Aste Nagusiko Sukaldaritza Txapelketa aurkeztu dugu gaur

BKAFF-aurkezpena2016

Gaur goizean Erriberako merkatuan Bilboko Konpartsek, Makilaren Kofradiak eta hainbat sukaldarik aurtengo Aste Nagusiko Sukaldaritza Txapelketa aurkeztu dugu, konpartsakide txiki pila batekin. Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketa gure programazioaren barruan urteen poderioz gure jai ereduaren berezitasunaren islarik argiena bihurtu da: parte hartze herritarra eta kalea hartzea gure herriaren kulturaren oinarriak lapikoetan islatzeko. 78. urtetik gure sustraiekin batera hazten joan den txapelketa izan da sukaldaritzakoa.

Baina lan hau ez ez digute oparitu. Lan gogorraren ondorioa da egun ezagutzen dugun Txapelketa. Ordutan eta dirutan zenbatu ezin diren lan horietarikoa da Bilboko Aste Nagusiko Sukaldaritza Txapelketarena. Eta arrakasta honek izen bat dauka itsatsita: Kepa Freire. Kepa azken 26 urtetan Txapelketaren Zuzendaria izan da, berarekin hazi da eta berari esker lagun asko gehitu izan dira urte hauetan, egun ezagutzen dugun Txapelketa arrakastatsua izan arte. Egun ezagutzen dugun Sukaldaritza Txapelketa ez litzateke berdina izango Kepa barik. Bera ere jai zoragarri hauen diseinatzailea dugu. Baina aurten lekukoa pasatzeko prest dago. Seguru gaude ez dela geldirik geldituko eta hemendik ikusiko dugula saltseoan, baina lan talde ederra dauka eta haien artean Pedro Prietori pasako dio lekukoa.

Prentsaurrekoan ere aurtengo “Areatzako Koilara Handiaren saria”, aurkeztu dugu; III. Koilara Handia jaso du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea  den Bittor Orozek Eusko Labelen izenean.

Gogoratu dugu aurtengoa Arrain Fish Festivalen hirugarren edizioa izango dela. BKAFF honen barruan “Euskal Txiki Master” izarra bihurtu da eta aurten bide berdinean sakonduko dugu: astelehenean gula eta otarrainxka entsalada, asteazkenean pintxoak Ibarrako piparra, antxoa eta Euskolabel arrautzekin eta ostiralean kokotxak kazolan. Arrakasta izugarria hartu du gure etorkizuneko sukaldarien esku slow food eta kilometro zero filosofia jartzea eta Arrainarekin egindako platerak sukaldatzea. Umeentzako aukera paregabea da Areatzan goiza pasatzeko eta Euskal Herriko sukaldaritzarekin kontaktuan sartzeko.

Filosofia honen pean eta kalean munduan egiten den lehiaketa bakarra da Arrain Fish Festival. 4 egunetan zehar arraina kalean sukaldatuko dugu berriro ere; txipiak bere saltsan, marmitakoa, makailaoa bizkaitar saltsan eta makailaoa pil pil erara.

Honekin batera urtero bezala Arrautzopila eta Buztana ere sukaldatuko da Areatzan. Eta eusko labeleko produktu biren dastaketa izango dugu lehen Domekan eta bigarren Zapatuan, Athletic-eko Peñen Taldearekin.

Eta ideiarik garrantzitsuena: Areatza bete behar dugu! Gure deialdia zabala da; lagun gehiago nahi ditugu! Iaz 1000 arrautzopiletara heldu ginen! Beraz markak urtez urte apurtzeko daude.

Txapelketa hau aurrera ateratzeko jasotzen dugun laguntza guztiak eskertu nahi ditugu: sukaldariena, Bilboko Udaletxearena, Merkatuko gerentea den Oscar Garbisurena, eta postuetatik atrezzoarekin lagundu diguten lagunena ere bai.

Berriro ere Erriberako esparru berezi honetatik gure Sukaldaritza Txapelketa eta Arrain Fish Festivalaren III.edizioa aurkeztu dugu. Orain zuen esku dago parte hartzea bermatzea. Goazen kalera sukaldatzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude