“Manteroekin bat” elkarretaratzea egin dugu
Udaltzaingoaren azken egunotako gehiegikerien aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die gaur arratsean manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean. Hauxe da, federazioaren izenean mintzatu diren Irati Cifuentesek eta Patricia Lezamak irakurritako testua:
Aste Nagusia hasi da eta, zoritxarrez, deialdi hau egin behar izan dugu egoera larri bat salatzeko. Ostiraleko prentsaurrekoan aipatu genuen moduan, Bilboko Konpartsetako kideok lanean ari gara txosnagune segurua bermatzeko, non pertsona guztiak ongi etorriak diren. Badirudi, baina, Bilboko udaltzainek ez dutela bat egiten gure helburuarekin. Berriro, egoera zaurgarrienean daudenen kontra jo dute. Manteroek, paperik ez dutenez, lan prekarioa egitera behartuta ikusten dute euren burua: kale gorrian, ordu txikietan… Eta, horrez gain, badirudi euren presentziak batzuei molestatzen diela. Askotan, Bilboren hiri eredua ikusleei zuzenduta dagoela dirudi, eta ez hiritarroi. Bilboko Konpartsok azpimarratu nahi dugu manteroak ere herritarrak direla eta lanean ari direla, beraz, gainontzeko herritar eta langileen eskubide eta errespetu bera jaso behar dute.
Horren guzti horren harira, biziki salatu nahi dugu udaltzaingoak manteroekiko daukan jarrera. Gertakari zehatzak zerrendatu ahalko genituzke, asko baitira manteroen aurkako oldarraldiak. Hizkera bortitza, haien salmentarako materiala eta, batzuetan, haien gauza pertsonalak kentzea, identifikazioak… Urte osoan zehar gertatzen dira horrelakoak tamalez, baita Aste Nagusian ere. Bilboko Konpartsoi onartezina iruditzen zaigu udaltzainek daukaten jarrera oldarkor eta bortitza, eta nabarmendu nahi dugu jarrera hori erabaki politiko batek babesten duela.
Jai gunea, adierazpen gunea
Bestalde, argi dago gure mezuak ez zaizkiela gustatzen, hasieratik ari baitira isildu nahian. Manteroren pankartetatik hasita, euskararen eta Palestinaren aldeko eta erasoen kontrako hainbat pankarta kendu dituzte, eta ezin dugu onartu, inolako aitzakiarik gabe, gu isildu nahi izatea. Jai gunea adierazpen eta aldarrikapen libreen gunea izan da beti eta hala segi dezan defendatuko dugu.
Era berean, elkartasun osoa bidali nahi diegu gure artean dabiltzan manteroei. Adierazi nahi diegu jaigunea espazio segurua dela eta haien aurkako indarkeria salatzeko ondoan izango gaituztela. Bada denbora elkarlanean ari garela SOS arrazakeriarekin, Mbolo Moye Doole sindikatuarekin, Ongi etorri errefuxiatuakekin eta bestelako elkarteekin, udaltzaingoaren aurrean tinko eutsi eta jaiak guztiontzako leku atsegin eta segurua izatea lortzeko. Argi dagoenez, udaltzaingoak ez du horretarako lan egin nahi.
Guk argi daukagu, eta beharrezkoa den guztietan esango dugu. Utzi manteroak bakean. Bilboko konpartsak manteroekin bat!
Gora Aste Nagusia!.