko Deabruak taldearekin. Jarraian, 22:30ean, San Juan gaueko su berriztatzailea piztuko da. 22:45ean, bertaratuko direnek “Queimada” dastatzeko aukera izango dute.
23:45ak aldera, araoa egingo dute Etxebarrian batutako herritarrek, hasi berri den udari ongietorria emateko eta bertan burutuko ditugun proiektu guztiak giro onez eta alaitasunean bete ditzagun. Horretarako, urarekin topa egingo dute, indar telurikoak euren aldera erakartzeko.
Bestalde, Bilboko Konpartsek antolatutako egitarauaz gain, Bilboko auzoetako jai batzordeek (Auzotarrok) ere hainbat ekintzak prestatu dituzte bilbotarrentzat.
Oharra: ikuskizunean correfocsak egongo diren heinean, antzerkiko pertsonaiei hurbiltzeko eta txinparten azpian jartzeko asmoa duten pertsonei gogorarazi nahi diegu gomendagarria dela erretzen ez den arropa janztea, batik bat arropa bakeroa.
Gaueko gakoak
San Juan gaua. Erritual pagano bat da ingurunearen zikloekin erlazionatuta dagoena eta oraindik egun ospatzen dena. Udako solstizioa urteko egunik luzeena da eta, horregatik, gure arbasoek ospatzen zuten, eguzkiaren eta naturako elementuen miresle baitziren.
Lurra eta zuhaitza. Udaberriaren amaierak Ama-lurra ernaldu du. Uztak biltzeko unea da, baita haziak eta landak ere. Zuhaitzek tximistetatik babesten gaituzte ekaitzetan, eta, urtean zehar, hondamendietatik gordeko gaituzte.
Sua. Suarekin eguna luzatu nahi da, Eguzki jainkoak gauari irabaz diezaion. Sua purifikatzailea da: zorigaitzak erre eta biltzear ditugun uztak babesten ditu bai izurrietatik baita gaixotasunetatik ere.
Ura. San Juan gaueko ura berezia da. Azaleko gaixotasunak sendatu eta saihesten ditu. Gainera, barrutik garbitzen gaitu. Euskal Herrian ohitura izan dira gau horretako ihintzarekin garbitzea, oinutsik zelaietan zehar ibiltzea eta gauerdia igaro eta San Juan gaueko egunsentira arte ondorengo ura edatea iturrietatik.