Inauterietako Balorazioa
Gaurko honetan, Bilboko inauterien inguruko balorazioa luzatzeko, egia bada ere aurretik hainbat gauza prentsa-noteen bidez luzatu dizuegula.
Ziurtatu dezakegu 2011ko inauteriak Bilbon arrakastatsuak izan direla, kriston eguraldi ona egin digu eta jendetza ibili da kaleetan inauterietan parte hartzen.
Eta guretzako hau da garrantzitsuena: parte hartzea izugarri haundia izan dela! Berriro ere Bilboko hiritarrok oso argi eta altu esan dute haien gustoko jaiak parte hartzaileak direla.
Trapuzaharrak ostegunean izan ziren eta giro polita sortu genuen Alde Zaharrean kalejira alai eta koloretsu baten bidez, ondoren zapatuko desfilea izan genuen eta hor zalantzarik gabe iaz bezala ondorio zuzen batzuk ateratzen ditugu:
- Jendeak bat egiten du Bilboko Konpartsakek antolatzen duen desfilearekin! Gustokoa dute eta urtez urte guk egindako esfortzua babestu eta eskertzen dute. Konpartsetatik desfilearen kalitatea eta ikuskizuna hobetzen joan garen heinean gero eta bilbotar gehiago etorri izan dira desfilea ikustera….baina ez bakarrik ikustera: parte hartzera baizik!! Gogoratu behar dugu iaz Porrotx pailazoaren atzean ehundaka ume eta nagusi jatsi egin zirela desfilean integratuz….eta horregatik aurten Hortzmuga antzerki taldearen eskutik diseinu berezitua egin genuen umeak integratzeko eta bufoiak bihurtzeko eta arrakasta izugarria izan dugu.
- Aipagarria da desfilea burutzeko Udaletxeak jartzen dizkigun oztopoak gero eta gehiago direla…eta hala ere oso ondo ateratzen dela. Aurten ez dugu Zezen Plaza erabiltzeko aukerarik izan, azken urteetan bezala Hurtado de Amezagara inkorporatzeko ditugun arazo teknikoak konpontzeko laguntzarik ez, desmontajerako Arriaga erabiltzeko aukerarik ez, elementu tekniko guztiak lotzeko bilerak egiteko prestutasunik ez eta egin den bilera bakarrean jarrera iraingarri eta lotsagarria … eta abar luze bat.
- Penagarria da berriro ere bi ikuskizun ordu berean izatea. Eta horren ardura osoa Udaletxearengan dago zalantzarik gabe. Kontuan izanda egun Kultura sailean dagoen aurrekontuaren murrizketa zaila egiten da ulertzea zergatik bikoizten diren inauterietan gastatzen ditugun diruak.
Bestetik domekan ez-lehiaketa gastronomikoa burutu genuen, eta hemen ere aipamen bi:
- Lotsagarria da urteetan egin den txapelketa gastronomiko polit eta arrakastatsu bat bertan behera uztea azalpen ziztrin bat erabiliz: zikintzen dela. Nola ulertu daiteke hau? Ezin da garbiketa bat ziurtatu ala? Non eta plaza berrian….ez da ulergarria….eta gainera dana nahastu dute tostadeen txapelketarako eta pontxeen txapelketarako argudio berdina erabiliz….baina tostadak eta pontxea ez dira kalean egiten!! Aurkeztu baino ez ziren egingo…zelan ulertzen da hau? Guk argi dugu: udaletxe honek eta bereziki Isabel Sanchez zinegotziak ez ditu hiritarrak kalean ikusi nahi, ez bada Udaletxeak edo iniziatiba pribatuak antolatutako ekimenetan. Eta sentitzen dugu baina gauzak ez dira horrela…txapelketa gastronomikoak gure herriaren adierazle bat dira….eta kalean egiten jarraituko ditugu!!
- Eskertzen dugu Komertzianteak eta Tabernariak gurekin egin duten elkarlana txapelketa hauek prestatzeko….eta haiekin ere aipatutako irakurketa konpartitu dugu. Batzuk gurekin egon ziren domekan eta benetan haien jarrera eskertzekoa dela.
Bukatzeko sardinaren erreketarekin gertatu dena gure ustez Udaletxe honen mugak argi uzten ditu. Ez dute sardinaren erreketaren ordua ordu erdiz aurreratu nahi izan. Koordinadora Feminista aldiz bere mobilizazioa … martxoaren 8koa….guztion mobilizazioa dena atzeratzeko prest azaldu da. Baina ezin izan da adostasun batera heldu gu benetan saiatu garen arren. Eta bi erreketa izan ditugu. Gu bietan izan gara. Baina ez zaigu normala iruditzen.
Beraz, hemen komentatutakoaren ildotik argi dago berriro ere inauteri hauekin ikusi egin dugula jai herrikoia eta partehartzailea behar beharrezkoa dela Bilbon, eta bide horretan Udaletxeak gure ustez zapaia jo du oraingo honetan izan duen jarrerarekin: berriro diogu: Batzorde Mixtoak funtzionatu behar du!! Hau delako Bilbotarrok nahi dugun eredu partehartzailea jaien inguruko erabakiak hartzeko. Eta dagoeneko Udaletxe honi denbora gutxi falta bazaio ere legegintzaldia amaitzeko, ezin ditugu agurtu oso ondo egin dutela esanez….tamalez gure aldetik suspenso argi bat daukate….eta hurrengo korporazioarekin hitz egiteko eta berriro lan amankomunari eusteko gure prestutasuna adierazten dugu.
Amaitzeko aipatu ere atzo Udaletxearekin zabalduta dugun “contencioso administrativo”aren ondorioz gure Federazioaren Lehendakari ohia eta gure idazkaria deklaratzen egon zirela Udaletxearen defentzak deituta. Ez ohiko neurri honek berriro utzi du agerian zein den Udaletxearen jarrera: inkomunikazioa Bilboko Konpartsakekin eta jai ereduari aportaziorik ez. Gure aldetik epaitegian esan bezala: gu prest gaude edonorekin lan egiteko, izugarrizko jai herrikoi eta pontenteak egiteko, adierazpen askatasunean oinarrituak eta noski: ondo pasatzeko!! Espero dezagun epaitegietatik jasotzea gure lanarekin jarraitu ahal dugula oztoporik gabe.