Balioetan sakontzeko apustua izan da Bilboko Konpartsen urteko asanbladaren emaitza
Asteburu honetan egin dute Bilboko Konpartsak osatzen dituzten 29 konpartsetako ordezkariek urteko balorazio-bilera, eta 2016-2017 ikasturtera begirako ildo nagusiak irudikatu dituzte.
Jai herrikoi, partehartzaile, euskaldun eta parekideen eredua indartzeko bidean, balioetan sakontzeko ahalegina eta kanpo- eta barne-lankidetzak eta aliantzak indartzeko apustua nabarmendu daiteke asteburuan Bilboko Konpartsak osatzen dituzten 29 konpartsetako hirurogeitik gora kideren artean izan diren eztabaiden ondorio gisa.
Urtero, jai-egutegiko azken urratsa den Aste Nagusiaren ondoren, eta konpartsa eta lantalde bakoitzak beren balorazioak egin eta ikasturte berrirako proposamenak landu ondoren, azaroan biltzen dira Bilboko Konpartsak osatzen dituzten konpartsetako ordezkariak bi egunez, bai konpartsetatik eta bai federakundea osatzen duten sei batzordeetako ordezkariek osatzen duten jai-batzordetik egiten diren hobekuntza-proposamenak eztabaidatzeko eta urteko lan-lerroak eta plangintzak adosteko.
Hirurogei konpartsakide inguru elkartu dira aurten, batazbeste % 50 emakumezkoak eta beste % 50 gizonezkoak koordinadoran, eta, nagusiki, indarrean dagoen ikasturtera begira, hauek izan dira adostu dituzten lan-lerro nagusiak: erasorik gabeko jai-ereduaren bidean, gaia urte osoan zehar lantzen jarraitzeko planteamendua indartzea, parte-hartzea sustatzeko ahaleginean Bilboko Konpartsek urte osoan zehar egiten duten lana gizarteratzeko plangintzak adostea, eta kontsumo arduratsuaren aldeko lan-lerroetan sakontzeko urratsak egiten jarraitzea.
Bilbo osoko ehundaka konpartsari biltzen dituzten 29 konpartsek urte osoan zehar egiten dute lan Aste Nagusia ez ezik, San Tomas, Inauteriak edo Udako Solstizioa antolatzeko, besteak beste. Horretarako, sei lan-batzorde iraunkorretan antolatuta egiten dute lan.
Oro har, ikasturte berriari begira gogotsu ekin diote konpartsek, azaroaren 8an aurkeztu berri duten “Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen” dokumentalaren estreinaldiaren ondotik.