2015eko programazioa aurkezteko prentsaurrekoa
Ongi etorri 2015eko Bilboko Konpartsen 2015eko Aste Nagusiko programazioa aurkezteko ekitaldi mundialera!
Gala formatua aukeratu dugu aurkezpen honetarako… gutxiago ez duelako merezi gaur hemen ekartzen dizuegun proposamen bilduma ederrak.
Ikusten duzuenez, aurten berriro ere Konpartsok listoia apur bat gorago jarri dugu eta orain arte jai herrikoi eta parte hartzaileen munduan ikusi ez den fenomeno bat lortuko dugu Aste Nagusian: abuztuan izotza ekarriko dugu Bilbora!
Bai, Ondo ulertu duzue! Astelehenetik ostegunera Bilboko Konpartsok Udaleko Batzorde Mistoan dauden beste talde eta kideekin batera, abuztuan Bilboko sargoriari aurre egitea erabaki dugu eta izotz pista bat jarriko dugu Ripako kaian Arenaleko zubiaren ondoan.
Aukera ezberdinak aztertzen egon gara eta batez ere itsasadarra izoztea zen gure planik preziatuena… baina zailtasun handiak zeuden teknikoki horrelakorik burutzeko eta gainera itsasadarreko ekosistema anitza eta aberatsa arriskuan jarriko genuen. Ez dugu uste gure lasun eta karpek irrist egiten dakitenik… beraz izotz pistaren alde egin dugu.
Konbentziturik gaude honek Bilbo 2026 urterako neguko olinpiaden egoitza bezala aurkezteko aukera emango digula .. aztertuko dugu lasaiago jaiak pasatzen direnean, baina ez gara honetan geldituko! Pista astelehenean eguerdiko 1etatik gabeko 9ak arte zabalik egongo da eta astearte, asteazken eta ostegunean, goizeko 11etatik 2ak arte eta arratsaldeko 5etatik 9ak arte.
Eta asteazkenean ekimen berezia egingo dugu bertan: guztiok dakigu Bilboko dendariek arazo ezberdinak izaten ari direla azken aldi honetan eta nolabait haiek egiten duten lanari babesa ematekoeta aspalditik konpartsetatik haiekin batera dugun elkarlanari jarraipena emateko Aste Nagusiko asteazkenean arratsaldeko 20:30etan Aste Nagusiko “neguda” denboraldiaren moda desfile mundiala ospatuko dugu izotz pistan eta desfilean arituko diren modeloak aldamioko profesionalak izango dira; konpartseroak izango gara Bilboko denda ezberdinek egun berezi honetarako utzitako arropa erakusteko arduradunak. Adi egon!! Milaneko edo Bartzelonako pasarela eta gero AsteNagusiko desfilea munduko garrantzitsuena izango baita dudarik gabe!
Bigarren ekimen berri bat izango dugu aurten ere bai… baina sopresa bat izango da! Soilik datu bat aurreratu ahal dugu: horrenbeste errepikatua eta maitatua den 78ko izpirituarekin lotura zuzena dauka eta Marijaiarekin batera Aste Nagusiko lehen zapatuan ezagutuko dugu kalejiran bertan. Pista batzuk emateko gure lagun batzuk gerturatu dira gaurkoan: Llano proiekt-eko kideak.
Bestetik urtero bezala gure programazioan pisu espezifikoa duen ekimena aurkezten dugu: Gastronomikoa. Makila kofradiako kideekin batera burutzen dugun ekimena da, eta babesle eta laguntzaile asko dituena. Zer esanik ez parte hartzaile kopururik handienak mugitzen direla ekimen honetan bereziki. Aurten pasa den astean azaldu bezala Arrain Fish Festibalaren barruan umeen presentzia areagotuko da eta haiekin batera eta hainbat aterpeekin Bilbora datozen lagunentzako ere tokia izango dugu. Horrekin batera urtero bezala Athleticeko peñekin batera lehen domekan eta bigarren zapatuan eusko labeleko dastaketak izango ditugu eta asteartetik aurrera tortilla (ostegunean honekin sorpresa itzela aurkeztuko dugu .. adi egon), txipiak, bakailaoa bizkaitar erara eta pil-pil erara, marmitakoa eta buztan gisatua. Helburua kalean sukaldatzea da eta bertoko produktuekin. Goxo goxo, astiro, kalean eta lagun artean sukaldatzea da herri honen sustraietako bat. Goazen bada bultzatzera!
Amaitzeko Aste Nagusi honetan aurreko urteko egitarauarekin alderatuta aldaketatxo batzuk ere egongo dira pisu eta tradizio handiko ekimenetan:
Hiri Krossaren hasiera tingladoetan izango da. Honen inguruko argipenak Jon Bilbaok emango dizkigu.
Goitibeherak, iaz berreskuratu genituela, Julen Agirreburualderen eskutik Euskal Herriko inertzia taldearen laguntzarekin, lekuz aldatuko dira eta Zabalbide kalean izango dira bigarren zapatuan.
Eta Xakea, Zuri Beltza xake klubaren laguntzarekin burutzen den ekimena Jose Manuel Garcia eneskutik, aurten 50 urte beteko dituenez taldeak Alhondegira pasako da.
Eta zalantzarik gabe esan dezakegu eredu herrikoi, parte hartzaile eta parekidean oinarrituta dagoen Aste Nagusia dela Bilbokoa. 30 konpartsa dituena lanketan honen atzean, 29 txosna,haietariko bi berriak izango dira eta deigarriena dena: 500 aktibitatetik gora programatzen ditu Bilboko Konpartsakek, gehi konpartsa bakoitzak antolatzen dituen kontzertu eta ekimen ezberdinak. Hor duzuen txostenean eta web orrialdean eta txosnetan eskuragarri izango dituzuen programan jasoko direnak.
Txupinaren eztandarekin eta Marijaiaren ongi etorriarekin 9 egun zoro eta liluragarriak izango ditugu,ehunka aktibitaterekin, adin eta gustu guztietako lagunentzat pentsatuak, Bilbotar zein kanpotarrentzako.
Beraz .. deialdia argia da: kalera Marijaiarekin disfrutatzera! Jaietaz goxatzera! Eta gogoratu AsteNagusian ez direla inolako erasorik onartzen … inolakoak!! Erasotzaileak ez daude jai gunean onartuak .. ezta Bilbon ere!
GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!!
PROGRAMA ASTENAGUSIA 2015 (PDF 20MB)