Txupinera eta pregoilaria aurkeztu dira gaur
Gaur pregoilaria eta txupinera aurkeztu ditu ofizialki Jai Batzordeak, udaletxean egindako agerraldian. Iraia Iturregui emakumeen Athletic Klubeko kapitaina hautatu du batzordeak 2013ko Aste Nagusiaren pregoilari, talde guztiaren ordezkari gisa. Hautatze honekin, Jai Batzordeak emakumezkoen futbola goraipatu eta era berean, hiri honi makina bat poztasun eskaini dizkion taldea omendu nahi izan du. Jone Artola txupinera, berriz, Txori Barrotek bere baitan aukeratu du, konpartsa horri egokitu baizaio aurten zozketaz txupinera izendatzeko ohorea. Artola Txori Barroteren hastapenetatik izan da konpartsakidea, eskarmentu handia du, beraz, Aste Nagusiaren inguruan.
Iturregik bere izendapenak emakumezkoen futbolari “gizartean aitortza” ematen diola esan du, bereziki Athletic taldeari: “Pregoilari izango ginela jakinarazi zigutenean ezusteko izugarria hartu genuen”. Aste Nagusiaz gozatzeko aukera gutxi izan dituela onartu du Iturregik, ekipoa denboraldi-aurrean dagoelako abuztuan.
Jone Artolak arazoak alde batera utzi, eta festaz gozatzeko deia egin die Artolak Bilboko herritarrei: “Jai hauek parte hartzeko eta ondo pasatzeko dira. Denok dauzkagu arazoak, lan arlokoak edota sozialak, baina, jaiak disfrutatzeko dira”. Egungo jai eredua mantentzeko lanean jarraitu behar dela adierazi, eta gogora ekarri du Marijaia sortzea “asko kostatu” zela. Bilboko Konpartsei bere izendapena eskertzeaz gain, Marijaiaren izpirituarekin bat egiteko deia egin du, “emakume alaia, liberatua eta estereotipoez paso egiten duena” baita jaien ikurra.