2024ko Txupinera eta Pregoilaria aurkeztu dira gaur
Gaur aurkeztu dira ofizialki Bilboko Aste Nagusiko Txupinera eta Pregoilaria, Nagore Ugarte eta Itziar Ituño, udaletxean prentsaren aurrean gaur goizean egin den agerraldian. Jai Batzorde Mistoko Presidente Itziar Urtasun zinegotziak aurkeztu ditu Marijaiarekin batera protagonistak izango diren bi emakumeak, eta nabarmendu du aste bi baino ez direla falta Aste Nagusiaren 44. edizioa heltzeko.
Duela aste batzuk iragarri zen nortzuk izango ziren jaietako ikur hauek jokatuko dituzten bi emakumeak, baina gaur, uniformea jantzita, haiekin egoteko aukera izan dute hedabideek.
Itziar Ituñok aurkezpenik behar ez duela esan du Urtasunek. Aktore moduan aspalditik ezaguna da Ituño euskaldunontzat, ETBko Goenkale seriean jokatu zuen rolagatik, eta azken urteotan, Urtasunek aipatu duen moduan, nazioarten ospea hartu du La casa de papel eta udaletxean bertan filmatu zen Intimidad serieengatik.
Nagore Ugarte Ruiz bilbotarra, bestalde, Txupinera moduan aukeratu dute Bilboko Konpartsek. Zorrotzakoa da, irakaslea, eta bere auzoko Txinbotarrak konpartsan ibili da sorreratik. Urtasunek eskerrak eman dizkio Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteari, bion jantziak egiteagatik.
Bilboko Konpartsen izenean Mintzatu den Jone Fernandezek txupineraren figuraren jatorria ekarri du gogora, izan ere, Txupineraren figura Aste Nagusiarekin eta jai-eredu herritarrarekin batera sortu zuen 1978an lehendabiziko Jai Batzordeak. Berreskuratu zuen, zehatzago, garai batean emakumezko udal funtzionario batek betetzen baitzuen rol hori: txupinen bidez bilbotarrei gertakari garrantzitsuen berri ematea.
Aste Nagusiko txupinera emakumezko konpartsakide bat da beti, zozketaz erabakitzen da urte bakoitzean zein konpartsari dagokion txupinera bere baitan izendatzea eta, aurten, ohore hori izango duena Nagore Ugarte izango da.
Fernandezek gogorarazi duenez, Aste Nagusiari hasiera emateko txupina -eta ez txupinazoa- jaurtiko du Nagorek Arriagako balkoitik, baita, ondoko egunetan ere, goizero 10:00etan, bilbotarrak esnarazteko. “Gainera, Pregoilariarekin batera bikote banaezina eginez, hainbat ekitalditan ikusiko dugu Aste Nagusi osoan, askotan Marijaiak lagunduta. Ziur gaude konpartsakide eta bilbotar guztiok ederto ordezkatuko dituztela, bai Nagorek, bai Itziarrek”, gehitu du Bilboko Konpartsak Federazioko kideak.
Nagore Ugartek azaldu du jada askotan galdetu diotela zer sentitzen den Txupineraren rola hartuta. “Ohorea izango da”, esan du. “Urduri nago, baina oso hunkituta, azken finean bilbotar batentzat eta, are gehiago, konpartsakide batentzat Txupineraren rola oso inportantea delako. Nire izena publiko egin zenetik jende asko hurbildu zait musuak eta besarkadak ematen eta argazkiak eskatzen… Itzela da Txupinera izatea eta saiatuko naiz jendearen ondoan egoten, azaldu du.
Ugartek gehitu du Bilboko Konpartsetan “izugarrizko lana” egiten dela, “ez bakarrik Aste Nagusian, urte osoan pila bat ekitaldi egiten dira”, eta jendea animatu du Bilbora etortzera: “Aste Nagusiko programazioa oso zabala da eta aukera dago guztiontzat. Jai herrikoiak dira, herritik herriarentzat sortuak eta guztiok modu askean disfrutatzeko aukera izan behar dugu”. Era berean, Ugartek gehitu du Aste Nagusian ez dela “inolako erasorik onartuko” eta gogoratu du Bilboko Konpartsetan badagoela erasoen aurkako taldea eta protokoloa: “Ez da inor gure babesik gabe geratuko”, gehitu du.
Itziar Ituñok, bere aldetik, azaldu du ez dakiela nola adierazi une honetan sentzitzen duena. “Basauritarra naiz baina Solokoetxen jaio nintzen, beraz, nire parte bat ere bilbotarra da. Bilbo da nire herrialdearen hiriburua, nire lekua munduan. Txikitan munduko hiririk handiena iruditzen zitzaidan”. Pregoilaria izatea “bizitzan aukera bakarra” dela esan du: “Bihotzez oso eskertuta nago konpartsekin nire izena proposatzeagatik eta Bilboko Uriarekin. Bilbo osoak besarkatzen nauela sentitu dut”, gehitu du aktoreak.
Kazetarien galderei erantzunez, izendapena “norbere lurrean profeta izatea da, eta hori oso gutxitan gertatzen da” dela esan du Ituñok. Gogoratu du garai batean beti etortzen zela, “gehienbat gauez”, eta jaia barrutik eta egunez egun bizitzeko aukera izatea “oparirik onena” dela azaldu du Ituñok.