San Juan Gaua 2015
San Juan bagillean denpora ederrean……Bilboko Konpartsok ,ekainak 23ko gau magikoa ospatuko dugu urtero bezala Etxebarria parkean.
20:00etan hasiko gara, lizarraren landaketa eginez. Arbola honek aintzin aintzinatik duen esangura magikoa gogora ekarri nahi dugulako eta bere balio sinbolikoez jabetzeko. Jarraian umeentzako jolas kooperatiboak hasiko dira .
Bitartean, Udamuga – Coamhain Folk Band taldearen soinuek dantzan jarriko gaitue.
20:30etan hasiko da ohiko txokolate-jana, guztiz dohakoa, eta bertoko abeltzainen esneagaz Esnetik eskutik eta bidezko merkataritzazko txokolateagaz egindakoa, bizitza apur bat eztitzeko aitzakiarik egon ez dadin.
22:00etan hasiko da gaueko ekintzarik erakargarriena, kalejira ikusgarria izango baita, eta bertan ez dira faltako deabruak, sorginak, correfocs-ak…
22:30etan, San Juan gaueko su berriztatzailea piztuko dugu eta Udamuga – Coamhain Folk Band taldearen bigarren emanaldiarekin gozatuko dugu ” Queimada” ere ohi bezala bertaratzen direnei eskaintzen diegun bitartean.
23:45ak aldera, araoa egingo dugu, hasi berri den udari ongietorria emateko eta bertan burutuko ditugun proiektu guztiak giro onez eta alaitasunean bete ditzagun. Horretarako,ezinbestean urarekin topa egingo dugu, indar telurikoak gure aldera erakartzeko.
Azkenik, gogoratu behar dugu, Bilboko Konpartsok antolatutako egitarauaz gain, Bilboko auzoetako jai batzorde ezberdinek (Auzotarrok) antolatutako hainbat ekintzetaz gozatzeko aukera izango dugula bilbotarrok. Hauek, urteroko ohiturari jarraituz, ekainaren 23ko arraltsalde-gauerako ume, familia, gazte eta, orokorrean, adin eta publiko guztientzako hainbat aktibitate antolatu dituzte: umeentzako tailer eta aktibitateak, txokolate-jana, musika eta antzerki talde ezberdinen eskutik izango den animazioa, parrilladak, bingoak, herri afariak… eta, nola ez, ohiturazko sua.
Oharra: espektakuluan correfocs-ak egongo diren heinean, antzerkiko personaiei hurbiltzeko eta txinparten azpian jartzeko asmoa duten pertsonei erretzen ez den arropa jantzea gomendagarria dela gogoratu nahi diegu, bereziki arropa bakeroa.