Konpartsero Eguneko prentsaurrekoa
Gaur aprobetxatu nahi dugu eta gogoratu zein zen ikasturte honen hasieran Konpartsetatik jarritako helburua: udaletxearekin guztiz kaxkartuta zegoen giroa eta elkarrekin lan egiteko zailtasunak gainditzeko komunikazio bide berriak zabaltzea eta jai herrikoien aldeko lana eta eredu mistoaren aldeko apostua indartzeko urratsak ematea.
Bide horretan gure aurtengo planifikazioa ezberdina izan da, nahiz eta iazko helburu berdinak izan. Aurten gure lana ez da hain publikoa eta mediatikoa izan eta gehiago “atzekalde” lana izan da, fokoetatik urrun.
Argi dago udaletxe berria izatearenak eragin handia izan duela, eta konpartsok horretara ere egokitu gara. Zinegotzi berriak maiatzara arte ez izateak gure komunikazio eta kontaktuak egiteko lana baldintzatu du, eta horregatik fase hori luzatu egin dugu.
Gure lehenengo balorazioa ez da bereziki negatiboa da etorkizunera begira. Uste dugu ez bakarrik alderdiekin izandako kontaktuetan baizik eta Jai Batzordearen lehendakari berriaren aldetik ere diagnostiko komuna konpartitu egin dugula: gauzak ezin direla horrela jarraitu aurrera begira. Baina egia da ere egun dugun errealitatean udaletxearen aldetik mantentzen dela konpartsak estutzeko eta gureak ez diren arazoekin nahasteko jarrera.
Eta esan behar dugu oraindik fase hau zabalik dugula eta kontaktu fase horretan mantentzen garela guztiz itxita izan gabe.
Baina itxita izan gabe, guretzako garrantzitsua da gogoratzea zeintzuk diren gure lan ikurrak… eta horrela egin dugu gure kontaktu guztietan, argi utziz puntu hauek guretzako ezinbestekoak direla eta, nahiz eta borondate ona erakutsi, hitzek bakarrik ez dute balio eta konpromisoak nahi ditugula!
- Jai eredua bultzatzea: herrikoia, parte hartzailea, parekidea… eta horretarako, gure ustez, Bilboko eredu mistoak tresna egokia izaten jarraitzen du. Baina Jai Batzorde mistoa eta paritarioaren funtzionamenduari berriro ekin behar diogu guztion artean. Operatiboa izan behar du eta gure partehartzea bermatu behar du.Adibide erraz bat jarriko dizuegu: kontzertuen inguruko azken berria da dugun adibiderik onena: konpartsok prentsatik jakin dugu Miribillara eramateko asmoa dagoela… baina dohainik izaten jarraituko dute? Guk hori ziurtatu nahi dugu… eta beste proposamen batzuk ere aztertzen ari ginen, baina ez digute aukerarik eman dagokion lekuan eztabaidatzeko eta proposatzeko.
- Esparru publikoaren erabilpena: askotan esan bezala uste dugu udaletxeak hartu duen bidea ez dela batere ona bilboko kultura eta kalearen bizitzarako. Pentzaezinak ziren puntu batzuetara ailegatu gara ordenantza berriaren aplikazioarekin jai esparruan ere: gogoratu azken adibideak: san juanada egiteko debekua, inauterietan tostada lehiaketa eta indaba lehiaketa egiteko debekua…
- Kaskagorri eta Txori Barroteri ezarritako zigorrak. Gure ustez ez da batere zilegia zigorrak mantentzea. Adierazpen askatasunaren errespetua bermatu behar den esparrua da jai esparrua. Eta zentzu horretan jarraitzen dugu esaten hau ez dela gure arazoa eta alderdien arteko tentsio eta borroka politikoen ondorioa baino ez zaigula gainean erori.
Hau argi izanda une honetan gure ronda amaitu behar dugu eta horren ondoren gure diseinua zehaztuko dugu eta jakinaraziko dizuegu.
Horrekin batera gurekin azken bi urte hauetan lan egiten duten eragilekin kontrastatuko dugu: tabernari, komertziante eta bilboko jendartean aipagarrian diren hainbat lagunekin. Guretzako izugarri positiboa izaten ari baita elkarlan hori.
Eta amaitzeko: une honetatik aurrera fokoa kanpainia berezi honetan jarriko dugu: Mari Jaia eta zu Izan zaitez Mari Jaiaren lagun Aste Nagusia defendatzen!
Gure webgunean Mari Jaiaren paper-toy bat eskegi dugu eta jendeak erabiltzea nahi dugu: argazkia atera eta guri bidaltzea.
Argazki horrekin: jai ereduari babesa emago diozue, 78 urtetik eta iraganean geldituta egon barik eta etengabeko eboluzioan dagoen Aste Nagusiarekin bat egingo duzue, eta zalantzarik gabe Mari Jaia gustoko duzula adieraziko duzue!! Nori ez zaio Mari Jaia gustatzen?
Anima zaitezte eta argazkia atera; taldean, bakarrik, hondartzan, parrandan, txirristetan, ankaz gora eta ankaz behera… eta izan zaitez Mari Jaiaren lagun!!
Gora Aste Nagusia!
Gora Bilboko Konpartsak!