BILBOKO KONPARTSEK ERABAKI DUTE… ASTE NAGUSI EZBERDINA BULTZATZEA

Gaurko honetan azalpen oso berezi eta garrantzitsua luzatu nahi dugu, eta eskertuko genizueke ahalik eta fidelena den irakurketa publikatzea.

Ikasturte honen hasieran 2009ko aste nagusian gertatutakoaren inguruko irakurketa egin genuen eta ondorio argi bat plazaratu genuen: Bilboko Udaletxeak erabakitako bi konpartsen aurkako zigorrarekin beste batzuetan bezala urte luzeetan landu eta lortutako eredu herrikoi eta partehartzailearen aurkako jarrera argi bat ikusten genuen. Horrela azaldu genion ere Bilboko herriari eta atez ate gainera, buzoneo bat eginez eta galdera honekin: 2010ean Aste Nagusia izango dugu?

Eta galdera honekin batera irailetik maiatzera izugarrizko lan plangintza egin dugu bi helbururekin:

Alde batetik, adieraztea 78tik mantentzen eta lantzen den jai eredua gaur egun ere inoiz baino indar eta arrakasta gehiago duela. Jendarteak nahi eta disfrutatzen duen eredua dela. Eta ez dugula nahi eredu pribatizaturik, ez Bilbon ez beste inon. Eta eredu hau hobetzearen aldeko lana egiteko prest gaudela gure indar guztiekin.

Eta bestetik bide honetan udaletxe eta orbe politikotik jasotzen ditugun eraso guztien aurrean defendatzeko eskubidea dugula eta horrela egingo dugula, horretarako jai eragile guztien lan komuna erabiliz horrela beharrezkoa balitz.

Honen ondorioz aurten: santomasetan indar berezia egin dugu, inauteri izugarriak antolatu ditugu, jai herrikoien aldeko manifestua bultzatu eta zabaldu dugu eta azkenik lehenengo aldiz Euskal Herriko Jai Batzordeak elkartu ditugu eta sare bat osatzen hasi gara.

Eta lan guzti hauek egin eta gero ondorio bi atera ditugu:

  1. Udaletxeak ez du gure lana eta jai herrikoien aldeko jarrera onartzen
  2. Bilboko jendarteak konpartsen lana eta jai herrikoiak babesten dit

Bi ondorio hauek mahai gainean egonda eztabaidari ekin diogu Bilboko Konpartsetan Bai: zer egin dugun, zer lortu dugun, zer egoeran gauden, zer egingo dugun Aste Nagusi honetan… Eta aukera guztiak izan ditugu mahai gainean, guzti guztiak. Zoritxarrez erabateko plantoa ere mahai gainean agertu behar izan den aukera izan dugu. Zergatik? Bilboko Udaletxearen Azkuna alkatearen erabakiz, eta udaletxeko zinegotzi guztien laguntzarekin, lehenengo aldiz Bilboko Konpartsen Federazioa zigortu dutelako. Gure federazioko konpartsa biren muntaia debekatuz, gure zatiketa bilatuz eta ezagutzen ditugun jaiak boikoteatuz.

Argi gera dadila: Azkuna eta bere udaletxeko zinegotzi guztien erabakia ez dugu onartzen! Alegazioetan adierazi bezala ilegala iruditzen zaigulako eta are larriagoa dena, adierazpen askatasuna eskubidearen urraketa argia delako.

Baina gu ez gara haiek bezain arduragabeak. Guk badakigu Aste Nagusiaren garrantzia zein den Bilbo eta Bilbo inguruko herrientzat, eta Euskal Herri osoarentzat ere. Plano guztietan: programazioan, parte hartzean eta arlo ekonomikoan. Eta jakinda jendartea Bilboko Konpartsekin bat datorrela, guztion artean Aste Nagusi honetan Azkuna eta Bilboko Udaletxeko politikariei merezi duten erantzuna emango diegu.

Eta jaiak eginez emango diegu erantzuna! Uste dugulako gure potentzialitate osoa ikusiko dela Aste Nagusian. Eta garrantsitsuena: herriaren Aste Nagusia izango dugu, berriro ere beste urte batez! Baina oso argi gera dadila: ez dugu inolako zigorrik onartuko.

Beraz; aurtengo Aste Nagusia berezia izango da, jaitsiera berezia egongo da, txupin berezia egongo da, txupina baina txupin iluna, beltza. Beltza delako haiek nahi duten etorkizuna, eta justu kolore aniztasuna da gure ezaugarria, gurea, 29 konpartsetakoa eta guk nahi dugun koloretako Bilbokoa ere, beraz guk beltzaren bitartez irudikatuko dugu gure erantzuna, baina haien beltzari buelta emanez eta protesta moduan erabiliz. Eta beste gauza bat irudikatuko dugu ere: lehenengo aldiz Castañares alkatetik 24 orduz ikusiko dugu zer den konpartsarik gabeko Aste Nagusi bat. Plante eguna egongo da Aste Nagusi honetan, agerian utziko dugu ze hutsunea egongo litzateke konpartsarik gabe. Inoiz baino argiago geldituko da konpartson helburua ez dela batzuek instituzioetatik esaten duten moduan txosna ipintzea eta dirua irabaztea. Plante egun honetan politikariek ikusiko dute zer den Bilboko Konpartsen inguruan mugitzen den guztia. Eta are gehiago, jai herrikoien alde dauden tabernari eta merkatariei deialdia luzatzen diegu gurekin batera plante hau egitera. Horretarako bilera batetara deituko ditugu eta gure eskaera zuzenean luzatuko diegu datozen egunetan.

Eta noski: gure konpartsa guztien txosnen ateak irekita egongo dira Kaskagorri eta Txori Barroterentzat. Beraz, aurten Aste Nagusian egongo dira. Bai, bere esparrua izango dute!! Udaletxeak bi “gune beltz” ezarri ditu Arriaga atzean eta Areatzako kaian. Bale, hortxe egongo dira, haien arduragabekeriaren ikur izango dira… Baina inguruan guk eta 9 egun zoragarri horietan Bilbora hurbiltzen diren lagun guztiek erakutsiko diegu zelan egiten diren Euskal Herriko jai herrikoi eta arrakastatsuenak, 29 konpartsaren arteko lanarekin!

Eta ikasturtea amaituko dugu hasi genuen bezala: bilbotar guztien etxetara helduz, buzoneo baten bitartez gure irakurketa luzatuko diegu.

Eta ziur egon aurtengo Aste Nagusia ahaztezina izango dela guztientzat: Azkuna eta Bilboko zinegotzientzat, ikusiko dutelako izugarrizko hanka-sartzea egin dutela, konpondu ezina, eta herriarentzat izugarri ondo pasako dutelako/dugulako…baina jai herrikoien aurrerapauso bat emango dugulako guztion artean… Marijaiak bultzatuta noski!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude