2023ko “Bilboko jaien” egutegia aurkeztu dugu

2023ko Bilboko Konpartsen egutegia aurkeztu genuen asteazkenean BIRAn, ekitaldi jendetsu eta koloretsu baten bidez. Aurten Bilboko historia ezkutua eta istorio ezkutuak izan dira egutegiaren gaia, gure botxoaren 12 pasarte historiko eta kondairazkoak hartu ditugu gaitzat, herri ekimenaren eta herri irudimenaren erakusgarri, gure botxoaren historia ezaugarritu dutenak. Beste horrenbeste ilustrazio jasotzen ditu egutegi honek, konpartsakide ilustratzaileen eskutik. Denok musutruk hartu dugu parte testuak, irudiak eta diseinua egiten, eta salmentatik ateratako diruak, beti bezala, herri ekimen batentzat izango dira, kasu honetan Guggenheim Urdaibai STOP plataformarentzat.

Hamabi gai ezin aurkezpenera ekarri, eta hiruren testigantza izan genuen gonbidatuen bidez, hurrenez hurren, Begoña eta Deusturen anexioa, Aitor Argote begoñarraren eta Aitziber Olabarrieta deustuarraren eskutik, Santutxuko emakume zigarrogileen 1889ko greba aitzindaria Oiane Valero historia irakaslearen ahotik eta Bilboko XX. mende hasierako ikastola aitzindariak Pedro Zuberogotiak kontatuta.

Egutegiaren izena “Bilboko Jaien Egutegia 2025” da, eta ez da ahaztu zaigulako Aste Nagusia bakarra dela eta hori dela bere izena. Ez, Bilbon badira jai asko, auzoetakoak, eta Aste Nagusiaz gain, Bilboko auzoetako jai batzordeen Auzotarrok koordinakundearen eskutik, urte osoan zehar Bilbon izango diren auzoetako jaien datak jaso ditugu. Ilustratzaileei dagokienez, Antonio Cantero, Saioa Rebolledo, Ziortza Larreategi — Histerika Irudigintza, Unai Bergara, Maku Basabe, Ibon Elorrieta, Maitane Azurmendi, “La zurda”, Elena Murillo, Mamen Moreu, Aitor Suárez eta Iñaki Peña izan dira, bakoitzak hilabete bat ilustratuta.

Hemen duzue Uriolak aurkezpeneko irudiekin egindako bideo laburpena:

Datozen egunotan izango dugu egutegia erosteko aukera, 3 euroan, San Tomas egunean esaterako, baina bestela ere, astebururo 10:30etatik 14:00etara kalean izango gara egutegiak saltzen, larunbatetan Erriberako merkatuan eta, igandeetan, Sendejako tingladoetan. Euria.egitekotan, Plaza Barrian jarriko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude