Inauterietako Bandoa

Jaun eta emakume bilauek eskuartean daukaten bandoak hurrengoa dakar:

I

Azkuna Errege I Zabalguneko Handiak, gure gizon feudalak, hiribilduko karrikak konkistatu ditu Isabelina Haritzarenarekin batera. ran Viako lurrak bereganatu ditu, baldosak barne.

II

Azkuna Errege Ia Burgosen da. Bertako lore-baratze baten itzalera hurbildu da haren duke eta konde adiskideekin elkartzeko. Sorterritik ihesi, Isabelina agintean utzi du herri xeheak buruturiko Txigorki eta Indaba matxinadari aurre egiteko.

Zorigaiztoko tabernari, merkatari eta konpartseroen artean txigorkiak eta indabak inauterietako ohiko jaki diren ustea zabaldu da.

Eta egiteko horretan pertsonarik egokiena zein den jakin nahian, herri xeheari txigorkirik goxoena, indabakadarik finena eta puntxerik dotoreena harrapatzeko erronka luzatu zaio.

Ganorabako balentriak udalbatzako bizilagunak arras mindu ditu: ondorioz, harresien bestaldean inolako gastronomia ospakizunik egiteko erabateko debekua ezarri dute. Requiem txigorkiak eta indaben alde!!

Tragediaren baitan eta aipaturiko lehiaketa bertan behera geratu izanaren aurrean, konpartsa komunitateak hurrengo jarduera burutuko du: inauterietako igandea lagun, indaba-lurrina, txigorki- lausotua eta puntxa-kontzentratuko lehiaketa handia ospatzeko deialdia. Hartarako, jendaila eguerdiko ordu batean plaza berrian bilduko da, aitaturiko lehiaketaren ikusle.

III

Bada, jakinarazi beharra dago, Isabelinaren kalterako, hark ez duela herri-xehea gelditzerik izan eta datorren martxoaren 3an, ostegunez, hasiko den bakanala buru belarri prestatzen ari direla: hiribilduko karrika zaharretan zehar algara nagusituko da, eta txorizoa nonahi banatuko dute.

Ikuskizunak Trapuzaharrak du izen, eta iluntzeko zazpietan hiribilduko antzokia Crisostomo Arriaga Jaunan ospatuko da.

IV

Ospakizun paganoekin jarraitzen dugularik, konpartsero zikinek hiribildutik kalejiran abiatuko dira urrutitik etorritako beste adiskideek lagunduta. Hartara, arratsaldeko seietan Vista Alegre zezen lubakitik abiatu eta Areatzako kai zaharreraino joango dira.

Ospakizunean gonbidatu berezi zenbait izango ditugu, direla zirku-akrobata-titiriteroak, direla trobadoreak..nor bere urrezko karrozan:

  • Arrasate-Mondragon gotorlekutik – GOSE
  • Lurralde berrietako musika – BUNPADA SOUND
  • Eta nola infanteetarako hala titiriteroak – HORTZMUGA eta bere bufoi gortea.

…Ezen bufoi izatea ez da lan makala eta hiribilduko guztiak egunbetez bufoi izatera animatu nahi dituzte…denok karrikan gora eta behera dantzan. Hartarako lagun zinez berezia ekarriko dute: koloretako bufoia, gure bufoi berezia! Hortzmugarekin batera, botxoko bizilagunei hauxe proposatuko die: IZAN ZAITEZ BUFOI!!

Musikari eta juglareek kortejoa lagunduko dute eta Hurtado Amezagako karrika errespetagarri bezain estua haien algara, musika eta dantzez ziprizinduko dute.

V

Talde desleialak duelu bizian aritu ostean, armadura eta hornigarri distiratsuenak zeinek jantzi dituen erabakiko da; halaber, karroza dotoreenak nork gidatu dituen eta dantza ikusgarrienak nork dantzatu dituen ebatziko da.

Plaza Berria izenekoan dagokionari sari eta garaikurrak banatuko zaizkio. Epaimahai txit prestuaren eskutik etorriko dira sariok.

VI

Jaungoikoaren egunean eta goikoari esker, konpartsero gaizkileen plangintzarekin amaitzea lortu da.

Hala ere, berauen iñauterietako isipiritua fin mantenduko dute tostadaren eskeintzaren bitartez eta jaiaren amaieraruntz joango dira iñauterietako martitxenarekin, kuaresmaren aurka borrokan eta sardinaren erreketatik ihesi eginez, jai paganoekin jarraituz eta infiel bat bez zutunik gelditu arte!!

VII

Jai guzti hauetarako beharrezkoa izango da eguneroko arropak eta itxurak aldatzea eta gure eremuetako eta beste herrietako txoroen itxurak hartzea.

DANTZA DEZAGUN BA BILLANOAK MARTXOAREN 3TIK 8RA GURE SARDINAREKIN BATERA!!

Inauteriak irratian (MP3 formatoan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude