ASTE NAGUSIA 2011 – Erronka!

Agindu bezala hementxe gaude Bilboko Konpartsetako ordezkariok gure “atzekalde”ko lanak egin eta gero eta korporazio berriarekin gure kontaktuen bira amaituta, aurtengo Aste Nagusirako planak aurkeztera.

Konpartsero Egunean gogoratu genuen bezala hiru izan dira gure helburuak kontaktu hauetan:

  1. Jai Batzorde mistoaren izaera eta fundamentua berreskuratzeko beharra azaldu eta konpromisoak eskatu.
  2. Esparru publikoaren erabilpenerako ordenantzaren inguruko arazoak murrizteko konpromisoak eskatzea.
  3. Konpartsen aurkako zigorrak bertan behera gelditzea.

Eta egun gure ustez bira oso interesgarria eta aberatsa izan arren konpromiso zehatzak mahai gainean ez ditugu, hau da, jarrera interesgarriak ikusi ditugu alderdi batzuen aldetik, batzordearen lehendakariaren aldetik ere, baina guretzako garrantzitzuak diren hiru gai hauen inguruko konpromiso zehatzik ez ditugu. Beraz aurtengo Aste Nagusia guretzako erronkarako Aste Nagusia izango da!!

Eta zein da gure erronka? Ba mugiezina dela ematen duena mugitzea! Eta mugitu aurrera jotzeko! Askotan azaldu dugun bezala, jai eredu herrikoia eta partehartzailearen aldeko aurrerapausuak emateko.

Iaz Aste Nagusi berezia asmatu genuen, beltzez tintatu zena, eta gure plantoaren bitartez erakutsi genuen ze tristea izango zen konpartsarik gabeko Aste Nagusi bat. Aurten aldiz beste urrats bat gehiago emango dugu: konpartsok erronka burutuko dugu eta konpartseroa izatearen harrotasuna adieraziko dugu, eta are gehiago, jendearen laguntza eta babesa eskatuko dugu, era dibertigarrian baina sendotasunez.

Eta bai; beltzez tintatuko dugu gure esparrua, adierazpen askatasunaren alde, eta udaletxetik hasiko gara berriz gure kalejira txupinera joateko, gure ustez hortxe dagoelako koxka, udaletxearen konpromisoa nahi dugulako, zalantzarik gabe Kaskagorri eta Txori Barrote presente egongo dira eta zabalik izango dituzte Bilboko Konpartsak osatzen dugun konpartsa guztion ateak, eta asteazkenean jai esparrua isilik egongo da aurten ere, baina hiru elementu izango ditu egunak:

  1. Lotsaren pasilloa bisitatzera deialdia egiten dizuegu goizean. Urte hauetan gehitzen joan diren arazo guztien erakusketa bat egingo dugu konpartsa guztien txosnetan.
  2. Marijaiak kaleak hartuko ditu goizean ere! Esparru askotara zabalduko da gure Marijaia jai herrikoien alde Aste Nagusia defendatzen lemapean! Marijaia ikusgai egongo da bilbo erdian.
  3. Eta erronka egingo dugu! Arratsaldeko 7etan Plaza Zirkularretik Eliptikaraino Bilboko Konpartsek desapilue egingo dute: mugiezina ematen duena mugituko dugu! Eta gure erronkarekin batera konpartseroon harrotasunaren lehenengo desfilea burutuko dugu; harro gaudelako; eta gonbidapena luzatzen dugu; nahi duen guztiak etor daitezela gurekin desfilera; hasieran edo amaieran edo erdian; bakarrik kamiseta beltzarekin edo eta konplementoekin; harrotasunaren desfilerako egokiak diren konplementoekin; jai konplementoekin; eta gainera musikarekin, edo ordenantzak egiten uzten ez digun elementoekin. Egun horretan zerbait oso ikusgarria gertatuko da Gran Vian. Sorpresa izango dena eta zalantzarik gabe ikustea merezi izango duena! 19etan guztiok dugu ERRONKA!

 

Beraz aurten konpartsok etorkizunerako erronka egingo dugu; eta jaiak mugituko ditugu, hobeagoak izateko, herrikoiagoak, partehartzaileagoak, Bilbok nahi ta merezi dituen modukoak!

Primeran pasako dugu, eguraldi izugarria egingo du… errepikatzen dugu:eguraldi izugarria egingo du… erasorik ez da egongo, bat ere ez, jai esparruan ez direlako eraso sexistarik onartzen… Kanpoan ere ez, ez dezagun ahaztu.

Eta “lotsaren pasilloa” “harrotasunaren desfilea” bihurtuko dugu! Horrelakoak garelako, bilbokoak, txireneak, konpartseroak: GORA MARIJAIA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude