Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomikoa aurkeztu dugu

Gaurko agerraldian Erriberako Merkatuan aurkeztu dute konpartsek lehiaketa gastronomikoa. Erabilera librea.

Badator Aste Nagusia, eta baita jai aste horretako eskaintza gastronomikoa ere. Dena berritzen den bezala, gure ohiko Lehiaketa Gastronomikoa ere urtero berritzen da, eta nobedade eta produktu fresko batzuk dakartzagu. Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Konpartsek aurtengo gastronomikoaren programazioa, Erriberako Merkatuan egindako agerraldian. Idoia Ugaldek eta Txema Sánchezek eman dituzte lehiaketaren inguruko azalpenak, konpartsen federazioaren izenean.

Beti bezala, hilaren 19tik 24ra bitartean, astelehenetik zapatura, Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomiko herrikoia izango dugu, Areatzako lurrean bertan, gasarekin kozinatutako plater gozoenak saritzekoa. Astelehenean pisto % 100 begetala izango da, janari jasangarri eta osasungarria aldarrikatzeko konpromisoaren eskutik. Lehiaketan aurkezteko, garrantzitsua da arrautzarik gabeko platera izatea. Martitzenean patata tortilla lehiaketa ospetsua izango dugu; eguaztenean, txipiroiak tintan; eguenean, sukalkia; barikuan, bakailaoa pil-pil eran; eta zapatuan, ohi bezala, marmitako txapelketa izango da. 

Azken domekan, abuztuaren 25ean, pasta lehiaketa herrikoia izango da, gastronomia lehiaketatik kanpokoa, baina sariak izango dira ere, txapelak, garaikurrak eta sari ekonomikoak, ohi bezala. Zezen buztana desagerrarazi dugu eta pasta lehiaketa aukeratu, hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, jaien izaera herrikoia babesteko, sukaldarien aniztasuna bermatuz eta txapelketa denon eskura jarriz. Pasta munduko txoko guztietan kozinatzen da, era ezberdin askotan, eta makarroi plater gozo-gozo bat izan dezakegu 10 minututan, baina baita mimoz prestatutako delicatessen gutizia bat ere. Hori dela eta, Aste Nagusiko azken zapatuaren ostean indarrak berreskuratzeko, txapelketan parte hartzera animatu nahi ditugu Bilbo eta inguruko sukaldari eta pastazale guztiak.

Konpartsen federazioaren izenean mintzatu dira Idoia Ugalde eta Txema Sánchez. Erabilera librea.

Lehenengo domekan, 18an, goizean zehar, barazki parrillada solidarioa izango da Areatzan. Beste parrillada solidario bat ere izango da bertan Aste Nagusiko bigarren zapatuan, 24an, hegaluze parrillada. Horrez gain, Aste Nagusian zehar, beste hainbat ekintza gastronomiko izango dira, hala nola baserritarren Gure Lurreko Merkatua, ardo dastaketak eta hainbat tailer, beste batzuen artean, kontserba eta koktel tailerra (programazio osoa app.bilbokokonpartsak.eus web aplikazioan).

Umeentzat ere, ekintza gastronomikoak izango dira goizeetan, gastrotxikia, hain zuzen ere. Areatzan izango da, astelehenean (19), eguaztenean (21), barikuan (23) eta domekan (25).

Ezin ditugu Aste Nagusiko eskaintza gastronomiko aberatsa errazten diguten babesleak aipatu gabe utzi: Erriberako Merkatua, BM, Eusko Label, MercaBilbao, Bizkaiko Txakolina, Euskal Sagardoa, Coca Cola, Zazpikaleetako Merkatarien Elkartea eta, laguntzaile gisa, Bilboko Udala.

Informazio gehiago:

Lehiaketaren orrialdea webgunean.

Gastronomikoaren eskupapera (PDF). Hemen aurkituko dituzue arau eta xehetasun guztiak.
Gastronomikoaren errezetak (PDF). Lehiaketako plateren errezetak, parte-hartzea sustatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude