INAUTERIAK 2012: konpartsak Azkunaren herrialde harrigarrian
Azkuna Erregina Graziosaren izenean, Errukiorra, Gupidatsua, Absolutua!
Azkunak egun on, Bilboko eta bilbotarren Andrea.
Errukiorra, Gupidatsua, Hutsezinezkoa, Nonnahikoa, Ahalguztiduna, Guztiahalduna, Durangokoa, Kale Nagusiko Jabea.
Zuri, dena dakizun horri, zuri besterikez dizugu zerbitzen eta zuri besterik ez dizugu laguntza eskatzen, zizare hilkor hutsak garenez.
Zuzen gaitzazu bide zuzenetik, zuk saritu dituzunen Kale Nagusitik, ez amorratutako horien bidetik, ezta galdutakoen bidetik.
“Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarri”tik Bilboko Konpartsok argi utzi nahi dugu 2012 inauterietan desfile alternatiborik ez egitea erabaki dugula, Erregina txit panpoxa eta bere morroien korteak bultzatu duten Gran Viatik desfilatzeko debekuaren aurrean. Antza denez, goi mailako jendilaje horren jabetzapean bait dago.
Konpartsok inauterietan, Aste Nagusian eta beste edozein jaietan bezala, parte hartu nahi dugu, baina era duin eta efektibo batetan. Ez orain arte bezala, bigarren mailako kaleetara bideratuta, non ez dugu ez lekurik ezta gure lan ona erakuzteko aukerarik. Ez dugu elite honen oturuntzaren ondakinekin gelditzerik nahi.
Baina Azkuna erregina panpoxaren ezezkoaren “rodillo” permanentea ikusita hausnarketa hauek herriarekin konpartitu nahi ditugu:
- Bilboko Udaletxea Batzorde Mixtoa inoperatibitatean lurperatzen ari da
- Jai ereduaren eredu misto eta parte hartzailea arrisku bizian dago
- Alkatearen gustokoa ez den edozein satira edo eta errebindikazio soziala berehalako zentzurarekin topo egiten du, debeku zuzen batekin ez bada
- Alkatearen “ego” erraldoia gatazka sortzaile iraunkorra da Bilboko jai esparruan
- Berriro adierazten dugu konpartsok prest gaudela egoerari buelta emateko eta elkarlanean benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Guztienak, guztientzako eta guztiekin
Baina egoera hau izanda defile alternatiborik antolatuko ez dugun arren, konpartsak inauterietan oso presente egongo gara, batzorde mistoan antolatzen ditugun ekintza guztietan parte hartuz eta sustatuz, eta gure ekimenez antolatutako beste hainbat aktibitaterekin ere.
Horregatik, gure hausnarketa hauekin batera 2012 urteko inauterietan egingo dugun programazioa luzatzen dizuegu eta bertan parte hartzera gonbidapena ere luzatzen dugu:
- Igande honetan, otsailak 12, Plaza Berrian 12:00etan: Tostada eta Pontxe lehiaketa. Edozein lagunak eraman dezake tostada edo pontxea eginda eta hortxe aurkeztu.
- Datorren ostegunean, otsailak 16, Plaza Berrian: 19:30etan: Farolin eta Zarambolasen epaiketa. Eta, ondoren 20:30etan: Trapu Zaharren kalejira Alde Zaharretik, Goloka, Koblakarik taldeekin, elektrofanfarria eta konpartsekin.
- Larunbatean, otsailak 18, Erraldoiak, gaiteroak, fanfarriak, txistulariak, malabareak, batukadak eta ehundaka konpartsero, koadrila eta hiritar egun osoan zehar mozorro ironiko eta satirikoekin. Bereziki gonbidatu nahi ditugu hiritarrak egun honetan Bilbo bera mozorrotzera, arropa zaharrak edo oihalak leiho eta balkoietatik eskegiz.
- Igandean, otsailak 19, Arenalean karpa batekin (eguraldiari aurre egiteko): goizeko 9etatik aurrera: Indaba txapelketa.
- Asteartean, otsailak 21, Plaza Berrian: 19:30etan: Sardina-ehorzketa.
Esandakoa: Azkuna Erregina panpoxa, absolutoa eta tiranoa eta Garizuma Anderearen amoranteen sekitoak jaia moooooooztu ez diezagutela eta egoerari guztion artean buelta emateko sardina erretzen dugunean, “dana herriarentzat baina herriarik gabe” leloa berpiztu duten despota batzuen asmo txarrak su garbitzailera botatzea proposatzen dizuegu.
GORA INAUTERIAK