Herri jaien bolondres lana aldarrikatu dute konpartsek Ticketbairen ezarpenaren aurrean
Aste Nagusiaren eta, oro har, jai herrikoien bideragarritasuna “kinka larrian” dagoela iragarri dute Bilboko Konpartsek, bertan TicketBai sistema ezartzen bada. Gaur eguerdian egindako agerraldian, irabazi asmorik gabeko jaiak egiteko bolondresen lana nabarmendu dute konpartsek, eta “enpresak balira bezala” tratatzea egotzi diote Bizkaiko Foru Ogasunari. TicketBai sistemaren ezarpenak, gainera, “azpiegitura, trebakuntza eta baliabide tekniko konplexuak eskatzen ditu”, txosnetan bolondresek nekez gauzatzeko modukoak. Iruzur fiskalaren kontrako jarrera berretsi dute, eta borondatea adierazi dute “bide alternatiboak bilatzeko, betiere jai herrikoien existentzia kolokan ipini gabe”.
Hau da Bilboko Konpartsen federazioaren izenean mintzatu diren Eneritz Enderikak eta Ioritz Varonak gaur irakurritako testua:
Aste Nagusiko azken egun honetan, lehiaketa gastronomikora hurbildu gara Bilboko konpartsok, jai herrikoien defentsan. Azken bederatzi egunak ederrak izan dira, ekintzaz bete dugu Bilbo, pertsona ororentzako jai eredua eraikiz. Jaiak antolatzeko jende asko aritzen gara urte osoan zehar lanean, eta Aste Nagusian bereziki. Gozamenez egiten dugu, herritik sortuak eta herriarentzat diren jaietan sinisten dugulako. Horregatik gure egiten dugu “Zaindu maite duzun jai hori” leloa, jaiak posible egiten dituen auzolana eta jaiak berak gure herriak dituen altxorrik preziatuenetakoak direlako.
Hori dela eta, oso kezkaturik gaude hainbeste ilusio eta lan ematen dituen eredua arriskuan dagoelako. Izan ere, TicketBai ezartzen bada, kinka larrian geratuko da jai askoren bideragarritasuna. Sistema horren bidez, Bizkaiko Ogasunak enpresak bagina bezala tratatzen gaitu. Argi esan nahi dugu ez garela enpresak, jende askoren lan bolondresak egiten duelako gure jarduna posible, eta ateratako diru guztia ez doalako inoren poltsikora, baizik eta jaien antolakuntzara, programaziora eta herrigintzako proiektu ugari sustatzera.
Sistema horren bidez, Ogasunak edozein enpresarekin parekatu gaitu, gure berezitasunak kontuan hartu gabe, agerikoa izan arren irabazi asmorik gabeko entitateak garela, bolondresen doako lan esku eta kudeaketarekin. TicketBaik, gainera, azpiegitura, trebakuntza eta baliabide tekniko konplexuak eskatzen ditu; enpresen, hau da, irabazi pribatuak dituzten entitateen kategoria berean kokatzen gaitu zergei dagokienez, eta horrek bideragarriezina egiten du bederatzi egun hauetan bizi dugun aste marabilloso hau. Hitz gutxitan, TicketBai sistema eta jai herrikoiak bateraezinak dira, hainbat auzo eta herritako jaiak arrisku larrian daude TicketBaik eskatzen dituen baldintzak ezin dituztelako bete, jai horien guztien atzean, esan bezala, lan bolondresa dagoelako, eta bolondresek nahikoa dute txosnetan egiten duten lan eskergarekin.
Konpartsok iruzur fiskalaren kontra gaude, eta borondatea adierazi dugu bide alternatiboak bilatzeko, betiere jai herrikoien existentzia kolokan ipini gabe. Ez dugu ahaztu behar iruzur fiskala ez dagoela konpartsetan edo jai batzordeetan, ez. Beste leku batzuetan aurkitzen da, moketa eta aire girotua duten bulego ederretan.
Guk herriarentzat eta herriarekin egiten ditugu jaiak, eta hori ez da negoziagarria, hau ez delako negozio bat, hau Bilboko Aste Nagusia da. Eta badakigu Aste Nagusia bakarra dela munduan, ez dezagun galtzen utzi.
Gora Aste Nagusia!
Zaindu herri jaiak!.