Bilboko Konpartsen erantzuna zenbait kulturgilek “betoen kontra” sinatutako agiriari
Bilboko Konpartsok, duela pare bat aste hainbat artistak “betoen kontra” sinatutako manifestuaren harira, erantzun bat emango dugu agiri honekin. Orain arte, kontu hau modu pribatuan tratatu izan dugu, gatazka ez elikatzeko, interes mediatiko artifizialik ez sortzeko eta gure indar guztiak data hauetan nahiko estua den gure ohiko agendara bideratu ahal izateko. Nolanahi ere, azken asteetan, erantzun bat emateko beharra sumatu dugu, galdetu diguten hedabide eta norbanakoen zalantzak argitzeko. Kontziente gara erantzuna denboran luzatu egin dela Bilboko Konpartsetan erabakiak modu asanblearioan hartzen ditugulako, konpartsa guztien iritziak entzuten, eta, gainera, nork bere denbora librea jai herrikoien antolakuntzari eskaintzen dioten pertsona boluntarioez osatuak gara.
Bilboko Konpartsak Federazioa bilbotar guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Askotariko mugimenduen aterpe heterodoxoa izan da beti, eta izango da. Azken hilabeteetan, nolanahi ere, hori zalantzan jarri nahi izan du Bilboko Konpartsen barne mailako kontu batek: Federazioaren kide izateko Luberri konpartsaren eskaerari azaroan emandako ezezkoaren aurrean izan diren akusazioak. Horren aurrean, kontua argitzen lagunduko duten ideia hauek nabarmendu nahi ditugu:
Bilboko Konpartsak Federazioa erabakiak hartzeko organo burujabea da, eta bere erritmoak eta bideak ditu erabakiak hartzeko. Erabaki horiek modu kolektiboan hartzen dira, kide diren konpartsen arteko asanbladan. Konpartsa bakoitzak modu burujabean bere postura erabakitzen du eta gero 27 konpartsek asanbladan elkartuta adosten dituzte erabakiak, betiere estatutuek ezarritako prozeduraren baitan. Esaterako, Federazioan konpartsa berri bat onartzeko aurrez zehaztutako prozedura batzuk daude adostuta, urrats, epe eta baldintza zehatz batzuekin.
Sarbide eskaera bat jaso zen 2023 hasieran, Luberri izeneko talde eratu berri baten partetik, eta konpartsa guztiek sartzeko bete behar dituzten baldintza berak betetzea eskatu zitzaien, besteak beste:
- Konpartsa zirela erakusteko, besteak beste, kide kopuru jakin bat izatea.
- Bilboko Konpartsen balioekin (euskararen normalizazioa, ekologismoa, eta feminismoa, batzuk aipatzearren) bat egiten dutela erakustea.
- Bilboko Konpartsen federazioaren eremu anitz eta partehartzailean aritzeko gai direla erakustea. Adibide zehatz batzuk jartzeko, konfidantzan oinarritutako barne harreman onak eta denetariko iritziak dituen jendearekin elkarlanean aritzeko gaitasuna erakutsi behar zuten.
2023ko azaroan egindako urteroko batzar orokorrean, Bilboko Konpartsek (27 konpartsen ordezkariek) baloratu zuten talde berriak Federazioan onartua izateko baldintzak betetzen ote zituen. Asanbladaren gehiengoak erabaki zuen momentuz ez zituela betetzen. Konpartsa bakoitzak bere ikuspuntua eta arrazoibidea emateko aukera izan zuen, eta erabakia modu asanblearioan hartu zen. Azpimarratu nahi dugu konpartsa bakoitzak erabakiak hartzeko autonomia duela, eta iritziak emateko eragile burujabeak eta zilegiak izanik, inoiz ez ditugu erabaki horiek zalantzan jarriko eta ez dugu horietan esku-sartzerik onartuko. 27 konpartsetako bakoitzak hartutako erabakiek, elkartuta, markatzen dituzte Federazioaren erabakiak, eta uste dugu jokabide horrek beti ezaugarritu duela gure izaera. Federazioak ez ditu epaitzen konpartsa bakoitzak izan ditzakeen posizioak eta argudiaketak.
Modu horretan hausnartu eta eztabaidatu ostean, konpartsek erabaki zuten momentuz, ez zela ikusten Luberri konpartsa Federazioan sartzea, baina Bilboko Konpartsen edozein jardueratan parte hartzea librea izanik, horretara animatu zituzten. Hori dela eta, azaroko Asanblada Orokor hartan erabakitakoaren arabera, ulertu genuen bidea hori izango zela: elkar ezagutzea, espazioak partekatzea, jaiak elkarrekin gozatzea… Eta Luberriren esku geratuko zela, nahi bazuten, Federazioan sartzeko eskaera berriro egitea, berriro aztertua izan zedin. Azaroko asanblada harez geroztik, ez dugu jaso Luberriren aldetik beste sarbide eskaerarik. Horren ordez, berehala, beto akusazioa jaso genuen haien partetik.
Era berean, lehengoan aurkeztutako manifestua Bilboko Konpartsen betoa dagoela dioen baieztapenetik abiatzen da, eta guk erabat ukatzen dugu hori. Azpimarratu nahi dugu betoa leporatzen digun manifestua sinatu duten kulturgileak ez direla Bilboko Konpartsen Federazioarekin harremanetan jarri gure ikuspuntua kontrastatzeko, federazioarekiko eta bere ibilbidearekiko gutxieneko begiruneak eskatuko lukeen moduan.
Horren aurrean, honako hau argi utzi nahi dugu: Bilboko Konpartsetan kide gehiago onartzea Federazioaren erabaki burujabea da. Horrek ez du esan nahi jai herrikoietan parte hartzeko betorik dagoenik, ez ditugu akusazio horiek onartzen. Bilboko Konpartsak ez dira barra bat muntatzeko baliabide soila, hori egiteko beste hainbat aukera eta esparru daude eta. Bilboko Konpartsak urtean zehar jai herrioiak bultzatzeko esparru bat da, gure balio anitzak mundura proiektatzekoa eta askoren artean adostutako ekimenak bultzatzekoa. Horren haritik, ez dugu onartuko Bilboko Konpartsak ideologia zehatz baten mende gaudela dioen akusazioa; Federazioa ideologia anitzeko proiektu sozialak sostengatzen dituzten konpartsen elkargunea da, hala nola feminismoa, euskaltzaletasuna, antiespezismoa, antimilitarismoa, hainbat auzotako girotzeaz arduratzen diren konpartsak, eta abar.
Bilboko Konpartsen federazioak, boluntarioek bultzatutakoa, bere erritmoak eta jarduteko era propioak ditu. Batzuetan asmatu eta beste batzuetan erratu egin gaitezke, baina ez dugu inoiz onartuko zalantzan jartzea gure autonomia, geure kideek erabakiak hartzeko eskubidea eta Federazioaren aniztasuna. Harro gaude eztabaida luzeak izan dituen eta kontraesanak gainditzeko eta egoera eta errealitate bakoitzera moldatzeko gai izan den gure Federazioaz. Gure zeregina jaiak giro onean eta anitzean antolatzea da, ez ordea bertakoen arteko gatazka politikorako gunea izatea, eta giro on eta anitz hori jarraituko dugu zaintzen. Hori dela eta, elkarlan osasungarrirako borondatea eta prestasuna erakusten duten eragileekin eta gure baloreak errespetatzen dituzten elkarte, talde eta organismoekin elkarlanean jarraituko dugu, eta hori ziurtatzea da Bilboko Konpartsen asmo nagusia.
Hiri eta herri. Gora jai herrikoiak!