Bilboko Konpartsek auzolana deitu dute gaur erasorik gabeko jaigunea aldarrikatzeko
Laster hasiko da Aste Nagusia, berehala emango diogu ongietorria gure Marijaiari eta inolako erasorik gabeko jaiak nahi dituztela gogorarazi dute gaur konpartsek: “gure esku dauden ahalmen eta indar guztiak jarriko ditugu”.
Jaiak parentesia balira bezala ulertzen ditugu, gure egunerokotasunetik kanpo salbuespen giroan aritzen garelako hainbat bizipen eta aktibitatetan murgildurik. Baina, kontuz! Argi izan dezagun jaietan ere, egunero gure jendartean errepikatzen diren genero sistemak erreproduzitu egiten ditugula eta bere ondorio latzgarrienak diren mota ezberdineko erasoen aurrean antolatzeko eta erantzuteko premia dagoela.
Konpartsek gogorarazi egin dute ezin dugula beste aldera begiratu, jaietan denak bakean eta askatasunean biziko bagina bezala, ez baita horrela. Uda gorrora izaten ari da eta Euskal herriko hainbat eta hainbat herri eta auzoetako jaietan gertatutako erasoak ezin ditugu ahaztu, gurekin zerikusirik izango ez balute bezala.
Jai herrikoien aldeko mugimendua dira konpartsak, jai herrikoi, jai partehartzaile eta jai parekideen aldeko mugimendua. Horregatik , hausnarketa sakona egin behar dutela esan dute eta gogoan izan, jaietan emakumearen irudia iraindua bada, euren gorputza kosifikatua bada, gutxietsia bada, bortxatua bada eta erasotua bada, denon ardura dela horri etena jartzea, aktiboki aurrea hartzea eta kolektiboki salatzea.
Horregatik, konpartsak auzolanean jarri dira erasoei aurre egiteko eta dagoeneko ezagutzen dituzuen euskarri ezberdinak banatu dituzte jaigune eta alde zaharretik zehar, euren lanaren zergatia azalduz eta berresanez, danon ardura delako erasoekin amaitzea, danon ardura delako jendarte eta jai parekideak lortzea.
ASTE NAGUSIAN ERASORIK EZ !