Jai herrikoiak arriskuan Batuz-Ticketbai sistemaren aurrean
Bizkaiko jai herrikoien aldeko mugimenduko jai-batzordeek indarrak batu dituzte Bizkaian Batuz-Ticketbai sistema ezartzeak gure jai herrikoietan eragingo lituzkeen eragozpenak salatzeko. Horren eragin kaltegarriena jai-batzorde txikienek sufrituko lukete, auzokide boluntarioek esfortzu handiz aurrera ateratzen duten jaietako programazioa arriskuan jarriz. Gaurko agerraldian bildutakoek erakundeak animatu dituzte erraztasunak eman ditzaten eta eskatu diete zerga-normalizazioak eta iruzurraren aurkako lana “aitzakia gisa erabili ez dezaten herriaren esfortzuz sortutako txosnen jai ereduarekin amaitzeko”.
Hau da gaurko agerraldian Nerea Zuloagak (Auzotarrok) eta Iñigo Iglesiasek (Bilboko Konpartsak) hainbat jai-batzorde herritarren izenean irakurri duten testua:
Jai herrikoiak eta txosnak, gizarte eredu
Bizkaiko auzo, herri eta hirietako jai herrikoien garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Gure lurraldeko edozein txokotan ohikoak dira jai herrikoiak eta txosnak, bertan errotuta baitaude. Horien atzean, jaiak adin eta gustu guztietako auzokideentzako programatzen ahalegina egiten duten kolektibo ugari daude. Bizkaiko txosnek aukera ematen dute herriak eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hori modu autogestionatuan garatzeko, baita erakunde politiko eta ekonomikoen menpe ez egoteko independentzia ekonomikoa izateko ere.
Hala ere, badira eragile zehatzak herriko jaiak eta txosnak desagertzea edo ahalik eta gehien murriztea bilatzen dutenak.
Horregatik, publikoki berresten dugu:
1 – Jai-gune edo ekitaldien inguruko txosnak denboraren joanean inork gutxik egin duen bezala iraun duen borondatezko eta auzokideen arteko lankidetzaren eta lanaren adibide dira.
2 – Funtsezko jai-erreferentzia ere badira. Bai Aste Nagusian, baita Bizkaiko herri eta auzoetan ere; txosnak festaren adierazle dira, eta auzokideen eskutik gorputza eta izaera ematen diete jaiei.
3- Txosnek ez dute jai herrikoiak antolatzeko bakarrik balio; izan ere, lan sozialari, amankomuneko eta borondatezko lankidetza eta ahaleginari esker, urte osoan zehar gizarte, kirol, kultura eta bestelako hainbat jardueraren euskarri ere badira. Txosnengatik ez balitz, jarduera horietako asko desagertu egingo lirateke.
4- Horrela, jai herrikoiak gizarte-inbertsioaren eta herri-eraikuntzaren benetako adibide dira: auzolan eta elkarlan-jarduera inbidiagarria egiten da, baita, beren baliabideetatik sortzen diren ekimenak garatu ere.
5 – Jai herrikoiak eta txosnak babestu beharreko jai eredu baten oinarrietako bat dira, herriaren gehiengo zabalak partekatzen dituen kultura-balioen transmisore baitira.
Horregatik guztiagatik, udal, foru aldundi eta lurraldeko gainerako erakunde guztiak animatzen ditugu, herriko jaiak eta txosnak egon eta ezar daitezen erraztasunak eman ditzaten. Indibidualismotik eta irabazi-interes hutsetatik urrun, guztion ahaleginaren eta borondatezko elkarlanaren adibide dira, gure gizarte-sarearen onerako.
Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendu nahi gatzaizkie, BATUZ-TICKETBAI sistemaren ezarpenaren testuinguruan. Zerga-normalizazioak eta iruzurraren aurkako lanak (gehienok ulertzen dugun zerbait) ez lukete aitzakia izan beharko txosnen jai ereduarekin amaitzeko. Ez litzateke traumatikoki deuseztatu beharko gizarte honek hainbeste denboran jai-giroan eraiki duena. Ziur gaude gure herri eta hirien alde eta borondate onez posible dela.
Bizkaiko jai herrikoien aldeko mugimendua.