ASTE NAGUSI BEREZIA. JAI EREDU HERRIKOIA BULTZATUZ

2010eko abuztuaren 21a, arratsaldeko zazpirak. Urte osoko lanaren fruitua, txupinak markatuko du, Aste Nagusia martxan jarriz ta espero dugu, guztion gozamenerako festari hasiera emanez.

32 urte dira, 31 Aste Nagusi, 1978an sorturiko zorionezko zoramen honi hasiera eman zitzaionetik, 32 urte luze, mila pasadizo, milaka lan ordu, ta ahaztu ezinezko parrandak. Gaur hemen bildu garenak, 32 urte luze hauetan Bilboko Konpartsetako Jai Batzordea osatu izan dugunak gara, 32 urte hauetan Aste Nagusiaren alde, gure gogoa, gure lana eta jakintza debalde eman dugunak bildu gara. Zertarako? Aurtengoa Aste Nagusi BEREZIA izango denaren berri emateko, Aste Nagusiaren ereduaren alde lan egiteko, Aste Nagusia bultzatzeko.

78an sorturiko ereduan sinisten jarraitzen dugu. Eredu mixtoan sinisten dugu, udala eta konpartsen artean sorturiko jai ereduan. Eta 32 urte luze hauetan, eredu hori gainbeheran dagoela ohartarazi beharrean gaude.

  • Udalak eredu pribatu baterantzako joera agertzen duelako
  • Jai Batzorde Mistoa espazio informatibo hutsa bilakatu dutelako, Aste Nagusia kudeatzeko espazio gabe utziz
  • Jaietarako aurrekontuak modu larrian murrizten direlako
  • Konpartsak zigortu, antolatu beharreko ekitaldiak debekatu, eta konpartsa berriei muntatzeko baimena ukatu egiten zaielako
  • Adierazpen askatasuna kolokan jartzen delako bere egikaritza murriztuz, edo murriztu nahiaz
  • Jai egutegia arbitrarioki aldatzen delako, interes politiko eta bestelako interes ekonomikoei jarraika, Aste Nagusiaren ohiturei muxin eginez
  • etabar

Horregatik, jaien alde, eta jaiaren onuran pentsatuz, hurrengo jarduerak planteiatu ditugu, Aste Nagusi Berezia:

  • Adierazpen Askatasunean sinisten dugulako, konpartsen aniztasun koloretsuan, aurten KOLORE BELTZA gehituko dugu, ASTE NAGUSI BELTZA irudikatuz. Horregatik txosnen koloretan, txupinaren egunean, eta bestelako ekitaldietan aurten Beltzez azpimarraturik egongo dira, jaia sustatu nahi dugulako, baina baita ere, Adierazpen Askatasunaren eskaria zabaldu
  • Eta Abuztuaren 25ean, ASTEAZKENA, konpartsa guztiok PLANTOA egingo dugu, txupinetik txupinera, goizeko hamarretatik hurrengo eguneko goizeko hamarretararte. Egun honetan konpartsak Aste Nagusiko argazkitik desagertuko gara, jai alaia ta koloretsua ez da egongo, ez lehiaketa gastronomikoa, ez xake txapelketa, ez txosnarik, ez konpartsek antolaturiko kontzerturik, ez bertso bazkaririk… finean, ez dugu jaietan parte hartuko. Konpartsa gabeko jaiak zernolakoak izan daitezken irudikatu nahi dugulako, udalak eramaten ari duen politikak nora garamatzan irudikatu nahi dugulako, horrelako astakeriarik benetan gauzatu ez dadin

Konpartsentzako erabaki gogorra izan da egun batez jairik ez egitea, PLANTOA egitea, baina beharrezkoa delakoaren ustetan gaude, egoerak exigitzen digun erabakia. Egun horretan, ez gara presente egongo. Uste dugu jendarteak urteetan konpartsekin bat egin duen moduan, egun horren fundamentuarekin guztiz adoz dagoela eta bakoitzak bere erara konpartsen plantearekin bat egingo duela. PLANTO EGUNA horretan datza, horretan bakarrik, beraz lasaitu daitezela, Aste Nagusia berotu nahi duten pertsonaia politikoak

Gure erabakiaren irudikapen praktikoa Abuztuaren 25an, arratsaldeko 13:30etan Udaletxe aurrean egingo dugun agerraldian emango dugu, bertan erabaki hau hartzera eraman gaituen arrazoiei errepasoa eman eta guretzako egun honek zer suposatzen duen azalduko dugu. Egun horretara udaletxean gurekin egotera gonbidapena luzatzen dizuegu guztio.

Beste barik, Aste Nagusi berezi honek jaien aldeko indarrak batzera bideratu gaitzan espero dugu, konpondu beharreko arazoak konpontzeko gure prestasuna berreztuz, jai arrakastatsu eta zoriontsuak izateko gure nahia azalaratzen dugu. Jakin dezatela jai ereduaren kontra, Aste Nagusiaren kontra dauden guztiei modu alai, ezberdin, indartsu eta irmoan erantzungo diegula, utzi gaitzatela bakean, utzi dezatela Aste Nagusia bakean. 2.010eko Aste Nagusia Berezia izango den bakarra izatea espero dugu, eta hurrengoak berezi ordez, Mundialak izatearen alde lan ta bizi egingo dugu.

Guztion artean egindako jai batzuen alde, guztion gozamenerako, Bilboko Konpartsakek Bilboko herriari deia luzatzen dio gurekin lan egiteko orain arte ezagutzen eta gozatzen dugun Aste Nagusi hau bere hortan mantendu dadin.

Guztiontzako Aste Nagusi bat…

Ondo pasa jaietan.

GORA ASTE NAGUSIA!!

GORA MARIJAIA!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude