2024ko Aste Nagusiko txosnak muntatzen hasi gara
Aste Nagusirako 10 egun falta dira, eta Bilbo osoa jairako prestatzen ari da. Bilboko Konpartsetako aktibistek astebete pasatxo dute 27 txosna eraiki eta bilbotarrei barrak eta eszenatokiak irekitzeko.
Konpartsen izenean aritu diren Aritz Zabalak eta Josu Fernándezek azaldu dutenez, Aste Nagusirako 10 egun falta dira eta Bilbo osoa jairako prestatzen ari da. Hiribildu osoko tabernari, sukaldari, aktore, garbitzaile, ostalari, lorezain, gidari eta dendariak, besteak beste, dena prestatzen ari dira Marijaiari harrera egiteko. Konpartsakideak ere horretan gaude. Urtero bezala, konpartsakideek arnesak eta kaskoak jantziko dituzte Areatza izango den jaigunean 27 txosna eraikitzeko. Horretarako, 400 bat konpartsakideren artean, 110.000 kilotik gora mekanotubo, 1.500 panel inguru eta 1.000 litro margo baino gehiago erabiliko dituzte bilbotarren eta bestelako parrandazaleek gozatzeko barrak, sukaldeak eta eszenatokiak izango direnak prestatzeko.
Txosnak izango dira behin-behineko herrixka ez utopiko hau osatuko duten etxeak eta, bertan, bilbotarrek eta inguruko bisitariek jateko, edateko, ikasteko eta gozatzeko eskaintza zabala aurkituko dute. Astelehenean aurkeztutako programazioan aurkituko duzue konpartsek eta Federazioak antolatutako 600 ekintza baino gehiago; batzuk aipatzearren, kontzertuak, kirol txapelketak, umeentzako tailerrak, gau musikal tematikoak, xake lehiaketak, bakarrizketa umoristikoak, dantza tailerrak eta bertsolaritza emanaldiak (programazio osoa app.bilbokokonpartsak.eus web aplikazioan).
Bestalde, txosnak eta, orohar, txosnagunea, aterpe gozoak dira, edozein eratako indarkeria matxista, arrazista, homofobo, xenofobo, lodifobo edo euskarafoboaren aurrean babesa aurkitzeko toki seguruak. Bertan, ez dugu erasorik onartuko, eta irudi hori transmititu nahi dute txosnek ere. Konpartsa bakoitzak bere txosnaren apainketa baliatzen du bere kezkak eta aldarrikapenak ezagutzera emateko, ironia eta irudimena baliatuz. Hori dela eta, herritar orok txosnarik baldarrena eta apainena bozkatzeko aukera du, Eulia eta Kanpaia sarietan.
Txosnetan, pertsona askoren indarrek bat egiten dute; milaka lagun, boluntarioki, txosnagunea eraikitzeaz, dekoratzeaz eta kudeatzeaz arduratzen dira, eta gero, beste 9 egunez, txandak egingo dituzte, Aste Nagusia posible izan dadin.
Aste Nagusia gizateriaren ondasun immateriala da, jarduera ekonomikoa sortzen du eta irribarreak eta ilusioa eragiten ditu. Horiek, ezin dira eurotan neurtu, eta ihes egiten dute burokratek mundua ulertzen duten kalkulu orrien zeldetatik. Hori dela eta, konpartsen txosna autogestionatuak eta eszenatoki xumeak dira jai herrikoiak eta partehartzaileak izaten jarraitzeko behar dugun azpiegitura.
Aurten, ongietorria egingo diogu Txinparta Feminista konpartsari eta Arriaga plazan jarriko duen txosnari. Txinpartak denbora luzea darama Bilboko Konpartsetan buru-belarri lanean, eta txosna muntatzeko gaitasuna eta gainerako konpartsekin elkarlanean primeran moldatzeko borondatea erakutsi ditu. Datozen hiru asteetan, auzolanaren erakusgarri izango dira, besteekin batera. Kontziente gara esfortzu, lan eta borondate handia behar direla txosnak eta Aste Nagusia eraikitzeko, baina esperientzia neketsua bezain polita da. Hortaz, borondatezko espiritu parte-hartzailea duten pertsonak zein taldeak konpartsetan eta Federazioan parte hartzera animatzen ditugu.