Kontzertuei eta txikiguneri burozko iritzia

Urte luzeetako konpartseroen burugogorkeria alde batera utzita, errealitateari lekua utzi diogu, eta Ramon de Campoamor poeta handia oroituz, honetaz konturatu gara: gure Bilbo honetan, ezer ez da egia ezta gezurra, dena da begiratzen den kristalaren kolorearen araberakoa.

Honengatik, hain zuzen ere, gure alkate ospetsuak erabiltzen dituen kristalen bitartez begiratzeko ahalegina egingo dugu, berak desio bezala, eta behin betiko, gure artean “ondo moldatzeko”.

Eta katarsi kolektibo hau eta gero Bilboko Konpartsakek Udaletxeko Erregistroan sartutako eskaera Bilbo osoari jakinaraziko diogu:

2012ko ASTE NAGUSIAN TXIKIGUNE ETA KONTZERTUEN GUNEEN KOKAPEN ALDAKETARAKO PROPOSAMENA:

Bilboko Konpartsaketik, Udal Gobernu taldeak, guk mirestutako Iñaki Azkuna Jaun Txit Alkateak zuzenduta, pairatzen duen bakardadeagatik arduratuta, eta egunez egun Aste Nagusia erabateko hobezintasuneruntz eramaten gaituzten erabakietan jasotzen duten ulermen eta babes faltagatik arduratuta ere, gugatik hain era eraginkorrean erabaki eta pentsatu egiten duten emakume eta gizon jakintsuez osatutako talde honek zabaldutako bideari eutsiz, bi proposamen zehatz egitea erabaki dugu:

Txikigune

Azkunaren politikoen Taldeak (hemendik aurrera A Ekipoak) aukeratutako Doña Casilda parkearen gunea, jai gune tradizionaletik abileziaz urrunduta dago, ume zein guraso, aitite-amama eta familia osoarentzat onura izugarriak ekarriz. Proposamen honekin, egun hauetan zehar, Arenaleko guneak izuri egiten dituen txosna eta konpartseroen usain maltzurretatik at gelditu izango dira infanteak, gainera konpartsetatik hain hurbil egonda eta ikustean hortxe herriak izugarri disfrutatzen duela, etorkizunean talde honekin batzea bururatu ahal zaie, Bilbok behar duen glamurra galduz.

Beste aldetik, umeen tutoreek haien egoera fisikoa nabarmenki hobetuko dela ikusiko dute, aurtengo Aste Nagusian jada ez dutelako betiko aitzakia izango: “hemen gaudela, txosnetara pasako gara pare bat pote hartzera eta bokata bat jatera”, honek ekartzen duen alkohola eta kalorien gehitzeari muzin eginez. Parkean, haien bizioa baretzeko iturriko ur txorrota baino ez dute izango, gehienez barkillo goxo bat.

A ekipoaren proposamen honekin ados egonda ere, oraindik hobetu daitekeela uste dugu, honetan sakonduz noski:

Txikigunea Bilboko beste gune berde batetara eramatea proposatzen dugu, aisialdirako azalera handiago batekin, zuhaitz askorekin eta aisia eta ostalaritza azpiegitura nahikorekin: Pagasarri baino leku hobeagorik ez dago.

Pagasarrik Doña Casilda ideia aparta egiten duen guztia dauka baina biderkatuta:

  • Jai gunetik oraindik urrunago dago.
  • Hortxe txikitxuek haien gaiztokeriekin ez diote inori enbarazurik egingo.
  • Hortik ere Iberdrola dorrea ikusten da.
  • Eta are hobeagoa dena, proposamen honekin, umeen loditasuna ekiditen lagunduko dugu.

Kontzertuak

Kontzertuak Itsas-Museora mugitzeko A ekipoak egindako proposamenak ez du inolako babesik jaso Jai Udal Batzorde Mistoan. Hau ez da batere justua, A ekipoak proposatu badu zeozergatik izango da, balio eta argitasun itzela duten pertsonez osatuta baitago.

Ez zaigu bidezkoa iruditzen, jende guztiak orain gune horrek duen kapazitate gutxi edota duen arriskugarritasunarekin gora eta behera ibiltzea.

A taldeak esaten duen jende kopurua sartuko da hortxe, baita gehiago ere, zeren eta krisiari esker, bilbotarrok aurreko urteetan baino askoz argalago gaude. Beraz objektiboak izan gaitezen, eta ez dezagun erabili desfasatutako formulak gune baten kapazitatea neurtzeko. Hau, zentzuduna den edozeinek badaki.

Adibide bat: Madrilgo Colon Plazan, argi gelditu bazen bi milioi arima sartzen zirela, nola ez dira ba 10.000 lagun sartuko Itsas-Museoko zelaigunean? Eta 20.000 ere bai!!

Errekara erorketa posibleei dagokionez, Bilboko hiritar guztiek igeri egiten ondo dakitela jakina da, bestela ikas dezatela, Bilbao Kirolaken ikastaroak daude eta.

Horrenbesteko maltzurkeriari ahoa estaltzeko asmoz, kontzertuak Bilboko Aireportura mugitzea proposatzen dugu.

Bilbotar guztiek dakiten bezala, Txorierria Bilboko hedapen gune naturala da, eta ez du jai programaziotik at gelditzeko diskriminaziorik jasan behar.

Apalki uste dugu aireportuko guneak A ekipoak egindako proposamen bikainari oraindik abantaila batzuk gehitzen dizkiola:

  • Jai gunetik askoz urrunago dago.
  • Milioika pertsonentzako lekua du.
  • Lehen mailako nazioarte mailako taldeen etorrera eta irteera erraztuko du.
  • Ebakuaziorako erraztasun asko ditu.
  • Berdeguneak.
  • Zonaldeko auzokideak jada zaratarekin ohituta daude.

Zinez espero dugu A ekipoak aurkeztutako proposamenak aztertuko dituela.

Errespetu eta mirespenetik, zuen arreta eskertuz, adeitasunez agurtzen zaituztegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude