Aste Nagusiko balorazioak
Aurreko astelehenean, abuztuaren 30ean, aurreratu genizuen gure hasierako balorazioa, jaiak bukatu berri eta zuekin geunden, hasierako balantzea egiteko, gogoratzen duzuenez, 5 ideia azpimarratu nahi izan genituen:
Hori izan zen gure lehenengo prentsaurrekoa labur labur esanda, eta esandakoan berresten gara. 2.010eko Aste Nagusia berezia izan da, oso berezia. Argi gune ugari eta ilungune ugari izan dituen jaia, konpartsok gure asmo onenarekin prestatu, gozatu eta borrokatu dugun jaia.
Aste Nagusiko ilun guneekin hasiko gara. Nahiz eta hauek ez genituzke azpimarratu nahi, gertatu direnak gertatu dira eta orain da momentua horietaz hitz egiteko, horiek salatzeko.
- Arriaga. Benetan penagarria Udaletxearen saiakera konpartsok gure txupinetik botatzeko. Minduta gaude oso, baina txupina bilboko herriaren txupina da eta ez udaletxearena. Hori oso argi dugu, egun horretan konpartserok sufritu genuen apalkuntza bezain argia dugu. Beraz ez gaude prest txupina politikoen esku uzteko…..eta ez gaude prest haiek ekitaldi horren erabilpena egiteko.
- Politiko batzuek aste nagusia aurretiaz eta ostean berotu dute, bai PNVko, PSOEko eta PPko ordezkariek konpartsen kontra, konpartsak presionatuz jardun dira, baina gastronomikoetan gurekin genituen, zelako paradoxa, prentsa bitartez gu presionatu, baina gurekin, parte hartu lehiaketa gastronomikoetan. Janari onaren usainetan denak hurbiltzen dira gure mahaira.
- Eta nola ez, jai ereduari mesprezu osoa erakutsi diote udal agintariek, bi adibide argi:
- Prentsa bitartez enteratu gara udala Mari jaia ordeztu dezaken sinboloen bila dabilela. Guk maite dugun Marijaia turistentzako gustuko ez denez, bertokoei kale.
- Eta Jai egunak aldatzeko azkeneko proposamena. Aurreko urteetan hotel handietako ugazaben ideiei jarraika jai egunak aurreratu ziren, orain tabernari batzuen ideiei jarraika azken astean izateko ideia lantzen hasia da udala. Tamalez politika hau ez da berria, Tomas Deunaren eguna aldatuz, olentzeroa aurreratuz, eta abar luzearekin harritzen gaitu udalak askotan.
Hori bai, guztia Jai Batzorde mistoan inolako hausnarketarik egin gabe, zertarako bildu? Zertarako gauzak adostu?
- Eta azkenik aipatzeko elementu bat: Poliziaren presentzia itogarria. Benetan tentsio unea sortzen dituena, eta zoritzarrez berria ez den elementua. Baina paradoxa ere kasu honetan, horrelakoetan konpartserok izan behar dugu (eta benetan gustatzen ez zaigula paper hau) bitartekari lana egin behar dugunok, animoak lasaitzen eta erdian jartzen. Eta berriro ere aipatu behar horrelakoetan telefonoaren beste aldean udaletxeko arduradunak desagertu egiten direla…..ez daude…..ez dute entzuten……eta tentsioa guretzako. Eta gureak ez diren egoera hauen ondorioz, hamaika ikusteko jaioak gara eta irailaren 9an konpartsa bat Madrilgo Audientzia Nazionalean jesarrita ikusiko dugu. Hau marka!. Adierazpen askatasunaren eskubidea egia zela pentsatuz Txori Barrotek bere konpartseroen argazkiak ipini zituen iaz txosnan eta Iruñan bezala Audientziaraino ailegatu da hau (Dignidad y Justicia ren salaketa baten ondoren). Espero dezagun Iruñan bezala aurrera ez egitea eraso hau. Benetan guretzako tamalgarria eta penagarria. Gure besarkada Txori Barroteko lagunentzako eta zuekin egongo gara eguenean Madrilen.
Azkenik argi guneak, ugari izan direnak, batzuk azpimarratu behar baditugu. Batzuk azpimarratu nahi genituzke:
- GASTRONOMIKOA. Aurten berriro ere parte hartzea gainditu dugu, urtero handitzen goaz: 265 patata tortilla, 55 bakailao saltsa gorritan eta 70 pil-pilean, 125 marmitako kazola eta 25 zezen buztan gisatu aurkeztu dira aurten! Aurten azpimarratu beharrekoa da 1) Euskal Herriko MARMITAKO lehiaketa bilbon egin izatea (hurrengo urteetarako ere), 2) aurten ere Italiatik Slow Food eko ordezkariak etorri direla gure txapelketara, eta nola ez, 3) gurekin batera lan egiten duten pertsonen izugarrizko lana ere eskertu beharrekoa da (Kepa Freire, Marko, Patxi,Borja, Kanito, Leo……).
- HIRI KROSA. Guztiz finkatuta dagoen ekimena da hau. 1500 pertsona baino gehiago parte hartu zuten lehiaketa honetan, izan ere dortsal barik ere gelditu ginen eta ala ere jendea parte hartzera animatzen zen!! Aipamen berezi bat egin gura dugu hemendik Jon Bilbaori, gurekin batera egiten duen lanagatik.
- PLANTO EGUNEKO EKITALDIA. Konpartsok oso pozik geratu ginen egun horretan egin genuen indar-jai erakustaldiaz, udaletxea sinbolikoki okupatu genuen, eta kristolako argazki polita ikusi ahal izan genuen. Konpartsa guztiak bat eginez gure jaiaren alde. Hain polita, hain alaia, hain indartsua,… Ala ere hurrengo urtean espero dugu berriro errepikatu behar ez izatea…
- KONPARTSA ZIGORTUAK ETA DEBEKATUAK presente egon dira. Inoiz baino gehiago. Txori Barrote eta Kaskagorri zigortzean hauen lana eta presentzia are-gehiago indartu da aurtengo Aste Nagusian, euren ametsak bizirik mantendu direlako, eta ez delako erraza izango amets hauek eta Aste Nagusiarekiko hartu duten konpromisoarekin amaitzea. Amets hauekin amaitu nahi izan duten pertsona asko haiekin egon dira ekitaldi ezberdinetan, egiten duten lan izugarria ikusiz eta txalotuz. Beraz, gure ustez udaletxetik planteatuta zegoen zigor eta marjinaziorako planak kale egin du!. Era berean Komantxeri txosna ipintzen ez uzteko plana ere ez zaie ondo atera, Komantxe konpartsa gaztea izango da, bai, baina lanean jarraitu dute eta jarraituko dute. Erabaki hauek berraztertu beharko dituzte zalantzarik gabe.
- Eta OROKORREAN, egunero, gauero txosnak leporaino egon direla. Batzuentzat konpartsok jai ureztatzaileak izango gara, baina jendartearentzat orokorrean Jaia gara eta jai onak egiten duguz. Jendartea egunero gurekin egon da, jaia eginez eta jaiaz gozatuz. Gainera, Aste Nagusia Defendatuz kamiseta nonnahi ikusi ahal izan da egunero; egunero milaka bilbotar eta bizkaitar gurekin batera Aste Nagusia Defendatzen ibili dira. Eskerrik asko emandako sostenguagatik. Zuongatik, jaia egiten dakigun heinean, jaia egiten jarraituko dugu